Batzen segitzeko ilusioz

Batzen segitzeko ilusioz

Uxue Rey Gorraiz

Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?”, dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.

1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.

Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.

Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. “Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita”, dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.

Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. “Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean”, argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. “Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren.” Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia “ausarta” izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: “Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen”. Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. “Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti”, erantsi du erredakzioburuak.

Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. “Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan”, azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. “Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu”, dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.

Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. “Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta”. Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.

Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. “Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du”, nabarmendu du Alvarok.

Garai latzetan, babes

Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. “Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan”. Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. “Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!”. Ez Sakanan, ordea.

2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.

“Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan”, azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.

Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. “Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako”.

Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. “Bazkideei esker izan zen gehienbat”, dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. “Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute”, dio irribarrez Beteluk.

Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: “Eskerrak eman besterik ezin dugu egin”.

Sakana, euskara, ‘Guaixe’

Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.

Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. “Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai”, azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.

Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. “Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?”, dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. “Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso”, dio Beteluk irriz.

Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. “Batzen segi dezagun”.