Edurne Elizondo
Martxan da jokoa. Bart gauerdirako, lasterketaren irteera marran ziren hautagai guztiak, eta, pistolaren hotsa entzun orduko, korrika hasi dira. Bi aste luze barru ailegatuko dira helmugara: hilaren 26ko Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeetara, alegia. Nafarroako Gobernuko egungo presidente Uxue Barkosekin batera, bertze 11 lehendakarigai ariko dira boto bila. 50 aulki daude jokoan, eta, haien bidez, herrialdeko gobernua osatzeko aukera.
483.783 herritarrek izanen dute bi aste barruko bozetan botoa emateko eskubidea. Duela lau urteko hauteskundeetan, %68,26 izan zen parte hartzea. Hilaren 26rako, hain zuzen ere, boto emaileak aktibatzea izanen da alderdi eta koalizio guztien helburu nagusietako bat. Gaur egungo egoera ez da duela lau urtekoa bezalakoa, eta hilabete eskaseko denbora tarte batean bigarrenez deitu dituzte herritarrak bozkatzera.
Apirilaren 28an egin zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta emaitzek Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan zer-nolako eragina izan dezaketen argitzea izanen da gako nagusietako bat. Legegintzaldian, aldaketaren eta erregimen zaharraren arteko tirabirek markatu dute jarduera politikoaren erritmoa, baina azken txanpan oholtza gainera igo dira orain arte oihalaren atzean ezkutatuta ziren bertze hainbat aktore, eta horrek ekarri du giroa aldatzea.
Joan den apirilean, eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiteko asmoak baldintzatu zuen herritar anitzen botoa. Nafarroan, %76,29 izan zen parte hartzea, eta Navarra Sumak jaso zuen boto gehien. Bi aulki eskuratu zituen UPNren, Ciudadanosen eta PPren arteko eskuineko koalizioak Espainiako Kongresuan; bertze bi, PSNk; eta bakarra, berriz, Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Equok eta Batzarrek osatutako koalizioak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gauza bat dira, eta bertze gauza bat dira Nafarroako Parlamentua osatzeko bozak. Hala eta guztiz ere, PSNk maiatzeko hauteskundeetan bete dezakeen rolari so dira herritar anitz.
Gehiengoen jokoa
Geroa Baiko Uxue Barkosi dagokio agintean jarraitzeko erronkari aurre egitea. 2015etik, EH Bilduren, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin izan da Geroa Baiko Barkos gobernuko presidente, eta hilaren 26rako hauteskundeen testuinguruan, argi eta garbi erran du lauko gobernuaren aldekoa duela apustu nagusia.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gehiengoa eman dieten 26 aulki izan dituzte Nafarroako Parlamentuan, azken lau urteotan. Gehiengo horri eustea du Barkosek helburu, baina zehaztu du “gehiengoen jokoa” herritarren esku dagoela, eta beren botoen bidez erabakiko dutela, hain zuzen ere, hilaren 26an. PSNrekin akordioa egiteko aukerari buruz, “behar diren gehiengoak gehitzeko prest” dela erantsi du, beraz.
Barkosek eta gainerako hautagaiek datozen bi asteotako kanpaina aprobetxatu beharko dute gehiengo horiek beren aldera eramateko. Azken hitza herritarrek izanen dute, hilaren 26an. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko aukera izanen dute eskubide hori kendu zieten 2.000 pertsona inguruk, lehen aldiz. Adimen desgaitasuna duten pertsonak dira. Sistemak botoa emateko eskubiderik gabe utzi zituen, baina, hauteskunde legea aldatu eta gero, berreskuratu dute. Apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan zuten botoa emateko aurtengo lehen aukera.
Apirileko hauteskunde horien aurretik, hain zuzen ere, karrikan egin zuten protesta Nafarroako gobernuz kanpoko hainbat erakundek, migratzaile anitzek ere botoa emateko eskubiderik ez dutela salatzeko. SOS Arrazakeriak eta Paperak Denontzat, Africa United eta Afrikako Lorea elkarteek agerian utzi zuten herrialdean bizi diren 50.000 migratzailek ezin izanen zutela parte hartu Espainiako Gorteetarako bozetan. Nafarroako Parlamenturako bozetan parte hartzeko ere, Espainiako herritartasuna izan behar dute botoa eman nahi duten migratzaileek.
Udal hauteskundeetan, berriz, Europako Batasuneko migratzaileek badute botoa emateko eskubidea, bai eta bertze herriren batekoak direnek ere, baldin eta Espainiako Gobernuak herri horiekin akordiorik sinatu badu. Herrialdean, zehazki, 2.915 migratzaile dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izanen dutenen zerrendan.
Nafarroan bizi diren migratzaile guztiek ezin dute botoa eman; ezta jaso ere. EH Bilduk Africa United elkarteko Modou Faye Beltxa sartu zuen Iruñeko Udalerako bere hautagaien zerrendan, baina ezin izan dute erregistratu, azkenean, ez duelako Espainiako herritartasuna. Duela hamar urtetik baino gehiagotik ditu Modou Fayek legeak Nafarroan egoteko eskatzen dizkion agiri guztiak, baina, hala eta guztiz ere, ezin izanen du zinegotzigai izan.
Are eskubide gutxiago dute paperik ez dutenek. 5.700 inguru izan daitezke herrialdean, gobernuz kanpoko erakundeen gutxi gorabeherako datuen arabera. Maiatzaren 26an parlamentuan eta udaletan banatuko dituzten aulkietan eseriko direnek ezarriko dituzten politikek, halere, haiei ere eraginen diete, jokoan diren gehiengoak osatzeko eskubiderik ez izan arren.