Hartzak berezko lurraldea du Pirinioetakoa, baina, hala eta guztiz ere, zalaparta izan da beti nagusi animalia horren inguruan. Zalaparta sortu zuten Camille-k egindako lehen erasoek, 1998an; zalaparta sortu zuen 2006an bost hartz askatzeko hartutako erabakiak; eta zalaparta sortu du, orain, Claverina eta Sorita-ren etorrerak.
Nafarroan, abeltzainek egin dute hartzen aurka, batez ere, animalia hori inguruan egoteak beren jarduerari eragiten diolako. Administrazioak kalte-ordainen eta sarien bidez egin dio aurre, orain arte, oposizio horri. Aurreko gobernuek, bai eta oraingoak ere, kalteak ordaindu dituzte, eta dirua eman diete abeltzainei, gainera, ardiak hartza dagoen eremuan izateagatik. Biarnoko FIEP taldeak salatu du bide horri eutsi izana, eta “zaintza lehenesteko” eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
2015. urteko abenduan egin zuten FIEP taldeko kideek bilera Nafarroako Ingurumen Departamentuko kontseilari Isabel Elizalderekin. Bilera horretan, bai eta urtarrilean igorritako gutun batean ere, eskaera zehatza egin zuen FIEP taldeak: Nafarroako Pirinioetan dauden ardiak zaintzeko neurriak hartzeko, eta gisa horretako neurriak lehenesten dituzten politikak eta estrategiak garatzeko.
Hori egiten ez bada, egoerak okerrera egiteko arriskua badela uste dute Biarnoko ekologistek: “Claverina ezagutzen ez duen eremu batean da; ardiak ez badituzte zaintzen, elikatzeko bide erraza aurki dezake”. Horrek ekarriko luke, FIEPekoen ustez, “erabaki politiko batek hartzaren jokabidea baldintzatzea”.
Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko gaitasuna duela uste du FIEPek, gutxi direlako ardiak esplotatzen dituzten abeltzainak Erronkarin.
Ingurumen Departamentuak ez dio erantzun FIEPi. Azaroan, halere, bilerak egin zituzten Erronkariko abeltzainekin. FIEPek “ontzat” jo du hori. Baina “politikak aldatzeko beharra” berretsi du talde ekologistak.