Edurne Elizondo
Senegalen jaiotako nafarra da Farmata Watt. Afrikako Lorea elkarteko kidea da, eta, orain, Munduko Medikuak erakundeko langilea. 2004. urtean ailegatu zen herrialdera. Duela gutxira arte, alokatutako gela batean bizi izan da, partekatutako etxebizitza batean. Orain, lanpostu berriari esker, bakarrik bizi da. “Lagun baten bidez lortu dut etxea alokatzea; agentzien bidez saiatu naizenean, trabak bertzerik ez dizkidate jarri. Jaso ditudan begiradak izan dira okerrena; nire egoeraren berri jaso aurretik ere erran izan didate niretzat ez zegoela deus. Afrikarra naizelako; beltza naizelako. Ezin dugu horrelakorik onartu”.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eguna izan zen atzokoa, eta, bihar, zapalkuntza horren aurka protesta egiteko, manifestaziora deitu dute SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat eta Afrikako Lorea erakundeek, bertze hainbat eragileren babesarekin. 12:00etan hasiko da, Iruñeko Gazteluko plazan.
Han izanen da Watt, argi baitu karrikara atera behar dutela bidezkoa ez dena aldatzeko. Sistemak bere erroan du arrazakeria, senegaldarraren hitzetan, eta egoera hori irauli ahal izateko, zapalkuntza hori sufritzen dutenek egon behar dute borrokaren “lehen lerroan”. “Ongi da bertze herritarren eta elkarteen laguntza eta babesa jasotzea, baina guk gidatu behar dugu prozesu hau. Karrikan egon behar dugu”, erantsi du.
Orainak kezka sortzen dio Watti. “Egoerak okerrera egin duela uste dut. Lehen lasai ibiltzen nintzen karrikan; orain ez; orain, beldurrez”. Eskuin muturraren eta talde faxisten gorakadak eragin dio beldur hori. Watten kezkarik nagusiena, halere, etorkizunari buruz duena da: haurrek hezurmamitzen duten etorkizuna, alegia.
Kezka hori azaltzeko, Munduko Medikuak taldearen eskutik zuzendutako tailer batean gertatutakoa jarri du adibide. Haurrekin egotea egokitu zitzaion Watti. Adingabeak marrazten hasi ziren, eta haietako bik Ez naiz pobrea leloa idatzi zuten egindako marrazkietan. “Harrituta gelditu nintzen, eta esaldi hori zergatik idatzi zuten galdetu nien. Erantzun zidaten eskolan barre egiten zietela, pobreak direla erraten zietela, eta sorterrira itzuli behar zutela oihukatzen zietela; lur jota gelditu nintzen. Etxean entzundakoa errepikatzen zuten haur horiek”.
“Anitz kezkatzen nau gure umeak triste eta sufritzen ikusteak; nola sentituko dira harro afrikar izateaz, eskolan kontinente horri buruz entzuten duten guztiak lotura badu pobreziarekin eta gosearekin? Ez dute beltz izan nahi. Eta horrek biziki mintzen nau. Eskolek irakatsi beharko lukete Afrikan benetan gertatzen dena, gure herriek sufritzen duten espoliazioa; haurrei erreferente afrikarrak eskaini behar dizkiete”, erran du, irmo.
Atzerritarren legea
Egungo sistema arrazista dela zalantzarik ez du Farmata Wattek, eta afrikarren historia, errealitatea eta erreferenteak ezkutatzea sistema horren ondoriotzat jo du. Gehiago ere badira. Arrazakeria instituzionalak aurpegi anitz dituela erantsi du, eta denen aurka egin behar dela lan. Atzerritarren legearen kontra, hasteko. “Tranpa hutsa” da, Watten hitzetan.
Bat egin du SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek. Arrazakeria instituzionalaren ondorio jo du lege hori. Erakunde horrek “sistemak bere egituran” duen arrazakeria salatu nahi du, aurtengo protestaren bidez, hain zuzen ere.
“Atzerritarren legea maltzurra da; sekulako gehiegikeriak onartzen ditu. Lege horrek merkatu globalaren interesei baino ez die mesede egiten. Langileria bitan banatzen du; batetik beren eskubideak murriztuta dituzten langileak daude; bertzetik, eskubide horiek lortzeko aukerarik ere ez dutenak. Sistemak bi kategoriak behar ditu eutsi ahal izateko”, erran du Villahizanek.
Nafarroan ere arazo anitz bada, oraindik ere, konpontzeko, SOS Arrazakeriako kidearen hitzetan. “Migratzaileak hartzeko benetako planik gabe jarraitzen dugu; herritarren elkartasun sareak ari dira administrazioaren rola betetzen. Administrazioak, gainera, joera du migrazio eskubidea mugatzeko; denei ez die aitortzen. Gobernu batek bere administraziopean bizi diren herritarren eskubideak bermatu behar ditu”, azaldu du. Ez da hori gertatzen, ordea. “Paperik ez baduzu, sistemak bazterrean uzten zaitu. Zure kabuz egin behar duzu aurrera, eta lortzen baduzu, orduan hartzen zaitu administrazioak bere besapean”, erantsi du SOS Arrazakeriako kideak.
Adibide bat jarri du, egoera hori azaltzeko: Osasunbidean gertatu dena. Iazko apirilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Nafarroako osasun legea. Arau horren helburua zen herritar ororen arreta bermatzea. Legea hutsean gelditu eta gero, dekretu bat onartu zuen gobernuak, zerbitzua bermatzen jarraitzeko. “Horrelako aldaketek nahasketa eragiten dute, eta horrek ekarri du hainbat pertsonak zegokien arreta jaso ez izana”.
Azken garaiko joerek ez diote baikor izateko aukerarik uzten Villahizani. “Eskuin muturreko alderdien eta taldeen gorakadak kezkatzen nau, batez ere, migrazioaren auzia botoak eskuratzeko tresna bilakatu dutelako”.
Legeari egin nahi izan dio so, berriz ere; atzerritarren legeari. “Bada garaia berrikusteko indarrean dauden arauek zer baimentzen duten”. Beatriz Villahizanek nabarmendu du egun indarrean dagoen legeak ekarri dituela CIE izeneko atzerritarrentzako zentro itxiak.
Nafarroan gisa horretako zentrorik ez da. “Herrialdetik Madrilgo Alucheko zentrora eramaten dituzte migratzaileak”, azaldu du Villahizanek. Zentro hori eta gisako guztiak ixteko eskatzeko plataforma sortu dute Madrilen, eta talde horretako kide Jose Arizak hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Zabaldin.
“Duela lauzpabost urte jarri ginen martxan, atzerritarrentzako zentro itxiak existitzeak berez urratzen dituelako giza eskubideak”, erran du Arizak. Aluchekoa 2005. urtean zabaldu zuten. 60 pertsonarentzako tokia zuen hasieran; orain, berriz, 280rentzat. 2017an, ia 9.000 pertsona hartu zituzten Espainako Gobernuaren pean diren zazpi zentro itxietan, eta pertsona horien %65,5 kanporatu zituzten.
2011ra arte, gizarte eragileek debekatua zuten sarrera zentro itxi horietan. “Orain sartzen gara. Salatzeko, eta laguntzeko”, erantsi du Arizak. “Itxi arte”.