“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

E. Elizondo

Beteta da Asier Biurrunen agenda egunotan. Azken txanpan sartu dira 21. Korrika prestatzeko lanak, eta lanez gainezka da ekinaldiko Nafarroako koordinatzailea. Erakundeei eskatu die klik egiteko, eta urratsak egiteko beldurrik ez izateko.

Nafarroan hasiko da Korrika. Berezia izanen da zuentzat?

Bai. Hemen hasteak ematen digu halako poz berezia. Korrika iristea beti da pozgarria, baina hemendik hastea ohore bat da. Orain arte bakarrik beste hamabost herrik izan duten ohorea da, gainera. Hori gauza handia da.

Lan gehiago ere bada, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Garesen jende asko ari da lanean. Herrialde osoan ari gara. Baina oso gustura egiten den lana da. Ez dakigu eguraldia lagun izanen dugun edo ez, baina ziur naiz apirilaren 4an, 17:00etan, emozio handia izanen dela Garesen, eta ikusiko ditugula malkoak, halako ekitaldi bat oso polita delako.

Nafarroan hasteak ematen dio indar berezia ofizialtasunaren aldeko aldarriari?

Esanahi berezia du Nafarroan hasteak, bai. Ezin dugu ahaztu hemen zonifikazioak indarrean jarraitzen duela. Garesen abiatuko da Korrika, eta horko herritarrek ez dituzte eremu euskaldunekoek dituzten hizkuntza eskubideak. Korrika da zonifikazioa bertan behera uzten duen ekinaldi bat. Garesen hasiko dugu bidea, eta euskaraz eginen dugu, herrialde osoan. Zonifikazioak ezarritako mugen gainetik.

Gobernua, azken lau urteotan, ez da gai izan muga horiek bertan behera uzteko. Zer deritzozu?

Hankamotz gelditu dela egindako lana. Legegintzaldia amaituko da laster, eta, Korrikaren bidez, hain zuzen, kolpe bat eman nahi dugu mahai gainean lekukoarekin, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. Gares eremu mistoan dago, baina horrek ez ditu hangoen eskubide guztiak bermatzen. Urratsak egiten jarraitu behar dugu, euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Horretarako, erakundeek eta horietan diren alderdiek klik egin behar dute. Benetako urratsak egin behar dituzte, hizkuntza eskubideak inori ez ukatzeko. Nafarroan, egun, legeak euskara erabiltzea ukatzen die herritar askori.

Herritarrek erakundeek baino errazago egiten dute euskararen aldeko klika?

Ematen du erakundeek halako beldurra badutela. Herritarrek errazago egiten dute klik. Alderdiek beste toki batera begiratzen dute. Ematen du mundu guztia utzi nahi dutela kontent, baina argi dago euskaldunak ez daudela pozik. Konplexuek jota jokatzen dutela ematen du. Beste gai batzuekin ez daude euskararekin dauden arazoak, gainera. Euskaldunok hizkuntza eskubideak baditugu, lege batek arautu behar ditu, denak berdintasunean artatzeko. Baina ez dute horrelakorik egiten, euskararen arloan. Alderdiek azaldu beharko lukete zergatik ez duten egiten.

Zonifikazioa bertan behera uzteko aukera argi bat galdu dela uste duzu?

Ez dut gustuko esatea aukera bat galdu dugula, baina egia da ez dugula egoera aprobetxatu aurrera egiteko. Aldaketaren gobernuak agintea hartu zuenean, itxaropeba bagenuen; haize berria sumatuko genuela uste genuen. Egin dira urratsak, baina ez dira nahikoak. Egia da hainbat herrik lortu dutela eremu mistora sartzea, baina zergatik ez dugu jauzia egin denak eremu euskaldunean sartzeko? Edo zonifikazioa bertan behera uzteko, behingoz? Legegintzaldia joan da, eta ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den.

Korrikaren hasierak ederki islatuko du zonifkazioaren eragina, eremu mistotik ez-euskaldunera pasatuko baitira korrikalariak, kilometro gutxi eginda.

Bai. Garesen hasteak ere emanen digu aukera errealitatea ezagutzeko. Hori da gure egunerokoa. Hori da alderdiek ikusten ez dutena, eta legeak errespetatzen ez duena.

Garesen hasi, baina Nafarroa osoan eginen du bidea Korrikak. Dena prest?

Azken txanpan gara, azken ordukoak lotzen, dena prest izateko. Korrikak aspaldi zapaldu ez dituen euskualdeak bisitatuko ditu aurten; asteburuan jende asko izanen dela ziur gara, apirilaren 6an pasatuko baita Korrika Iruñetik. Jendea gogoz dela uste dut. Nik hori nabarmendu nahi dut, jendeak baduela gogo handia parte hartzeko, lekukoa hartzeko. Eskualde askotatik ari gara deiak jasotzen, eta harrituta gara toki askotan jaso dugun erantzun onarekin. Polita dator Korrika, eta uste dugu aukera emanen duela presio pixka bat egiteko, hurrengo legegintzaldian gerta ez dadin oraingoan gertatu dena.