Ane Eslava
Loaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta loaren espezialistek dibulgazioa egiteko eta gizartea kontzientziatzeko baliatu nahi dute. Horietako bat da Elena Urrestarazu, Nafarroako Unibertsitatea klinikako neurologo eta neurofisiologoa (Soraluze, Gipuzkoa, 1972). Urrestarazuk azaldu du egungo bizi erritmo azkarra dela-eta loari garrantzi “gutxiegi” ematen zaiola: “Sobera dugun denbora eskaintzen diogu”. Ondorioz, gero eta jende gehiagok ditu loarekin lotutako arazoak. Horregatik, loa zaintzeko neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du.
Zergatik da garrantzitsua ongi lo egitea?
Epe laburrean, gaizki lo egiten badugu edo loarekin loturiko arazoren bat badugu, nekatuago egongo gara, eta, ondorioz, suminkor egongo gara, kostatu egingo zaigu kontzentratzea, oroimen okerragoa izango dugu… Epe ertain eta luzean, berriz, ikusten ari gara gaizki lo egiteak gaixotasun larri batzuen arriskua handitzen duela: hipertentsio arteriala, miokardio infartua, iktusa, immunologia arazoak eta baita minbizia ere.
Zer da ongi lo egitea?
Helduek, oro har, zazpi eta zortzi ordu artean lo egin behar dute. Halere, hori aldatu egiten da pertsona batetik bestera, eta bakoitzak ikusi behar du zenbat ordu behar dituen. Zortzi ordu lo eginda hurrengo egunean nekatuta bazaude, horrek esan nahi du ez duzula ongi edo nahikoa lo egin. Aldiz, sei ordurekin ongi sentitzen bazara, ez baduzu insomniorik, ordu horiekin nahikoa duzu. Orduez gain, faseak daude: lo sakonaren faseak indarberritzen du gehien, gauaren lehenbiziko orduetan ematen denak. Azaleko loak ez du horrenbeste indarberritzen. Eta hori asko aldatzen da adinarekin: pertsona adinduek gutxiago lo egin behar izaten dute, eta haien loa ez da sakona.
Garrantzitsua da loa zaintzea?
Bai; garrantzitsuena ez baita ordu kopurua, loaren kalitatea baizik. Ez badugu loa zaintzen, ordu asko eman ditzakegu lotan, baina kalitaterik gabeko loa izango da, eta ez gara deskantsatuko.
Zer egin behar dugu?
Ohera joan aurreko orduetan lasai egon behar dugu: gauza lasaiak egiten, gailu elektronikorik erabili gabe, eta argi gehiegirik gabe. Gauza horiek oso garrantzitsuak dira sakon lo egiteko. Bestela, buruaren hiperaktibitateak ez dio utziko burmuinari desaktibatzen, loa sakona izan dadin. Lokartuko zara, baina zure buruak oso aktibo jarraituko du, eta erraza izango da berriz esnatzea.
Zeintzuk dira loarekin lotutako gaixotasun nagusiak?
Gaur egun dugun arazo nagusia da loaren higiene falta izenaz ezagutzen dena: denbora gutxi eskaintzen diogu loari, eta ez dugu betetzen inolako araurik lo egiteko; oso ohikoa da hori. Hori egiten duten pertsonak nekatuta egoten dira; badirudi loaren arazoren bat dutela, baina ez: haien arazoa da ez dutela loa zaintzen. Bestela, ohikoena insomnioa da: oso ordu gutxi eta gaizki lo egitea, eta hurrengo egunean gaizki egotea. Gaur egun, jende askok du insomnioa. Horren ondotik doaz loaldiko apnea eta atsedenik gabeko zangoen sindromea; horiek ere nahiko ohikoak dira. Eta horien atzetik doa gauean jokaera arraroak izatea; adibidez, haurren kasuan, ohikoak dira somnanbulismoa eta gaueko izua.
Badira egunerokoa asko baldintzatzen duten beste gaixotasun larriago batzuk, ezta?
Bai. Narkolepsia, adibidez, oso ezohikoa da, baina asko baldintzatzen du egunerokoa. Gaixotasun hori duten pertsonak edozein tokitan lokartzen dira: siesta laburrak egiten dituzte, haientzat oso indarberritzaileak direnak. Edozein tokitan gera daitezke lo: autoa gidatzen, azterketa bat egiten… Eta gauez ere gaizki egiten dute lo.
Loaren gaixotasunek zaildu egiten dute gaixoen bizimodua?
Bai; gaixotasunaren larritasunaren araberakoa da, baina, orokorrean, gaixoaren bizitza erritmoa asko jaisten da: haren burmuinaren jarduera murriztu egiten da, eta askoz gehiago kostatzen zaio zerbaitetan arreta jartzea. Horregatik, eguneroko edozein jarduera egiteak ahalegin handia eskatzen dio. Gogorra da gaixoarentzat.
Zer faktorek eragiten dituzte loarekin lotutako gaixotasunak?
Horri erantzutea zaila da. Lo egiteko, burmuinaren zati batzuk desaktibatu behar dira, eta beste batzuk aktibatu, eta oreka hori zuzena ez denean hasten dira arazoak. Insomnioaren kasuan, batzuetan hormonen aldaketengatik izaten da; beste batzuetan, antsietate edo depresioarengatik… Eta, askotan, arrazoi jakin batengatik hasten zara gaizki lo egiten —adibidez, haur jaioberri bat duzunean, gauez lo gutxi egiten duelako—, eta, gero, arrazoi hori desagertu denean ere, zuk gaizki lo egiten jarraitzen duzu; arazoa kroniko bihurtzen da. Loaren apnea, berriz, ohiturekin lotua dago: gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin. Fisionomiarengatik ere sortzen da batzuetan; mingaina edo amigdalak handiegiak izateagatik, adibidez.
Zer tratamendu erabiltzen dira gaixotasun horientzat?
Loaren tratamenduetarako asko jotzen da piluletara, baina, arazoa kronikoa denean, pilulak ez dira aukerarik onena; hobe da psikologoengana joatea eta loaren higienerako neurriak hartzea.
Zer neurri dira horiek?
Batetik, ez egotea denbora gehiegi ohean esna; hogei minutuan ez bazara lokartu, hobe da jaikitzea, burutik kentzeko ohean esna denbora gehiegi egotearen sentsazioa. Bestetik, positiboa izan daiteke espezialista batengana joatea eta harekin ikastea nola egin behar den lo, horrek lasaitzen gaituelako; terapia kognitiboa da hori. Azkenik, erlaxazio teknikek ere laguntzen dute. Baina gakoa da hainbat teknika batera erabiltzea.
Egungo bizi erritmoarengatik ugaritu dira loaren arazoak?
Bai; gaur egun, behar dugun baino lo gutxiago egiten dugu, eta gero eta jende gehiagok ditu loarekin lotutako arazoak. Izan ere, bizi erritmo azkarregia daramagu, eta, gaua iristean, ezin dugu erritmoa jaitsi.
Duena baino garrantzi gutxiago ematen zaio loari, beraz?
Bai. Egun osoko plangintza egiten dugu, egin beharrekoak egiten ditugu, eta sobera dugun denbora eskaintzen diogu loari; baina hobeto planifikatu beharko genuke loa. Lehen, oinarrizko zerbait zen lo egitea; orain, luxu bat da.
Halere, orain gehiago jotzen da medikuarengana?
Bai. Lehen, norbaitek lo egiteko arazo bat baldin bazuen, ez zen medikuarengana joaten, eta orain, bai. Gero eta gehiago diagnostikatzen dira loaren gaixotasunak, eta horiei tratamenduak emateko aukera gehiago daude orain. Kontzientziatuago gaude.
Loaren eguna ospatuko da gaur. Zein da egun horren helburua?
Loaren Nazioarteko Eguna dibulgazioa egiteko erabiltzen dugu, gizartea kontzientziatzeko eta loaren arazoren bat dutenek ikasi ahal izateko.