Oraindik bukatu ez den ehiza

Oraindik bukatu ez den ehiza

Edurne Elizondo

Patriarkatuak emakume libreari erraten dio sorgin. Inkisizioak hildako andreen memoria gaur egungo emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu zuen Silvia Federicik, Iruñean, 2017ko irailean egin zuen hitzaldian. Gaur asmo berarekin ariko da, 18:30ean, hiriburuko Gurutze plazako institutuan. Sorgin ehizaren historiari buruzko topaketa feminista eginen dute lehenengo aldiz, Katakrak eta Traficantes de Sueños liburu dendek bultzatuta. 2017an hasi ziren Federicirekin proiektua mamitzen, eta, gaurtik igandera bitarte, errealitate bilakatuko da azkenean.

“Historia aztertuz eta ulertuz, egunerokotasunaren politizazioan sakondu nahi dugu”, hala laburbildu du Katakrakeko kide Nerea Fillatek topaketen helburua. Jardunaldiek bat egin dute Federicik martxan jarritako kanpainarekin, Elizak eta estatuek bultzatutako emakumeen aurkako jazarpen prozesua nazioartean salatzeko. 1535. urtetik 1650. urtera, hirurehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin. Gehienak emakumeak ziren, eta haietako anitz jendaurrean hil zituzten, urkatuta edo bizirik erreta. “Europan, 100.000 emakume hil zituzten sorgin ehizaren ondorioz”, erantsi du Fillatek. Eta bertze anitz, gero, Ameriketan. Konkistarako eta kolonizaziorako tresna gisa erabili zuten sorgin ehiza; batez ere, Brasilen, Kolonbian eta Perun.

Egungo sistema heteropatriarkalak ere bere menpe nahi ditu emakumeak. Ez du emakume librerik nahi. Sorgin etiketa jartzen die, ehizan jarraitzeko. “Sorginak ez ziren existitu, baina; sorgin ehiza emakumeen gorputzak diziplinatzeko prozesu handi bat izan zen. Helburua zen emakumeok ez izatea aukerarik bizitza autonomo bat garatzeko. Horretarako, sorginaren irudia sortu zuten, eta iruditeria horri eutsi dio patriarkatuak mendetan”, azaldu du Fillatek.

Sorgin ehiza eta egungo emakumeen aurkako indarkeria lotzen dituen soka aztertzeko eginen dute topaketa. Hazi bat erein nahi du, gainera, uzta bildu ahal izateko. “Tokian tokiko taldeak sortu nahi ditugu sorgin ehizaren ondorioz hildako emakumeen memoria lantzeko”, erran du Katakrakeko kideak.

Historia feminista

Federiciren hitzaldia izanen da gaurko ekitaldi nagusia, 18:30ean, Gurutze plazako institutuan. Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Katakrak liburudendan eginen dute, 10:30ean hasita. Amaia Nausia eta Gemma Pierola historialariek eta Nuria Morello antropologoak hartuko dute parte lehen saioan; sorgin ehizari buruzko “historia feminista” egitea hartuko dute helburu. Fillatek agerian utzi du, hain zuzen ere, Nafarroan ere auzi horri buruz egindako lanak gizonek idatzi dituztela, eta ez dutela emakumeen ikuspuntua erakusten. “Hori aldatzeko garaia da”.

Arratsaldeko saioan, Federicik, Morellok, Eva Vazquezek eta Alice Markham-Cantorrek hartuko dute hitza. Vazquez Ekuadorko ikerketa taldekoa da; Markham-Cantor, berriz, AEBetakoa. Egungo sorgin ehiza izanen dute ardatz.

Lau adituok txostena aurkeztuko dute, 16:30ean, eta, gero, 18:00etan hasita, mahai ingurua eginen dute. Horretan ariko dira Markham-Cantor, Iraitz Agirre, Lisset Coba (Ekuador) eta Elena Pina (Espainia).

Biharko saioa afari batekin amaituko dute, Katakraken. Igandean, berriz, topaketako parte hartzaileak Zugarramurdira eta Sarara mugituko dira. Sorgin ehizarekin lotutako memoriaren tokiak dira horiek, eta halakotzat aldarrikatu nahi dituzte igandeko bisiten bidez, hain zuzen ere. Fillatek azaldu du bilera bat egitea eskatu dutela Zugarramurdin eta Saran sorgin ehizarekin lotutako espazioak kudeatzen dituzten erakundeetako arduradunekin. Baiezkoa jaso eta gero, egiteko zain daude.

Antolatzaileek kezka dute herriotan ustezko sorginen inguruan zabaltzen duten irudiarekin. “Irudi horren arabera, sorginak emakume zahar, itsusi eta beldurgarriak dira. Gure lana da hori deuseztatzea”, erran du. Gizarte osoari dagokio sorgintzat jotako emakumeon memoria gogoratzea eta jorratzea, Fillaten hitzetan. “Haien historia ezkutatu egin da; agerian uzteko garaia da”. Eta agerian uzten den horri begirada feministarekin so egiteko beharra erantsi du Katakrakeko kideak.

Horretan ariko dira sorgin ehizaren historiari buruzko lehen topaketa feministan, gaur hasi eta igandera bitartean. Atzoko eta egungo sorgin guztien omenez. Libre izateko duten eskubidea aldarrikatzeko.