Edurne Elizondo
Azken berrogei urteotan egindako lehiaketetako bakar batean ere ez dute irrati komunitarioentzako lizentzia bakar bat ere banatu; bada garaia bazterketa historiko horren auzia konpontzeko”. Horixe nabarmendu dute Eguzki irratiko eta hedabide hori babesten duen Apice elkarteko kideek, jendaurrean egindako agerraldi batean. Azaldu dute izena eman dutela Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak emateko martxoan abiatutako azken lehiaketan. Hori ere irrati komertzialentzat antolatu dute bakarrik. Egoera hori salatu, eta konponbidea eskatu dute Eguzkiko ordezkariek.
1982. urteko abenduan egin zuen Eguzki irratiak lehendabiziko saioa, Jarauta karrikako egoitzatik. Alde Zaharrean da irratia oraindik ere, Nabarreria karrikan. Lehen saio hori egin zuenetik, lizentziarik gabe egin du aurrera proiektuak; maldan gora egin behar izan du bidea anitzetan, azken lau hamarkadetan lau aldiz itxi baitute irratia.
1983. eta 1984. urteetan itxi zuten, Euskal Herriko beste irrati libre anitz bezala, eta 1988. urtean ere bai, Espainiako erregeak Iruñera egindako bisitak eragindako istiluen inguruko informazioa zabaltzeagatik. 1992. urtean saiatu ziren isilarazten azkenekoz. Baina airean jarraitzen du irratiak. “Gurearen gisako hedabideek ezin dute duintasunez eta berdintasunean lan egin, erregularizatzen ez badituzte”, erran du Eguzki irratiko kide eta esatari Jorge Riberak, halere.
Martxoan antolatutako azken lehiaketan, Nafarroako Gobernuak Iruñean banatzeko irrati lizentzia bat gorde du. Lehiaketa horrek 2017. urtean antolatutakoa ordezkatu du, duela bi urtekoa bertan behera utzi eta gero. Eusko Media erakunde pribatuak helegitea aurkeztu zuen 2017an, eta, aintzat hartu eta gero, gobernuak bazter utzi zuen lehiaketa. 2017. urtekoan bazen lizentzia bat irrati komunitarioentzat; haren ordez martxoan antolatutako lehiaketan, ordea, ez.
Eguzki irratiko kideek “tamalgarritzat” jo dute irrati komunitario bati lizentzia emateko aukera galdu izana. “Aurreko gobernuen bidetik egin du aurrera ustezko aldaketaren egungo gobernuak ere, eta ez da gai izan arazoa konpontzeko. Bere esku zegoen hori egitea; ez dugu ulertzen zer-nolako interesen arabera erabaki duten irrati komunitarioak bazter uzten jarraitzea”, salatu du Otanok.
Herri mugimendua ardatz
Herri mugimenduen bozgorailu izateko sortu zuten Eguzki irratia, 1982. urtean; Iruñeko garai hartako talde ekologista eta antinuklearra izan zen proiektu horren bultzatzaile. Eguzki izeneko aldizkariarekin hasi, eta uhinetara egin zuten jauzia gero. “Beharrezkoa zen ahotsik ez zutenei ahotsa ematea”, arduradunen hitzetan. Xede bera dute ardatz orain ere. “Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Aurrera egin dugu; garatu dugu proiektua, baina oinarri horri eutsi diogu”. Krisi ekonomikoari ere egin diote aurre, eta, bazkideen eta entzuleen babesarekin, zutik jarraitzen du Eguzki irratiak.
Zutik da, eta urratsak egiten segitu nahi du, gainera. Horregatik erabaki dute irratiko kideek martxan den lehiaketan parte hartzea. Izena emateko epea berriki amaitu da, eta datozen hilabeteetan erabakiko da. “Hurrengo gobernuaren lana izanen da”, erran du Riberak.
Irratiko kideek ez dute zalantzarik Eguzkik lizentzia merezi duela. 36 urtez egindako bidea nabarmendu dute, eta erantsi dute baimena jasotzeak “hedabideen demokratizazioari eta adierazpen askatasunari” eginen liekeela mesede.
Gaineratu dute Europan anitz direla lizentzia duten Eguzkiren gisako irrati komunitarioak. “Espainiako Estatuan ere badira; aukera badago”. Eguzkiko kideek salatu dutenez, ordea, borondatea falta izan da orain arte.
Irratiko arduradunak borondate hori aldarazten saiatu dira, irrati komunitarioentzako lizentziarik gabeko lehiaketa ekarri duten agindu eta dekretuen aurka eginez. Egoera jendaurrean salatzea izan da egindako azken urratsa. Eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. “Eguzki irratiak lizentzia lortzen duenean, Nafarroako gizarte osoak irabaziko du, askotarikoa dela erakutsiko baitu”, bukatu dute Otanok eta Riberak.