Edurne Elizondo
Ziudadelako lurrean sortu da klima aldaketaren aurka borrokatzera deitu duen azken oihua: Naturart ekinaldiaren barruan, diseinatutako lorategiak errealitate bilakatu dituzte proiektuan parte hartu duten Iruñerriko ikastetxeetako kideek. Denera, hamar sailkatu dira azken fase horretarako. Haien lana ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 12ra bitartean.
Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Emausko Trapuketariek bultzatuta egin dute Naturart, bigarrenez. Ingurumenari so egiteko ekinaldia da, eta Iruñerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak batu ditu planetaren aldeko borrokara. Plastikoek eragindako kutsadura, tenperaturaren igotzea eta gisako auziak jarri nahi izan dituzte mahai gainean, hitz egiteaz gain ekitea “premiazkoa” dela nabarmentzeko asmoz.
Hori egiteko, ikasleek landareak izan dituzte tresna nagusi. Denera, hamalau ikastetxek hartu dute parte egitasmoan. Ikasturtearekin batera hasi ziren beren ideiak lantzen eta garatzen, Ziudadelak orain hartu dituen behin-behineko lorategiak diseinatu ahal izateko. Asmoa zen, iaz egindako Naturart ekinaldian bezala, lorategi horien bidez laburbiltzea ingurumenaren alde zabaldu nahi duten mezua.
Ehunka ikasle lanean
Hamalau ikastetxe horietan, 12 eta 18 urte bitarteko 624 ikasle aritu dira lanean, irakasleen laguntzarekin. Horretarako, gela barruko saioak aprobetxatu dituzte, eta sarean ere egin dituzte urratsak beren diseinuak osatzeko. Sustatzaileek haietako hamar aukeratu dituzte, azkenean, Ziudadelan lorategiak egiteko. Ikasleek beren herrietako udaletako lorezaintza zerbitzuen laguntza izan dute beren diseinuak gauzatzeko.
Lorategiak ikasleen diseinuaren arabera gauzatu eta gero, hain zuzen ere, Ziudadelan hartu duten eremua herritarrentzat zabaldu du Iruñeko Udalak, lanak ikusi ahal izateko. Maiatzaren 12ra bitarte egonen da espazio hori zabalik. Gainera, azken fase horretarako sailkatu ez diren ikastetxeek egindako lana ezagutzeko aukera ere izanen dute iruindarrek, haien lorategien maketekin osatu baitute Ziudadelako erakusketa berezia.
Hamar lorategiak egiteko, 1.500 metro koadroko eremua erabili dute. Bakoitzaren ondoan, ikasleen lana azaltzen duen kartela jarri dute. Iruñeko Udaleko eta Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek bisitatu dute erakusketa jada. Nekazaritza eta Basogintza Institutuko, Cuatrovientos zentroko, Ochoa de Olza ikastetxeko, Jaso ikastolako, Mendillorriko institutuko, Nuestra Señora del Huerto ikastetxeko, Sagrado Corazon eskolako, San Cernin zentroko, Iturrama institutuko eta La Compasion ikastetxeko ikasleek diseinatutakoak dira ikus daitezkeen lorategiak. Maketek, berriz, Sierra de Leire, Vedruna, Luis Amigo eta Isterria ikastetxeetako kideek egindako diseinuak islatzen dituzte.
Naturart ekinaldiaren bidez, ingurumenaren aldeko borroka eta artea uztartu nahi izan dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko premia da lorategien bidez ikasle gehienek zabaldu nahi izan duten mezu nagusia. Eta loreekin idatzi dute, lurrean.
Irudiak: Iruñeko Udala