Biltegitik argipera itzuli dira beirateak

Biltegitik argipera itzuli dira beirateak

Edurne Elizondo

Ezkutuko altxorra agerian da, berriz ere. Biltegia izan da Bertizko jaurerriko beirateen gordeleku, hogeita hamar urtez. Nafarroako Gobernuak lehengoratu ditu, eta jatorrizko beren tokian dira orain, berriz ere: argipean, jaurerriko kaperaren ondoko markesinan.

Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko teknikari zaharberritzaile Violeta Romerok zuzendu ditu Bertizko beirateak moldatzeko lanak. 33.000 euroren aurrekontua izan dute. Lan horiek aprobetxatu dituzte artelanak lehengoratzeko prozesuari buruzko eta Bertizen dauden beirateen inguruko erakusketa osatzeko, gainera. Bertizko argia izenburupean, Bertizko jauregiko beheko solairuan egonen da ikusgai, irailaren 29ra bitarte, parkeko ordutegian.

Bertizko jauregian, Aizkolegi jauregitxoan eta kaperako markesinan daude ikusgai jaurerrian dituzten beirateak. Kaperakoak dira orain lehengoratu dituztenak. 1908. urtean egin zituen Donostiako Maumejean Etxeak. 26 panelen bidez, urteko sasoien alegoria erakusten dute kaperako beirateek, zehazki. Bi emakumeren figurak eta eskualdeko paisaiaren irudi idealizatu bat dira nagusi.

Bertizko kapera barrokoa da, eta Luis Elizalde arkitekto donostiarrak diseinatu zuen. Estetika modernista zuen markesina erantsi zioten, eta Maumejean etxeak egindako beiratearekin itxi egin zuten. XIX. mendeko bigarren zatian, hain zuzen ere, arkitekturarekin bat egin zuen beirateen inguruko arteak.

Nafarren esku

Pedro Ziga eta Dorotea Fernandezek 1898. urtean erosi zuten Bertizko jaurerria. Naturarekin harreman estua zuten, eta jaurerriko eta inguruko basoak zaintzea hartu zuten helburu, erosi zutenean. 1949. urtean, nafarren esku utzi zuten jaurerria, baldintza batekin: ezin zituztela hango ezaugarri naturalak aldatu.

Bertizko parkea erabili dute, bertzeak bertze, haurren egonaldiak hartzeko. Nafarroako Gobernuko teknikariek uste dute jarduera horrek egin ziela kalte, batez ere, kaperaren ondoko markesinako beirateei. Hainbat beira hautsita zeuden, eta bertze zenbait, berriz, falta ziren. Azken hogeita hamar urteotan, jaurerriko biltegi batean izan dira, gehiago ez hondatzeko.

Gobernuak, azkenean, konpontzea erabaki du. Berez, 2011. urtean egin zituzten beirateak lehengoratzeko lehendabiziko urratsak, baina prozesuak mantso egin du aurrera. Beirateekin batera, kaperako markesinaren egitura ere konpondu behar izan dute. Nafarroako Gobernuko arduradunak kontent dira emaitzarekin. Aurreko astean, bisita egin zuen Bertizko jaurerrira Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, eskualdeko hainbat ordezkarirekin batera.