Badu lana errektoreak

Badu lana errektoreak

Edurne Elizondo

Mugimendu handikoa izaten ari da ikasturtearen azken txanpa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hilaren 9an, errektore berria aukeratzeko hauteskundeak egin zituen erakunde horrek, eta botoen %61 lortuta, Ramon Gonzalo nagusitu zen Maria Jose Beriain bertze hautagaiaren kontrako lehian.

NUPek oraindik ez du zehaztu Gonzalo errektore izendatzeko ekinaldiaren data. Ardura bere gain hartu bezain pronto, halere, erronka nagusi bat izanen du mahai gainean: 2019-2020ko ikasturtean, Medikuntza ikasketak abian jartzea. Ez da lan bakarra izanen, halere: euskara, ikasleenganako harremana eta bertze hainbat gai ere jorra ditzala eskatu dute NUPeko kideek.

Orain arteko errektore Alfonso Karlosenaren zuzendaritza taldeko kide izan da Gonzalo. Lehengo lepotik burua, beraz. Telekomunikazioetan katedraduna da, eta hilaren 9ko hauteskundeetan, sektore guztietan nagusitu zen, ikasleenean izan ezik. Ikasleen artean Beriainek irabazi zuen: 531 boto jaso zituen; Gonzalok, berriz, 399. Boto haztatuko sistema erabiltzen dute NUPen. Abstentzioa handia izan zen: %89, hain zuzen ere.

“Beriainek irabaztea nahi genuen; lehendabiziko aldiz aurkeztu da emakume bat, eta aldaketa nahi genuen. Unibertsitatean, oraindik ere, gizonezkoak dira nagusi aginte karguetan”, azaldu dute Haur Hezkuntzako Irakasletzako bigarren mailako ikasle Blanca Maria Racero Peraltak eta Olga Navarrete Benitok.

Ikasleok ez dira ados NUPeko botoa emateko sistemarekin. “Ikasleon botoak gehiago balio beharko luke; finean, gu gara sektore nagusia”, aldarrikatu dute. Errektoreari zer eskatu badute. Batetik, nabarmendu dute unibertsitateko buruaren eta ikasleen arteko harremana hagitz eskasa dela, eta bi alde horien arteko komunikazioa hobetu beharko luketela NUPeko arduradunek. Bertzalde, liburutegiaren gisako azpiegiturak moldatzeko eta handitzeko beharra jarri dute mahai gainean.

Euskaraz, gutxi

Euskararen auzia nabarmendu nahi izan du Gizarte Laneko hirugarren mailako ikasle Ainhoa Tobajasek. “Nik ezin ditut ikasketak euskaraz egin; gradu bakarra dago NUPen euskaraz, eta bada garaia egoera hori aldatzeko. Ikasle anitz gaude NUPen euskaraz ikasteko zain”, salatu du.

Tobajasen ikaskide da Andrea Olaia. Informaziorik ezari buruzkoa da bere kexa. “Errektorearekin ikasleok ez dugu inolako harremanik; hauteskundeak antolatu zituztenean, barruko posta elektronikoaren bidez bidali ziguten jaso dugun informazio apurra. Kartelen bat ere jarri dute, baina ez da inor geletara etorri bere programaren berri ematera. Hori behar dela uste dut”, azaldu du. Irakasletzako ikasleek bezala, Gizarte Lanekoek ere emakume bat ikusi nahi zuten NUPeko arduradun. “Pena da aldaketa hori gertatu ez izana”, erran dute.

Ikasleon iritziak kontuan hartzen baditu, badu lana NUPeko errektore berriak. Euskararen gaiari buruz, halere, ez du ematen egoera gehiegi aldatuko denik. Karlosenaren Ikerketako errektoreorde izan da Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari segida ematea zela bere asmoa. Hizkuntzaren arloan, hainbat helburu finkatu zituen orain agintea utziko duen taldeak, eta hori hartuko du ardatz talde berriak: NUPek 1.689 kreditu eman beharko lituzke euskaraz, horren arabera; kredituen %25, alegia. Hori zen, eta bada, helburua, baina NUP kopuru horretatik urrun da, oraindik ere.

Gonzalok zehaztu du bere lehentasuna zein izanen den: finantzaketa. Karlosenak 2020. urtera bitarteko ituna sinatu zuen, 2017an, Nafarroako Gobernuarekin, eta errektore berriaren asmoa da akordio hori luzatzea. “Hainbat urterako hitzarmenak egitea beharrezkoa da, unibertsitateak egonkortasuna izan dezan”.

Finantzaketarako planak kontuan izan beharko du NUPek Medikuntzako ikasketak eskainiko dituela datorren ikasturtetik aurrera. Erizaintza fakultatean hasiko dira eskolak ematen, bi urte beharko baitira Medikuntzako fakultatea hartuko duen eraikineko lanak bukatzeko. “Kalitatearen aldeko apustua eginen dugu”, erran du Gonzalok, Medikuntzako ikasketei buruz. Osasun Departamentuaren inplikazioa eskatu du.