“Andorrako toponimo batzuk euskararekin lotuta egon daitezke”

“Andorrako toponimo batzuk euskararekin lotuta egon daitezke”

Ane Eslava

Andorrako leku izenen inguruko ikerketa bat egin du Juan Luis Lopez-Mugartza filologo eta ikerlariak (Zaragoza, 1961), Mikel Belaskorekin batera. Erromatarren aurreko jatorria duten leku izenak aztertu dituzte, ezohiko metodo batekin: geografia fisikotik begiratuta. Antzeko izenak dituzten tokien ezaugarri fisikoak alderatu dituzte, toponimoen esanahiak proposatzeko. Euskaratik interpretatu dituzte izen gutxi batzuk. Erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko azterketa fisiografikoa. Lurraldearen ikuspegi hurbil eta teknikoa leku-izenen bitartez liburuan bildu dituzte ateratako ondorioak.

Zergatik erabaki zenuten Andorrako toponimoak aztertzea?

Ez zen gure erabakia izan; Andorrako Gobernutik etorri zitzaizkigun, laguntza eske. Izan ere, hango ingeniari batek, natur fenomenoei lotutako arriskuez arduratzen denak, toponimiarekiko zaletasuna du, eta konturatu zen antzeko izena duten tokietan antzeko gauzak gertatzen zirela. Adibidez, amildegiak dauden toki batzuek antzeko izenak dituzte. Eta konturatu zen leku batzuetan izenarengatik asma daitekeela ea leku arriskutsua den edo ez. Erromatar jatorria duten izen batzuekin oso argi ikusten zuten hori, baina beste batzuk ez zituzten ongi ulertzen hizkuntza erromanikoen bitartez, eta horregatik jo zuten Mikel Belasko eta niregana, guk azter genezan ea zein izan zitekeen izen horien jatorria.

Nola egin duzue azterketa?

Andorrako izendegiko toponimoak aztertu genituen, 4.000 inguru. Ikusi genuen zenbat izan zitezkeen erromatarren aurrekoak, eta ez ziren %10era iristen. Horiekin lanean hasi ginen, eta ikusi genuen batzuk jatorri zeltikokoak izan zitezkeela, beste batzuk indoeuroparrak… Baina beste batzuk gelditzen ziren ulertu gabe, eta ikusi genuen horietako batzuk euskal itxura zutela. Ez genuen etimologiarik egin, horretan ez ginen sartu nahi izan, arriskutsua baita, baina tipologiaren eta morfologiaren aldetik aztertu genituen.

Ezohiko metodo batekin aztertu dituzue leku izen horiek.

Bai, toponimia aztertu dugu ikuspegi geografiko batetik. Bitxia da, normalean ez delako horrela egiten. Han, gure liburua kudeatu dutenak ingeniariak izan dira, Andorrako gobernuan arrisku naturalez arduratzen direnak.

%10 horietatik, zenbat uste duzue datozela euskaratik?

Oso gutxi. Hemen, Euskal Herrian, bi ikuspegi izan ditugu Pirinioetako toponimiaren inguruan: bat izan da erromantikoa, eta horrek zioen garai batean dena izan zela euskalduna, Pirinio osoa. Gaur egun, berriz, beste joera bat dago, zientifikoagoa eta gauzak zalantzan jartzekoa; lehengo erromantizismo horri mugak jartzen dizkiona. Bada, gu ere zuhurtasunez eta kontu handiz ibili gara honekin. Horregatik, ez dugu esango Andorran euskaraz egin denik; ez dakigu zer hizkuntzatan hitz egiten zen erromatarrak iritsi aurretik. Baina argi dago garai haietan euskara existitzen zela, eta guri galdetu digutenez ea hitz horiek euskaratik etor daitezkeen, gu ausartak izan gara, eta erantzun dugu toponimo batzuk lotuta egon daitezkeela euskararekin.

Zeintzuk?

Adibidez, badago bat dena l’Hortó. Hizkuntza erromanikoen bitartez interpretatuz, hitz horren esanahia da baratzea, argi eta garbi. Baina Andorrako toki hori mendian dago, eta, berez, baratze bat ezin da egon mendian. Orduan, guk galdetu genien ea toki horretan egoten ahal ziren mendian egon ohi diren mairu-baratzeak edo jentilen baratzeak. Ezetz erantzun ziguten, toki hori amildegia delako eta elur asko mugitzen delako. Orduan, konturatu ginen Erronkarin bertan daudela lurte eta lurta hitzak. Euskal hitzak dira, baina soilik mendebaldeko herri batzuetan zabalduta daude, eta amildegia esan nahi dute. Bada, guk lurta hitza proposatu genien l’Hortó-rekin lotuta, eta esan ziguten tokiaren fisiografiarengatik oso egoki ikusten zutela. Edo badago toki bat Rat deitzen dena, mendi lepo bat dena, eta guk hori lotu genuen harrate hitzarekin. Eta beste hitz bat da Anyos; guk ez dugu ulertzen hitz hori euskararen bitartez, baina gure aldean Anie mendia dugu, Auñamendi… Orduan, badirudi jarraipen bat egon daitekeela, baina ezin dugu ziur jakin.

Andorra izena bera ere aztertu duzue.

Bai, haiek galdetu ziguten ea hitz horrek lotura izan dezakeen urarekin, Andorrako geografia fisikoa nolakoa den kontuan hartuta, eta Andorra hitza aipatzen den lekuetan hidronimoak agertzen direla jakinda. Eta gure erantzuna izan zen, hain zuzen ere, gure aldean ditugun Andur guztiak lotuta daudela urarekin, baina gehienetan toki idorrekin, urik gabekoekin. Hala ere, uraren arlo semantikoan mugitzen gara; beraz, gure erantzuna izan zen ezin dugula esan Andorra euskara denik, baina lotura izan dezakeela urarekin.

Nafarroako Andurra herriak ere lotura du urarekin?

Andurra esaten dugunean, gure ikuspegitik leku urri bat da, ur gutxikoa. Orduan, gure kasuan Andorra-ren kontrakoa da, baina inportanteena da izen horien barruan hidronimiari lotutako oinarriak daudela. Zenbait lekutan, garatu da leku oparo gisa, eta beste batzuetan, kontrakoa, urria den lekua bezala.

Zuk antzeko beste ikerketa bat egin zenuen Erronkari eta Anso [Aragoi, Espainia] bailaretan. Zer ondorioztatu zenuen?

Ansoko kasuan helburua izan zen ikustea zer-nolako euskal aztarna toponimikoak geratzen ziren Nafarroa ondoko lehen herrian. Jaso nituen toponimoekin eta hango biztanleen abizenekin, ondorioztatu nuen leku horretan ere erabili zela euskara. Nire hipotesia izan zen XVI. mendera arte seguruenik Anson bazirela gune elebidunak, eta azken euskaldunak Zuriza aldean gelditu zirela. Eremu horretan oso argi ikusten zen, Andorran baino gehiago. Orain, beste jende batek ikertu beharko du ea gero eta mendebalderago ere hitz egiten ote zen, erakusteko pausoz pauso non erabiltzen zen eta non ez.

Toponimiari lotutako gai baten inguruko eztabaida dago Nafarroan: ea Iruña ala Iruñea den egokiena. Zer deritzozu horri?

Gai konplexua da, bi izenek beren bidea egin dutelako. Koldo Mitxelenak ikerketa bat egin zuen gai honen inguruan, eta ondorioztatu zuen erroa Iruñe zela. Baina Iruñea idatzi arren, zaila da ahozko hizkeran hala esatea. Erdaraz ere Iruña erabili da gehien, eta dokumentazio klasikoan agertzen zaigu bi moduetan. Biak nominatiboan erabiltzen dira, eta Euskaltzaindiak Iruñea onartzen du, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, berriz, Iruña. Baina auzi honetan nik ez nituzke gauzak gehiegi mugituko. Niri ez zait gaizki iruditzen nominatiboan biak erabiltzea, biak onartuko nituzke, baina beste gauza bat da deklinabidea. Adituek esan beharko dute zer-nolako deklinabide taula osatu behar den, ea Iruña edo Iruñe hitzaren gainean egingo den. Hala ere, ez dakit zergatik atera den berriro gai hau,egia esan; uste nuen jada ahaztua zegoela.