Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Edurne Elizondo

Bertze bat. Hamaikagarren sententzia Castejongo zentral termikoen aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Elerebro enpresaren azpiegituraren baimenak ez duela betetzen ingurumen araudia, eta, ondorioz, ixteko agindu dezala eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari.

Castejongo zentral termikoak 2002. urtean egin zuen bat argindarraren sarearekin. Orduan, Castejon I izena zuen zentralak osatzen zuen azpiegitura. Handik gutxira, 2005. urtean, handitzeko baimena eman zuen administrazioak, eta horrela jarri zuten martxan Castejon II proiektua. Orduan hasi zuen zentral termikoen aurkako oposizioak bere ibilbidea epaitegiz epaitegi.

Bide horrek emaitzak eman ditu, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki plazaratutako zentralen aurkako sententzia ez baita bakarra izan. 2008. urtean, jada, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zentralaren inguruko udalerriz gaindiko eragina duen plana. 2011. urtean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen auziari buruzko bere iritzia, eta bere ebazpenaren bidez argi utzi zuen Castejon II zentrala legez kanpokoa zela; bertan behera utzi zuen Espainiako Industria Ministerioak azpiegitura hori eraikitzeko emandako baimena.

Sententziak mahai gainean egon arren, ebazpen horiek ez dute ondoriorik izan zentralen egoeran, orain arte. Hau da, urratsik ez da egin Castejon II proiektuaren baimena hutsean uzteko eta, ondorioz, sententzia betetzeko. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berak, 2013. urtean, erran zuen bere sententziak ez zuela enpresa urratsik egitera behartzen, “adierazpen hutsa” zelako. Kontua da epaileek sententzia betearazi baino lehen Espainiako Energia Ministerioak baliozkotu egin zuela zentralaren baimena, 2012an.

Auzi jakin hori da oraingo sententziaren gako nagusia, hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak nabarmendu duenez. “Gorenak argi utzi du gobernuak baimena baliozkotzeko egindako urratsak lotura zuzena duela Madrilgo epaileen kontrako sententziarekin. Epaiak berretsi du zentralak jasotako baimena ez dela legezkoa”, nabarmendu du talde ekologistak.

Frantziara eramateko

“Herritarrek hamalau urte egin dituzte jada zentralen aurka borrokan; epaileek ontzat eman dituzte haien eskaerak, eta, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin”, gaineratu du Sustrai Erakuntza fundazioak. “Espainiako Auzitegi Gorenak bitan egin du bat Sustrai Erakuntzaren argudioekin, zentralen auzian; zer gehiago behar du gobernuak zentralaren jarduera bertan behera uzteko agindu dezan?”, galdetu dute taldeko kideek.

Sustrai Erakuntza fundazioak bertze auzi batekin lotu du Castejongo zentral termikoena: Castejon eta Muru Artederreta arteko linea elektrikoarekin, alegia. “Une honetan, bada proiektu bat linea hori Ezkio-Itsasoraino (Gipuzkoa) eramateko. Linea horren helburua izanen da Castejongo eta bertze hainbat herritako zentraletan sortutako energia Frantziara garraiatzea”, salatu dute Sustrai Erakuntzako arduradunek.

Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, hain zuzen ere, jendaurrean salatu ditu berriki asmo horiek. Proiektuak 49 herri ukituko lituzke; herri horietako udalek jasoa dute proposamena, aztertzeko. “Ehunka hautetsi lanean ari dira jada proiektuaren aurkako adierazpena onartzeko”, azaldu du plataformako bozeramaile Alberto Friasek, Iruñean egindako agerraldian.

Adierazpen hori jendaurrean aurkezteko, hain zuzen ere, batzar batera deitu ditu plataformak hautetsi horiek. Hilaren 27an eginen dute, Nafarroako hiriburuan.

Plataformako kideek berretsi dute ez dagoela beharrik goi tentsioko linea egiteko, eta bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioak errandakoarekin: proiektua argindarra kanpora eramateko asmoekin lotu dute, alegia.

Friasek salatu du goi tentsioko lineak kaltea eraginen lukeela ingurumenean, eta kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan ere izanen lituzkeela ondorioak. “Hori guztia ezkutatzen saiatzen dira bultzatzaileak, ordea”, erran du.

Plataformak ontzat jo du hasierako proiektuan aldaketak egin izana. Hasierako asmoa zen, hain zuzen, Deikaztelun azpiestazio bat egitea, eta halakorik ez du jasotzen proiektu berriak. Plataformakoen lanak eragin du, neurri batean, erabaki hori, Friasen hitzetan. Halere, argi utzi du proiektuak ez duela “zentzurik”. Hau da, azpiestazioa egiten ez badute ere, goi tentsioko linea berririk ez dela behar nabarmendu du plataformako bozeramaileak. “Lanean jarraituko dugu”.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku