Iritzia: Zutik, Nafarroa

Iritzia: Zutik, Nafarroa

Lur Albizu Etxetxipia

Azken lau urteotan hamarkada luzez bizi izan gabeko egoera batean bizi izatera ohitu gara. Ohitu, edo. Nafarroan gehien erabili den hitza, zalantzarik gabe, aldaketa izan da. Aldatu: zerbaiten edo norbaiten ordez, kideko bat jarri edo hartu; erabili den arropa erantzi, eta beste bat jantzi; desberdin bilakarazi, desberdin bilakatu, aldakuntza bat izan. Gauza bat ezin da ukatu: aldaketa instituzionala gertatu zenetik, desberdinak dira Nafarroan gauza asko. Bizitzea ere desberdina da.

Aldaketa instituzionala zerbaitengatik gertatu zen, zerbaiti esker gertatu zen. Ekaitz perfektua. Baina ez kasualitatea. Kausalitatez betetako gertakizuna izan zen. Urte luze (hamarkada) askotan kozinatutako aldaketa, sektore, talde, ideologia, pentsamendu desberdinak batu zituen ekinbidea izan zen. Bat eta bakarra: erregimena etsai, hura instituzioetatik botatzea. Arrakalak ireki, eta kalean gertatzen ari zen aldaketa sozialari bide ematea.

Oso ongi ulertu genuen zein zen bidea. Arnasa hartzea ere zaila zen comunidad diferenciada horretan, forala eta espainola zena. Beste ezeri tokirik egiten ez ziona. Adibideak asko dira; gutako bakoitzak bereak izanen ditu. Memorian iltzatuta geratu zaizkit niri Gazteluko Plazako aparkalekua eta txikizioa, sanferminetako prozesioko polizia okupazioa, Euskal Jai, Olentzero debekatuak, Txantreako kaldereteetako igerilekua, dietak, korrupzioa, euskararen kontrako ekimenak, D ereduko ikastetxeen kriminalizazioa, Fiteroko kuartela, sare publikoan abortatzeko ezina… Jauntxoen Nafarroa, eliteen Nafarroa, navarrísimo-en Nafarroa. Opus Deiren Nafarroa.

Eta engainuen Nafarroa. Eskuinak boterean jarraitzeko eta Nafarroa gris horrek aurrera egiteko ezinbestekoa izan den makulua: PSN. Urtez urte, hauteskundez hauteskunde eta hamarkadaz hamarkada A esan eta B egin duen zorigaiztoko PSN. Aukera izan duen orotan UPNri, PPri dena oparitu diona. Pribilegioen eta bazterketaren Nafarroa bultzatu duena. Horretan ari dena. 2019an Ribaforadatik bere bizilagunak kanporatzeko lan konplizea egiten duen PSN bera.

Aldaketaz luze hitz egin genezake. Egindako akatsez, egindako hanka-sartzeez, egiteke dagoen bideaz. Baina ezin uka Nafarroan gauza asko aldatu direla eta aldatzen ari direla. Nafarroa aldatu egin dela, orain ezkerrekoagoa delako, feministagoa, justuagoa, solidarioagoa. Guztiontzako Nafarroa batekin amets egiten dugunontzat, bizitzea errazagoa den Nafarroa.

Aurrera egitea ezinbestekoa da. Aldaketak guztiok behar gaitu, bermeak behar ditu. Kalean eta instituzioetan lan eginen duten pertsonak. Epe luzeko aldaketa batek tamaina horretako begiradak behar ditu. Nafarroa bizia, ezkerretik eta behetik eraikia. Kontraesanak kudeatuko dituena, aurrera jarraitzeko. Irautea merezi duen aldaketa.

Horiek guztiak zintzotasunez, konpromisoz eta argitasunez uztartu behar dira. Bide eder hau konpartitzeko, bidea behetik eta mugimendu desberdinetatik egiteko aukera izaten jarraitzeko. Urrunera joateko. Bizitza eta lurralde burujabeak izanen dituen Nafarroara salto egiteko.