Hartzen udaberri berria

Edurne Elizondo

Ezohiko udaberria da oraingoa Pirinioetako mendebaldeko hartzentzat: mendiotako basoetan bi eme daude, lehendabiziko aldiz, 2004. urtetik. Urte hartan, ehiztari batek tiroz hil zuen Cannelle, Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea. Hamar hilabeteko kume bat zuen Cannelle-k, hil zutenean: Cannellito. Bakarrik gelditu zen mendebaldeko gunean, bere aita Nere hartzarekin.

Bi arrak bakarrik izan dira, 2018ko udazkenera arte. Sorita eta Claverina askatu zituen iaz Frantziako Gobernuak, Biarnon (Okzitania). Eslovenian jaiotakoak dira bi hartz emeak. Han harrapatu, eta Pirinioetara eraman zituzten, iazko urriaren hasieran, Frantziako Gobernuak mendebaldeko gunea sendotzea erabaki eta gero. Ingurua ezezaguna da haientzat, eta egokitzeko bidean dira, oraindik ere. Gizakien presioak eragin du Pirinioetako hartzen populazioak behera egitea, eta gizakiak erabaki du, orain, bi banako horiek tokiz aldatzea, espezieari mesede egiteko.

Sorita Goi Pirinioetan da. “Ez da zulotik atera”, azaldu du Biarnoko FIEP taldeko kide Gerard Caussimontek.

Sorita.

Horrek erran nahi du, segur aski, kume bat edo gehiago dituela. Urtarrilean jaiotzen dira, emeak aterpe hartutako zuloaren barruan. Claverina, berriz, Nafarroan da: Erronkarin. Martxoaren 26an kaleratutako prentsa oharrean ezagutarazi zuen gobernuak hartza herrialdean zela. Eta herrialdean jarraitzen du. “Gainera, litekeena da bakarrik ez egotea. Nere-k badaki emeak hemen direla”, erran du Caussimontek. Sorita-k eta Claverina-k markatutako tokietan izan da arra, eta zuhaitz berak markatu ditu. Iaz, Cannellito-rekin batera, Arango ibarrera ailegatu zen Nere, Herrialde Katalanetara, alegia. Baina udazkenean itzuli zen mendebaldera. Cannellito-k, berriz, erdialdeko gunean jarraitzen du.

Claverina ez da zuloan, eta, mugitzen ari dela ikusita, adituek uste dute kumerik ez duela. Udaberrian hasten da hartzen araldia. Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, hurrengo urtarrilean gora egin dezake mendebaldeko populazioak. Nere inguruan dagoen ar bakarra ez dela zehaztu du Caussimontek, gainera. “Bost urteko Rodri dago Goi Pirinioen eta Pirinio Atlantikoen arteko mugan. Arango ibarretik etorri da, segur aski Nere-k eta Cannellito-k harat joateko bidean utzitako arrastoei jarraituz”. Nere 1997an jaiotako hartza da, eta horrek eremuko hartz nagusi bilakatzen du.

‘Camille’, 1997tik

Cannelle hil baino hamar urte lehenago, Claude hartz arre emea akabatu zuten, tiroz, Pirinioetan, 1994. urtean. Nafarroan, aspaldikoak dira plantigradoari buruzko lekukotasunak. XIX. mendearen lehen erdian, Izaban, Erronkarin eta Otsagabian ehizatzen zuten, oraindik ere, Eugeni Casanovak Crónica de un exterminio. El oso en el Pirineo bere liburuan aipatu zuenez. Egile horrek Francisco Purroi biologo nafarraren hitzak jaso zituen, bertzeak bertze, lan horretan. Purroiren arabera, 1974. urtean, hartz bakarra gelditzen zen Nafarroan, eta Erronkariko ibarrean zegoen.

1983. urtera arte, hartzak bere arrastoa utzi zuen Erronkariko mendietan. Urte horretatik aurrera, ordea, arrastoak desagertu egin ziren, eta, hamabost urtez, hartzik gabe gelditu ziren Erronkari eta Nafarroa. 1998. urtean Camille arra Erronkarin agertu zen arte. Bi urte lehenago hasi zen basozain lanetan Iosu Anton. Camille-ren urratsak jarraitu zituen, 2010ean hartza hiltzat eman zuten arte. “1997. urterako jada Erronkarin zen Camille“, zehaztu du Antonek.

Camille-ri egindako azken argazkiek agerian utzi zuten gaixo zela. “Atzeko hanketako ilea galdu zuen. Hasieran, hazteriak jota zela aipatu zen, baina teleskopioekin animaliari denbora luzez so egiteko aukera izan genuen, eta azkurarik ez zuen”. Camille Erronkarin egon zen denboran, hartzaren inguruko informazioa biltzea izan zen Antonen lan nagusietako bat. Gorotzak, ileak eta bertze jasotzea, adibidez, azterketa genetikoak egin ahal izateko. Orain, Claverina-ri so egitea egokitu zaio Antoni. Bai eta Nere-ri ere, emearen atzetik bada. Claverina askatu zutenean, lurreko hiru igorle eta GPS bat zituen, eta gailu horiei esker, hainbat ordutako atzerapenaz bada ere, basozainek jakin dezakete hartza non dagoen eta nondik mugitzen den.

Etapa berri bat

“Oraingoa abagune garrantzitsua izan daiteke mendebaldeko hartzen populazioarentzat”, nabarmendu du Antonek. Claverina-k eta Sorita-k ezar dezakete orain arteko eta hemendik aurrerako egoeraren arteko aldea, hain zuzen ere. Sorita-k kumeak dituela baieztatzen bada, hasteko, udaberri-uda hauetan jada egon daitezke hartz kumeak mendebaldean. Orain hamabost urte dituen Cannellito da eremu horretan jaiotako azkena. Oraingo araldian Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, gainera, hurrengo urtarrilean ere jaio daitezke kume gehiago.

Nere.

Caussimontek 1997ko Pirinioetako erdialdeko egoerarekin parekatu du orain mendebaldean dutena. Erdialdean hartza desagertu egin zen, eta Eslovenian harrapatu eta han askatutako Melba, Ziva eta Pyros hartzei esker, eremu horretakoa da, orain, Pirinioetako nagusia. Melba eta Ziva 1996an ailegatu ziren Pirinioetara; Pyros, berriz, 1997an. Melba ehiztari batek akabatu zuen. Ziva-k hartu zuen haren kumeen ardura, ama galdu zutenean.

Pyros orain jo dute hiltzat, azken bi urteotan haren arrastorik ez baitute aurkitu. “Hartz zaharra zen; berez hil dela erran daiteke”. Pyros da erdialdean sortutako kume gehienen aita, eta 29 urte zituela uste dute adituek. “Hori da aske bizi diren hartzen adin muga”, zehaztu du Caussimontek. Papillon 28rekin hil zela gogoratu du. Mendebaldeko guneko hartz arra zen hori, eta 2004. urtean zendu zen. Hil baino pixka bat lehenago igorle bat jartzeko harrapatu zuten, eta haren gorputzean adinaren ondorioak nabarmenak zirela baieztatu ahal izan zuten. Oraingoa ez da jada Papillon-en aroa. baina hartzak jarraitzen du Pirinioetako bere betiko lurraldean. 2018ko erroldaren arabera, berrogei banakok osatzen dute egungo populazioa. Gutxi, gizakiaren presioak eragindako gainbeherari buelta emateko.

Goiko irudia: Iosu Anton