Babesa etiketa bilakatuta

Babesa etiketa bilakatuta

Edurne Elizondo

Zerbait hondatzea nahi baduzu, babes ezazu”. Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek erran ditu hitzok, eta horien bidez azaldu nahi izan du espazio bat eremu babestu izendatzeak ez duela bermatzen babes horrek legez jasotakoa betetzea, eta, finean, ekosistema hori zaintzea. Haren ustez, Nafarroako naturguneekin eta horiek babesteko garatutako araudiekin hori gertatu da: “Babesa etiketa huts bilakatu da, eta ez dira lehenetsi ingurumenarekin lotutako balioak”.

Natur Parkeen Europako Eguna da gaur, baina Navascuesek nabarmendu du ospatzeko gutxi dagoela herrialdean. 1999. urtean hasi ziren natur parkeen eguna ospatzen, Europan, Europarc fundazioak bultzatuta. Berrogei herri inguruko naturgune babestuak ordezkatzen ditu erakunde horrek. Nafarroako Gobernua ere bada fundazioko kide. Maiatzaren 24a aukeratu zuten natur parkeen eguna ospatzeko, 1909. urteko maiatzaren 24an izendatu zituztelako Europako lehendabiziko natur parkeak, Suedian.

Bertiz. Irudia: Joxean Gil-Garcia

Nafarroan, sarea osatzen dute espazio babestuek; sare horren barruan, hiru natur parke daude herrialdean: Bertiz, Urbasa-Andia eta Bardea. Bardea, gainera, Biosferako Erreserba izendatu zuen Unescok, 2000. urtean. Hiru parke horiek Nafarroako Natura 2000 Sarean daude. Denera, herrialdeko eremuaren %27 hartzen du sare horrek: 281.000 hektarea, alegia.

Legea eta aldaketak

Natura 2000 Sareak oinarrian ditu Europako bi zuzentarau: habitaten ingurukoa, batetik; eta hegaztiena, bertzetik. Habitatak duen balioa kontuan hartuta, Nafarroan 43 espazio babestu daude; hegaztiak babesteko, berriz, hamazazpi ZEPA daude herrialdean. Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak dira horiek.

Paperean, habitata eta hor bizi diren gizakiz bertzeko hainbat espezie babesten dituzte Europako zuzentarauek eta Nafarroan horien arabera garatutako legeek. Paperetik at, egoera bertzelakoa da. Naturguneen Legea, adibidez, bitan aldatu du jada Nafarroako Parlamentuak, bi proiektu zehatz egin ahal izateko: Itoizko urtegia eraikitzeko, lehendabizi, 1996. urtean; eta Larrako eski estazioa egiteko, bigarrenez, 2003an. Bietan prozesu bera gertatu da: aurretik legez babestutakoa babesik gabe utzi zuten, espazio horiek gune babestutzat jotzeko ezaugarriak aldatu ez baziren ere.

Mehatxuak ez dira desagertu. Bardeako natur parkean gertatzen dena da legeak ematen duen zaintzaren ahultasunaren ikur, Navascuesek nabarmendu duenez: “Biosferako Erreserba ere bada, baina, hala eta guztiz ere, tiro eremua du erdian”. Gizakien bertze hainbat jarduerak egiten duten kaltea ere jarri du mahai gainean: nekazaritza, abeltzaintza, bai eta turismoa ere. “Kontrolik eza handia da, eta, zenbait garaitan, ekosistemari kalte egiten dion masifikazioa gertatzen da; Bardeako estepako hegaztien kopuruak behera egin du, nabarmen. Arazoak ez daude bakarrik hemen. Iratik edo Urederraren iturburuak ere jendez gainezka egin dute”, salatu du Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Azken urteotan, hain zuzen, bisitarien kopurua mugatu behar izan du Nafarroako Gobernuak Iratin, hainbat aldiz, dauden aparkalekuak bete eta gero; Urederran ere neurriak hartu behar izan dituzte, eta, orain, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea.

“Betiko dilema dugu mahai gainean: ondarea gorde, edo erakutsi. Herritar guztiona da, finean”, erran du Juan Goñik. Argi du, halere, herritar guztien jarrera ez dela bera. Inguruaz errespetuz gozatzea da gakoa, bere ustez: “Isilik, arrastorik utzi gabe, eta ezagutzen ari garena zainduz, honda ez dadin”. Informatika ikasi zuen Tafallakoak, baina duela 11 urte bere benetako zaletasuna bilakatu zuen bere lanbide: gida lanetan aritzen da herrialdeko naturguneetan. Batez ere, Bertizen. “Iruritan bizi naizelako; edo, agian, Iruritan bizi naiz, Bertiz ondoan dagoelako”, kontatu du.

Pilatosen balkoia, Urbasa-Andian. Irudia: Basquephoto/Gaizka Bilbao

Nafarroako natur ondarearen balioa nabarmendu du gidak. “Europako hiru bioklima nagusiak ditugu herrialdean: mediterraneoa, alpetarra eta itsasaldekoa; horrek aukera ematen digu ikusteko, adibidez, egun berean, Bardeako estepako hegaztiak eta Iratiko basoko okilak”.

Iratiko basoa pagadi-izeidia da. “Europako handiena”, zehaztu du Goñik. Bertizkoa, berriz, pagadi azidofilo hezea da: “120 urtez ez dute ukitu; penintsulako nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe; eta Europako nagusietako bat ere bai, segur aski”, erantsi du. Zaharra da Bertizko basoa, eta horrek bereziki egoki bilakatzen du basoko saguzarrentzat, bai eta okilentzat ere. “Penintsulan dauden zazpi okilak ikus daitezke Bertizen”, erran du Goñik.

Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten Bertiz, 1898. urtean. 1949an, berriz, nafarren esku utzi zuten, basoari bere horretan eusteko baldintzarekin. XIX. mendean, hain zuzen, Zigak eta Fernandezek erosi aurretik, Bertizko egurra erruz ustiatu zuten. “Donostiako Zabalgunea Bertizko egurrarekin eraiki zuten”, erran du Juan Goñik.

Zilbeti gogoan

Bertizko gidak argi du legeek ez dutela bermatzen natur parkeen eta naturguneen babesa. “Bertze hainbat tokitan baino hobea da hemengo egoera, nire ustez, baina ezin dugu horrekin konformatu”, gaineratu du. Zilbetiko pagadiko kasua ekarri du gogora Goñik. “Herritarrek protesta egin zuten, eta lortu genuen han egin nahi zuten harrobia bazter uztea. Horrelako proiektu batek hondamendia baino ez du ekartzen”, salatu du Goñik.

Administrazioa ere ez da babes berme. Argi du Goñik. Abiadura handiko trena eta Nafarroako ubidea aipatu ditu. “Bi proiektuon alde egin du gobernuak; Baztanen ere, Aroztegikoaren mehatxua dugu”.

Basoiloekin gertatu dena azaldu du Goñik: “1970eko hamarkadan bost besterik ez ziren gelditzen; populazioa handitzeko neurriak hartu zituzten, eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, 50 daude. AHTa eta ubidea mahai gainean jarri dituzte, eta bi proiektuon artean hegaztion ugaltze eremuak suntsituko dituzte, eginez gero”, kritikatu du.

Eduardo Navascuesek ere proiektuok salatu ditu. Eta salatu du, halaber, Ablitasko babes bereziko eremuan gertatzen ari dena. “Natura 2000 Sareko espazio bat da, babestuta dago, baina, hala eta guztiz ere, moto gidariak sartzen dira, eta suntsitzen ari dira. Ugaltze garaia da oraingoa, eta jarduera horrek kalte handia egiten die estepako hegaztiei. Kontrola behar da, babesa bermatzeko neurriak”. Babes hori etiketa huts ez izateko.