Saioa Alkaiza
Maskulinitatearen performance bat da auzolana. Sasiak garbitzen, paretak margotzen, pitzadurak konpontzen, oholtza muntatzen edota mahaiak eramaten zaudenean ikustea nola mundura zis gizon heterosexual sortutakoek elkarren arteko gizontasun lehia bat abiatzen duten, auzolanaren jarduna horren neurgailu bilakatuz; hala, batek herri bazkarian bi mahai jasotzen baditu, ondokoak ikusi eta horiek edo gehiago jasoko ditu ez-gizon gisa klasifika ez dezaten, eta hara non ikusten duzun, beraz, bigarrengo horrek bi ez, baizik eta hiru daramatzala; gero, hirugarren batek ikusiko du bigarren hori hiru mahai eramaten eta orduan, nola ez ba, beste hiru hartuko ditu eta egonen da laster baino beranduago lau hartzen saiatuko denik ere. Indar erakustaldiak gurpil zoro bat osatuko du eta ertzak ertzerago egonen dira.
Egitekoa egiatan nola egin behar den ez dakiten zis gizonezko heterosexualek azalpenak emateko gunea da auzolana. Elektrizitate instalazioa jartzen, mikroak probatzen, pareta alikatatzen, agertokia atontzen, uzta biltzen edota taladro bat eskuetan duzula ikustea nola zuk bezainbeste (edo bezain gutxi) dakien gizonezko batek azalpenak ematen dizkizun apal hori beherago edo gorago edo ezkerrerago edo eskuinerago edo norabait-erago jartzeko, betiere ez zuk hasieran zenuen lekuan; ikustea nola behin galdetu eta gero uraren irteera ongi jarrita dagoen berriz ere konprobatzen duen, zure hitzarekin fidatu ez eta berearekin bai; ikustea nola inbentatzen dituen edozein aparatu konplexu armatzeko jarraibideak eta nola segiarazten dizkien besteei inbentiba hutsa baino ez diren agindu larruzko uste horiek. Azalpenen ordua da.
Manadako liderra zein den erabakitzeko espazioa da auzolana. Maskulinitate hegemonikoena nork duen erabakitzeko unea: izan daiteke lehenago ere argi dauden hierarkiak iraunarazteko edo iraultzeko; izan daiteke manadako kide zaharrek gazteenei beren oniritzia emateko; izan daiteke ekinaren ekinez gizon berriren batek besteen begirunea irabazteko aukera. Hor, baina, zer gertatzen da bestelako gorputzekin, identitateekin, izateekin, erritmoekin, indarrekin edo indar ezekin, komunikatzeko kodeekin, maskulinitate periferikoekin, feminitatearen performanceekin, performance ezekin, batetik bestera mugitzen diren neurriekin, isiluneekin, ahalmenekin eta gabeziekin; zer periferiekin eta zer zentroekin?
Gauza asko da berez auzolana: herriak herriarentzako egindako ekina; komunalaren defentsa; autoantolakuntzarako deia; auzoaren osaketa; lana, lurra eta giza harremanak birpentsatzeko aukera; sorkuntza; zaintza; bitartekaritzarik gabeko antolakuntza; herri libreago baterako oinarria; kapitalari su ematea da; elkartasuna, maitasuna.
Arazoa da askok uste dutela neutroa ere badela, eta edozeinen neurrikoa beti, baina birpentsatu ezean, neutroa beti da gizonezko.