Ane Eslava
Datuek argi erakusten dute: ozeanoak zaborrez betetzen ari dira. 1950eko hamarkadan gizakia plastikoa masiboki erabiltzen hasi zenetik, kontsumoko oinarrizko material bilakatu da. Dagoeneko 8.300 milioi tona plastiko baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako 34.000 milioi tonaraino irits daiteke, AEBetako Georgiako Unibertsitateak emandako datuen arabera. Zientzialariak aspaldi hasi ziren ohartarazten itsasora botatako plastikoak bost gune nagusitan biltzen ari direla eta, erritmo horri eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egon daitekeela itsasoan.
Egoera larria da, beraz. Eta, horretaz jabetuta, asko dira arazoaren inguruko kontzientziazioa zabaltzeko lanean dihardutenak, baita Nafarroan ere. Hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateak helburu horrekin antolatu du Skeleton Sea erakusketa. Itsasotik bildutako zaborrekin sortutako hamahiru artelan jarri dituzte Iruñerriko hiru tokitan.
Joao Parrinha, Xandi Kreuzeder eta Luis de Dios surflariek egin dituzte eskulturak. Lisboakoa, Munichekoa eta Alacantekoa dira, hurrenez hurren, baina Portugalgo hondartza batean ezagutu zuten elkar. Surfean aritzen zirenean uretan ikusten zuten zaborrak kezkatuta, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.
“Beti ikusten genuen zabor pila bat hondartzetan”, kontatu du Kreuzederrek surfari buruzko webgune batean; “baina behin, Indonesiako leku zoragarri batean geundela, plastiko multzo izugarri handi bat ikusi genuen uretan, eta ezin sinetsita gelditu ginen”.
Orduan, hondakinak jasotzea eta artelan bihurtzea erabaki zuten, eta hala sortu zuten Skeleton Sea erakusketa, 2005ean. Ordutik hainbat herrialdetara eraman dute, eta oraingoan Mendillorriko ur biltegian eta Atarrabiako San Andres errotan zein batanean ikus daiteke. Uztailaren 5era arte egongo da zabalik hiru tokietan.
Egileek itsasoko animaliak irudikatu dituzte zaborrekin: karramarro bat herdoildutako burdin zatiekin, olagarro bat arrantzaleen sareekin, arrain bat latekin… Artelan gehienek irudi etsigarriak erakusten dituzte: ahotik plastikoa darion balea, soka artean harrapatutako izurdea… Artistek mezu argia bidali nahi dute: “Izan itsasoak garbi; errespeta dezagun natura”.
Mobilizazioa helburu
Iruñerriko Mankomunitateak Libera proiektuarekin bat egin du erakusketa antolatzeko. SEO Birdlife GKEak eta Ecoembes enpresak abiatu zuten egitasmo hori, 2017an, naturara heltzen diren hondakinek eragiten dituzten kalteen inguruko kontzientzia sortzeko, eta gizartea mobilizatzeko. Mankomunitateak ere helburu berarekin antolatu du erakusketa, Igor Rico kideak azaldu duen moduan: “Gizarteak ulertu behar du zabor gutxiago sortu behar duela eta sortzen duena ongi kudeatu; izan ere, hondakinak edozein tokitara botaz gero, azkenean estoldetatik ibaira heltzen dira, eta handik, itsasora”.
“Erakusketaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditugu Libera proiektuaren testuinguruan”, esan du Ricok. Hitzaldiak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste. Beren alea jarri nahi baitute mankomunitateko kideek itsasoa behingoz zaborretik askatzeko.