Jon Barberena Ibarra
Egun on” erran, eta 45 minutuko egonaldia egin zuen Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, Euskaltzaindiko egoitza nagusian. Ohorezko liburuan letra aldrebes xamarrez eta espainolez hitz batzuk idatzi eta gero, ozen irakurri zituen: “Euskararen errege akademiari, bere zuzendaritzari eta langileei, eta, haien bidez, euskal herriari [pueblo vasco], historia luzea eta are etorkizun oparoagoa duen euskarari esker, euskal eta espainiar gizarteak aberasten jarrai dezaten. Harrotasunez eta ohorez, besarkada bat, Pedro Sanchez”.
Garai berdintsuan, Silvia Cepas PSNko Tuterako alkatetzarako hautagaiak Martxoaren 8ko kartela elebiduna izatea kritikatu zuen. Gogor solastatu zen Eneko Larrarte Tuterako alkatearen kontra. Cepasen ustez, “euskara inposatu du sozialisten iritzia kontuan hartu gabe”, eta kartel horietan euskara agertzeak “ez du bat egiten Tuterako errealitate soziolinguistiko eta politikoarekin”. Eremu ez-euskaldunean kokatzen dela arrazoitu, eta “gobernu abertzalearen nahia eta desioa” bete nahian ibiltzea leporatu zion Larrarteri.
Ez dakit Pedro Sanchezek euskararen “historia luzea” aipatzerakoan non kokatzen duen gure hizkuntza zaharra. Agian, Tuterako taldekideari erran beharko dio aspaldi Tuteran barra-barra aditzen zela euskara, eta gaur ere euskaraz bizi nahi duen jende anitz bizi dela bertan.
Euskarari prestigioa eta espazioa kenduagatik, hango euskaldunek eginahalak egiten dituzte euskaraz bizitzeko. Ikastola, AEK eta Errigora dira egungo euskararen arnasgune nagusiak, eta Cepasek aipatutako “zonalde ez-euskaldunean” egon beharrak alimaleko kalteak sorrarazten dizkio gure hizkuntza zaharrari; euskarak ez du deus balio Nafarroa Garaiko eremu ez-euskalduneko administrazioan. Sanchezek euskarari aurreikusten dion “etorkizun oparoa” zeren arabera neurtzen du?
Era berean, “Euskal herriari [pueblo vasco]” erreferentzia egiten dio, eta beldur naiz bere kotazio geografikoa ez ote den bakar-bakarrik Gipuzkoara, Bizkaiara eta Arabara mugatzen. Akaso, oparitu zizkioten hiru liburuetatik bi leituz gero, ikusi eta ikasiko du euskararen esparrua zabalagoa dela. Linguae Vasconum Primitiae liburua Nafarroa Beherekoa zen Bernart Etxeparek idatzi zuen. Guero, berriz, Urdazubiko gizon batek, Pedro Agerre Axularrek, hain zuzen ere.
Itxurakeriak nagusi izaten dira hauteskundeen aitzinetik, eta iduritzen zait Pedro Sanchezen bisitak ere zelofan anitz baina mami guti izan duela. Bilbon, Donostian edo Gasteizen bezala, Cintruenigon, Ablitasen, Tuteran, Corellan… euskaraz bizitzeko eskubide osoa daukate.
Ez dakit zertaz, baina 1976. urtean, Eibarko Astelena frontoian, Felipe Gonzalezek oihukatutako “Gora Euskadi askatuta!” esaldia etorri zait gogora. Zelofan gehiegi eta mami gutiegi izan zuten hitz potolo haiek.