Edurne Elizondo
Amaitu da lauko gobernuaren denbora, oraingoz: Navarra Suma koalizioak irabazi ditu foru hauteskundeak, azken orduko gainsariarekin: 19 eserleku eman zizkioten igandeko emaitzek, baina herenegun atzerriko eta gorabeheraren bat izan zen mahaietako botoak zenbatuta, hogei lortu ditu, EH Bilduren kaltean. PSN izan da bigarren indarra, 11 eserlekurekin. Geroa Baik bederatzi lortu ditu, EH Bilduk zazpi azkenean, Ahal Dugu-k bi, eta bakarra Ezkerrak, justuan.
Gobernua osatzeko giltza, beraz, Maria Txibite sozialistaren esku dago. Asteotako negoziazioek argituko dute PSNko burua gobernua osatzeko gai izanen ote den, Navarra Sumaren gobernu bat ahalbidetuko duen, edota berriro bozetara joan beharko den.
Igandeko emaitzak jakin bezain pronto, gobernua zuzentzeko asmoa agertu zuten Javier Esparza buru duen Navarra Sumako agintariek, hiriburuko hotel batean egindako agerraldian. Sarasate pasealekuko sozialisten egoitzan ere, “presidentetzat” jo zuten Maria Txibite. “Ez diogu botorik emango Esparzari, eta ez dugu akordiorik egingo EH Bildurekin”, zehaztu zuen PSNko buruak; Txibite “gobernu aurrerakoi” baten lidergoa hartzeko prest agertu zen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilean egin zituzten, baina sumatu da haien eragina, oraindik ere, maiatzeko herrialdeko bozetan. Eskuin muturreko alderdien mehatxuak eraginda, neurri handi batean, PSNk nabarmen egin zuen gora apirilean, eta bultzada horrek ekarri du foru hauteskundeetan bigarren indarra izatea. 2015eko hauteskundeetan bosgarrenak izan ziren sozialistak, 45.164 botorekin; apirilean 94.094 jaso zituzten; orain, berriz, 70.143 (atzerriko botoak aintzat hartu gabe).
Geroa Baik eta EH Bilduk ere gora egin dute boto kopuruan: Geroa Baik 53.497 boto jaso zituen 2015ean, eta igandean, berriz, 59.106; EH Bilduk 48.166 herritarren babesa izan zuen duela lau urte, eta 49.744 boto, berriz, igandean. “Aurreko legegintzaldian bestelako Nafarroa baten alde egindako lanak zilegitasuna eman digu”, erran du Bakartxo Ruizek, asteon.
Bertzelakoa izan da bi taldeok laukoan lagun izan duten Ahal Dugu-ren emaitza. Amildu egin da: 45.164 boto jaso zituen duela lau urteko hauteskundeetan, eta 16.124 igandekoetan. Alderdi horren barruko liskarrek min handia egin diote laukoari, eta hautesleek beren botoen bidez erakutsi dute haserrea. Zigor bilakatu dituzte botopaperak. Bost eserleku galdu ditu. Ezkerrak ere behera egin du: 2015ean, bi eserleku eta 12.482 boto jaso zituen; orain, berriz, eserleku bakarra, 10.226 botorekin.
Geroa Baik orain arteko parlamentari kopuruari eutsiko dio. Igandean, Uxue Barkosek onartu zuen PSNri dagokiola gobernua zuzentzeko ardura. Bi mezu jarri zituen mahaian, sozialistentzat: “Udaletako gehiengo aurrerakoiak ere kontuan har ditzatela, eta bila dezatela akordioa, anbiziozko posizioei uko eginda”.
Igande gaueko ajea pasatuta, asteon lanean hasi dira jada alderdi eta koalizioetako kideak. Abian jarri dute gobernua osatzeko aulki jokoa. PSNko zuzendaritzako kideek astelehenean egin zuten bilera. Egun berean, Navarra Sumako hautagai Javier Esparzak lehen telefono deia egin zion Maria Txibiteri, konstituzionalisten arteko elkarrizketa eskatzeko. Agintari sozialistak erantzun zion “gobernu aurrekoia” osatuko duela. Esparzak argi du, ordea, “PSNren posizioa bideraezina” dela: “Edo Navarra Sumarekin hitzartzen du, edo EH Bildurekin”. Ekainaren 19an eginen dute Parlamentua osatzeko saioa.
Gehiengo osotik hurbil
Iruñeko Udalean eskuz aldatuko da aginte makila heldu den legealdian. Parlamentuan bezala, Navarra Suma koalizioa nagusitu da hiriburuan ere, eta gehiengo osotik hurbil gelditu da lortu dituen hamahiru eserlekuekin. Dezente hobetu ditu Navarra Sumak UPNren duela lau urteko emaitzak. Bigarren gelditu da EH Bildu, zazpi zinegotzirekin, duela lau urte baino bi gehiago, alegia. Hirugarren indarra da PSN, bost zinegotzirekin, aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago.
Geroa Baik emaitza kaskarra izan du, eta bi zinegotzirekin gelditu da, hiru galduta. Bereziki txarrak izan dira Aranzadiren eta Ezkerraren emaitzak, halere. Aranzadik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k larrutik ordaindu dute nor bere aldetik aurkeztea: botopaperen %4ra iritsi ezinik aritu dira Ahal Dugu eta Ezkerra, berdinketa teknikoan. %5 da udalean eserlekua lortzeko muga. Aranzadik hartu du kolperik handiena, botoen %0,8 bertzerik ez baitu lortu. Hiruren artean 8.000 boto dituzte, baina zinegotzirik ez.
Ekainaren 15ean osatuko dituzte udalak. Joseba Asironek egun horretan emanen dio aginte makila alkate berriari. Astelehenean hedabideen aurrean agertu zen. Etorkizunaz galdetu zioten kazetariek: “Bihotzetik mintzo naiz. Nire irteera ziurtzat jotzen duten editorial edo artikuluak gonbidapen onena dira jarrai dezadan. Batzuek presa dute ni joateko”.
Hauteskunde gaueko PSNko Maite Esporrinen hitzak ere aipatu zituen. “Agur, Asiron!”, oihukatu zuen sozialistak militanteen aurrean. “Ez zuen baloratu PSNri botoa eman ziotenek ez zutela pentsatzen udala eskuinari ematea”, erran zuen.
Iruñerrian, aldaketak eutsi die udal gehienei: lehen indarra izan da EH Bildu Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten. Altsasun, berriz, Geroa Baik marka guztiak hautsi ditu, hamar zinegotzi lortuta. EH Bilduk lortu ditu gainerako hiru eserlekuak.