“Jokalari guztien indarrak ekarri du gure kirolak aurrera egitea”

“Jokalari guztien indarrak ekarri du gure kirolak aurrera egitea”

Edurne Elizondo

Kontent, baina oporrak hartzeko irrikan. Halaxe da Osasunako kapitain Mai Garde (Iruñea, 1987). Balentria egin du taldeak, Bigarren Maila irabazi baitu, hiru urteko bidea egin eta gero. Datorren sasoian, sortu berri duten Lehen B Mailan ariko dira nafarrak.

Zaleen txaloak jaso dituzue asteburuan, Sadarren, gizonen taldeko jokalariekin batera. Eskertzen dira horrelakoak?

Bai. Sasoia hagitz polita izan da guretzat; taldearentzat, oro har, denboraldi hagitz ona izan da, eta orain dagokigu egindako lanaren aitortza jasotzea. Hori eskertzekoa da beti.

Sasoia biribila izan da Osasunarentzat. Espero zenuten horrela amaitzea hasi zenutenean?

Uste dut hainbat gauzak egin dutela bat. Azken urteotan gauzak ongi egin ditu taldeak, nire ustez, eta erein duen hazi hori loratu egin da. Uste dut zaila izanen dela oraingoaren pareko bertze sasoi bat egitea. Gizonen taldea Lehen Mailara itzuli da, eta gu igoera lortzekotan izan gara. Emakumezkoen bigarren taldeak lortu du: Bigarren Mailara igo da. Osasunak hagitz urte txarrak izan ditu, baina Taxoaren lan ona egiten hasi dira, eta horren emaitza ari gara zelaian ikusten.

Lehen Mailara igotzea lortu ez izanaren arantza baduzue?

Bai. Igotzeko lehiara iristea lortu genuen, eta, noski, helburua igotzea zen. Baina uste dut egindakoari duen balioa eman behar diogula. Taldearen helburua ez zen liga irabaztea ere. Lehen lau onenen artean sailkatzea zen gure xede nagusia, eta sasoia hasi zenean esango nuke denek uste zutela laugarren izanen ginela, gehienez ere. Talde gaztea da, ia denak gara etxeko jokalariak, eta talde profesionalen aurka aritzea egokitu zaigu, guk lortu dugun postuan egoteko helburuarekin osatutako taldeen aurka, alegia. Tristatu gintuen igotzeko lehia horretako finalera iritsi ez izanak, baina uste dut orain, denbora pixka bat pasatu eta gero, egindako guztiaz ohartzen ari garela.

Igoera lortu ez izanak ilundu du urte osoko lana, neurri batean?

Uste dut igoera lortzeko finalean sartu ez izanak guri eta zaleei erakutsi digula lortu duguna benetan garrantzitsua izan dela. Agerian gelditu da zer zaila zen aurrean genuen erronka, eta uste dut horrek ekarri duela, azkenean, sasoi osoan egindako lan horri benetako aitortza egitea. Ohartu gara sekulako lana egin dugula, eta argi dut kontent egon behar dugula. Faboritoen aurka irabazi dugu sasoi honetan, eta uste dut jendeak ikusi duela lortutakoa zenbateraino den garrantzitsu.

Zuek dakizue zein den egindako ahaleginaren neurria.

Nik orain arte egindako lan guztiaren garrantzia nabarmendu nahiko nuke. Ez bakarrik oraingo sasoikoa. Hainbat urtez bazterrean gelditu da emakumezkoen futbola Nafarroan. Garai batean, Lagunak taldea izan zen nagusietako bat, baina arazo ekonomikoek eragin zioten. Orain gutxi batzuk dugu Osasunan aritzeko aukera, baina jokalari guztien lana eta ahalegina eskertu nahiko nuke nik, talde guztietan behin eta berriz saiatu diren emakumeen indar horrek ekarri baitu gure kirolak aurrera egitea.

Emakumeen kirolaren arazoetako bat da babesik eza?

Bai, babesik eza arazo handia izan da guretzat. Orain arte, emakume anitzek kanpora joan behar izan dute futbolean aritzeko, hemen ez zegoelako aukerarik. Gutxik egin dugu hemen gelditzeko apustu hori. Uste dut helburutzat hartu behar dugula jokalariek hemen aritzeko aukera izatea, eta ez izatea ezinbertzekoa kanpora joatea.

Gauzak aldatzen ari dira?

Argi dago emakumezkoen futbolak gora egin duela, eta uste dut egoera horrek ez duela atzera-bueltarik. Aurrera baino ez dugula eginen. Duela hainbat urte, ziurgabetasunak jota izaten ginen jokalariok, taldeak desagertzeko beldurrez ere bai. Osasunan ere hori gertatu zen. Taldea osatu, baina bertan behera utzi zuten. Argi dut orain hori gertatzea anitzez ere zailagoa litzatekeela; emakumezkoen futbolak bere bidea egin nahi du, eta horretan ari da. Gizartean gertatzen ari denaren isla da kirolaren esparrua, nire ustez: emakumeok rol gero eta nabarmenagoa bete nahi dugu arlo guztietan. Anitz dugu egiteko, baina ari gara gauza handiak lortzen.

Oraindik ere, kirola eta emakumezkoen kirola bereizten dira. Zaila da etiketa hori kentzea?

Orain arte ez ginen existitu ere egiten, eta, egia erran, etiketa gutxienekoa da, niretzat. Inportanteena da taldeek gure aldeko apustu sendoa egitea. Ezin dugu ahaztu duela hiru urte sortutako talde bat dela gurea. Bide onean garela uste dut, baina argi izan behar dugu erronka handia dugula aurrean, urratsez urrats egin behar dugula aurrera. Uste dut ezin ditugula gizonen eta emakumeen kirolak parekatu. Futbolean, adibidez, gizonen taldeek mugitzen duten diruak ez du deus ikustekorik gure errealitatearekin. Ezin da alderatu, inondik inora. Eta ez dugu hori egin nahi. Orain, gure kasuan, gizonen taldearen beharra dugu. Helburua da gure kabuz eustea.

Eta zein da hori lortzeko gakoa?

Gako anitz daude. Hedabideetan tokia izatea garrantzitsua da; garrantzitsua da gu ere Sadarren aritzea; gure lana ikusgarri bilakatzea da kontua. Zelaiak betetzen ari gara, eta horrek erakusten du zaleen interesa pizten dugula. Babesa behar dugu, handitzen jarraitzeko.

Etxekoen babesa izan duzu?

Bai. Ahizparekin hasi nintzen, Atarrabian. Entrenatzeko aukera genuen, baina ez ziguten uzten partidak jokatzen. Izkoren garaian Osasunara etorri nintzen, baina taldea bertan behera utzi zuten. Orduan, Lagunak taldearekin aritzeko aukera izan nuen, Lehen Mailan. Orain, egoera bertzelakoa da Osasunan. Futbolera itzultzeko nire aukera izan da. Sasoia ez da amaitu, gainera. Nafarroako Kopako finala dugu, ekainaren 9an, Castejonen.