Edurne Elizondo
Iruñera ekarri du Ana del Paso kazetariak (Madril, 1961) Reporteras españolas, testigos de guerra bere liburua (Debate, 2018). Euskal Herriko hainbat emakumezko kazetarik ere hartu dute hitza lan horretan. Haien lana ikusgarri bilakatu nahi izan du egileak, nazioarteko berriemaile gisa hamaika hedabidetan duen esperientziatik abiatuz.
Emakume kazetariei eman diezu hitza. Bazen garaia?
Egia da orain badela mugimendu bat emakume kazetarien artean, baina ni duela bost urte hasi nintzen liburua prestatzen. Ez dut egin liburua orain dagoen mugimendu horren harira, edo emakumeak modan garelako. Izan ere, modan egote horrek gogaitzen nau. Egia da Martxoaren 8ko bultzada nabarmena izan dela emakume kazetarien artean, baina anitz dago egiteko, oraindik ere. Uste dut badela garaia emakume kazetariok jendaurrean salatzeko denok jasan ditugun jazarpenak, bertzeak bertze, lan esparruan.
Urrats hori egitea zaila da oraindik ere?
Nik uste dut falta zaigula hainbat urrats egitea. Ez da nahikoa karrikara ateratzea soldatetan berdintasuna nahi dugula aldarrikatzeko; lan esparruan sufritzen dugun jazarpen hori ere salatu behar dugu. Harago joan behar dugu.
Orriotan erran du June Fernandez kazetariak feminismoak kazetaritza kultura osoari eragin beharko liokeela; ados zara?
Bai. Baina oraindik ere urrun garela uste dut. Iazko Martxoaren 8tik zer aldatu da emakume kazetariontzat?
Ez duzu aldaketarik sumatu?
Karrikak bete ditugu emakumeok; eta emakume kazetariok ere bai. Baina hasitakoari azkena ematea falta zaigu. Ez dut sumatu gure lan esparruan aldaketarik eragin duenik karrikan egindako protesta horrek. Mobilizazioek ekarri beharko lukete, adibidez, soldata berdintasuna, eta hori gertatzen ez bada, salatu beharko genuke. Ez da erraza, prekaritateak jotako sektorea baita kazetariona, eta anitzek lana galtzeko beldurra dute. Mobilizatzeko dugun gaitasunak emaitzak eman behar dizkigu, oraindik ere.
Prekaritate horrek nola eragin dio lanbideari?
Hainbat elementu jarri behar dira mahai gainean. Emakumeoi gertatzen zaigu hedabide patriarkal eta matxistentzat ez garela behar bezain on gu kanpora bidaltzeko, nazioartean sor daitezkeen gatazka armatuen berri emateko, adibidez. Aldi berean, inor ez bidaltzea erabakitzen dutenean, eta tokian dauden kazetari freelance-ak erabiltzen dituztenean, berdin zaie gizon edo emakume izan; haien bizitza arriskuan jartzen dutela berdin zaie, eta prezio irrigarriak ordaintzen dizkiete egindako lanagatik. Zinismoa erakusten du jarrera horrek. Lantaldean joateko gogoz diren emakumeei ez diete aukera ematen, garestiagoa delako baina baita patriarkatuaren paternalismoaren ondoriz; tokian daudenei, berriz, miseria ordaintzen diete lan egiteagatik.
Oraindik ere zailagoa da emakume kazetarientzat horrelako lanak lortzea?
Uste dut egoera aldatzen joan dela. Orain 70-80 urte dutenen artean, adibidez, Maruja Torresek erran izan dit denetarik egin behar izaten zuela erredakzioan, nagusien baimena lortzeko kanpora joateko; haserretu behar zuen, kolpea eman mahaian, joan ahal izateko. 50 urte inguru ditugun nire belaunaldikoak hagitz txaplatak izan garela uste dut, behin eta berriz eskatu dugu, eta lortu dugu, azkenean. 40 urte ingurukoen belaunaldikoek uste dut aprobetxatu ahal izan dituztela aurrekoek egindako urratsak. Hainbat arazo ez dira desagertu, eta borroka egin behar dute, oraindik ere, kanpora joateko, baina egin dira urratsak.
Hamaika txokotan aritu zara. Anitz aldatu da lan egiteko era?
Baietz uste dut. Bada, halere, aldatu ez den zerbait, eta nik hori jarriko nuke erdigunean: irakurleari kalitatezko informazioa eskaini behar diogula beti. Horrek izan beharko luke gure helburua, beti. Kazetarion betebeharra da informazioa dagoen tokian egotea. Siriaren gisako herri batean, miresgarria da hango kazetariek egiten duten lana; haiek, gainera, ez dute alde egiteko aukerarik, guk bezala. Baina guk ere egon behar dugu han.
Emakume kazetariak egon badaude; isilpean gelditzen da haien lana, anitzetan, ordea?
Gutxiago nabarmentzen gara emakumeok. Ez dugu protagonista izatea maite. Gizonen egoa handiagoa izaten ohi da. Hollywoodeko filmek utzi diguten iruditeria ere hor dago, eta horietan gizon altu, kementsu eta ausartak dira gerra berriemaile. Emakumeok, oro har, ez dugu nabarmentzea maite. Gure lana istorioak kontatzea da, eta hori da asetzen gaituena. Gure lana ongi egiteak. Jendearentzat bozgorailu izateko joaten gara joaten garen tokietara. Baina orain zaila da. Ez gaituzte bidaltzen. Europan gertatzen ari den eskuin muturraren gorakadak kezkatzen nau, eta uste dut gizarte osoak kezkatu beharko lukeela. Baina ez dugu horren berri ematen modu sakon batean. Gabeziak badira.
Nolako gabeziak?
Anitz hitz egiten da trantsizioaren garaiaz, baina informazio askatasunak, adibidez, gabeziak baditu, mugak baditu. Espainian, adibidez, ustelkeria ez da behar bezainbertze jorratzen. Eta nekez lortuko duzu herri demokratiko bat kazetariei mugak ezartzen badizkiezu. Hagitz arriskutsua da. Kazetariok ere badugu zer aldatu. Argi izan behar dugu gure lana dela kritiko izatea, eta boterea zalantzan jartzea; ez babestea.
Irudia: Ana del Paso / Foku