Edurne Elizondo
Antropologiaren esparrutik aztertu ditu depresioa eta hura gainditzeko prozesuak Maria Zapata antropologoak (Badajoz, Espainia, 1983). Analisi soziokulturala egin, eta sistema heteropatriarkalaren eta kapitalismoaren eragina nabarmendu du, bertzeak bertze.
Zergatik depresioaren gaia?
Kataluniatik ailegatu nintzen Euskal Herrira, duela sei urte. Han osasun mentalaren esparruan egin nuen lan, baina aktibismoaren ikuspuntutik, artearen bidez. Artea jorratu izan dut aldarrikapen sozialetarako tresna gisa, eta estigmaren aurka egiteko erreminta gisa. Psikologia ikasi nuen, lehendabizi, eta gero antropologia. Gorputzaren antropologiaren inguruko interesak ekarri nau Euskal Herrira, Mari Luz Estebanekin eta bertze hainbat kiderekin lan egin ahal izateko, EHUn. Ailegatu, eta Osakidetzak osasun mentalaren inguruko estatistikak ezagutarazi zituen, eta horrek bideratu ninduen depresioaren inguruko ikerketara.
Depresioak emakumeak jotzen ditu, batez ere.
Datuek agerian uzten dute alde nabarmena dagoela genero, klase eta adinaren arabera. Depresioak jotzen ditu, batez ere, 65 urte baino gehiago dituzten eta ikasketa maila eta maila sozioekonomiko apalekoak diren emakumeak. Esparru zehatz horretan genero arrakala hagitz nabarmena da: gizon bakoitzeko hiru emakume daude depresioak jota.
Zerk eragiten du alde nabarmen hori?
Depresioaren eta depresioa gainditzeko prozesuaren analisi soziokulturala egin dut. Landa lana egiteaz gain, Euskal Herriko eta Kataluniako hogei pertsona elkarrizketatu ditut, eta denek, beren depresioaren hasierari buruz, jatorri soziokulturaleko egoerak aipatzen zituzten: dolu prozesuak, norbaiten heriotzak edo bikotearen galerak edo gaixotasunen batek eraginda, adibidez; baina nabarmena zen, halaber, desberdinkeriek eta genero indarkeriek zuten pisua, emakumeen kasuan.
Zer-nolako egoerak eragiten dituzte desberdinkeriek eta genero indarkeriek?
Zaintzak eragindako gainkarga dago, amatasunari lotutako gatazkak, zahartzaroa, menopausia, tratu txarrak, bortxaketak… Lanaren esparruarekin lotutakoek ere badute eragin handia, egun gure identitatea lanaren edo ekoizpenaren inguruan eraikitzen dugulako. Langabezian bazaude, erretiroa hartu baduzu edo ezgaitua bazara, horrek sufrimendua eragiten du. Batetik, beraz, egun dugun sistema heteropatriarkal kapitalistak zuzenean eragiten digu emakumeoi, eta, ondorioz, aukera gehiago dugu zapalkuntza eta sufrimendua pairatzeko. Bertzetik, ezin dugu ahaztu emakumeen psikiatrizazio prozesuak historia luzea duela; emakumeen kontrako kontrol tresna garrantzitsu bilakatu dute psikiatrizazio hori. Hirugarren elementu bat aipatzen ohi dut nik: argi dut histeria jo dezakegula depresioaren aitzindaritzat; erabat feminizatuta dago histeria. Olivia Lopez Sanchez mexikarrak landu du gaia, eta aipatzen du XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran histeria izan zela tresna bat emakume eredu zehatz bat eraikitzeko: kexatzeko aukerarik ez zuen emakumea zen hori, altxatuz gero histerikotzat jo eta zoroetxera eramaten zutelako. Depresioa ere feminizatu egin dute beti; bada tresna biopolitiko bat kontrolatzeko emakumeen ondoeza. Depresioaren fenomenologiari buruz ere bada zer erran, halere.
Zer nabarmenduko zenuke?
Uste dut badirela hainbat kontu aipatzeko arlo horretan. Fenomenologia da gaitz bat esperimentatzeko dugun modua. Depresioaren kasuan, bere fenomenologiak antz handia du emakumeen emoziotzat jo izan diren horiekin. Emozioak, noski, sozializatu egiten dira: gizonen berezko emoziotzat jotzen da, adibidez, haserrea jendaurrean erakustea; emakumeon ezaugarritzat jotzen dira, berriz, negarra, etxean biltzea, beldurra, errua… eta ezaugarri horiek dira, hain zuzen ere, depresioarekin lotzen ohi direnak. Ikuspuntu sozial batetik, depresioa emakumearekin lotzen da, eta egin ditudan elkarrizketetan agerian gelditu da gizartearen aurreiritziak nabarmenagoak direla depresioak gizonak jotzen dituenean. Hori gertatzen da depresioa ahuldadearekin lotzen delako.
Sistemak, halere, emakumeak jartzen ditu desabantaila egoera batean, ezta?
Bai, eta horrek sufrimendu gehiago eragiten du. Garrantzitsua da ohartzea honen guztiaren atzean egiturazko arazo bat dagoela, eta, ondorioz, auzia gizarte osoaren ardura dela. Uste dut antropologiaren begiradak laguntzen ahal duela horretan, auzia kolektiboaren gai gisa hartzen. Psikologiaren begirada indibidualistagoa da, baina denon ardura da.
Batez ere emakumeak jotzen dituenez, zailagoa da alarmak piztea?
Emakumeei eragiten dienez gehiago, hori gertatzen da, zailagoa dela alarmak piztea. Eta uste dut ere ez dugula bazter utzi behar botiken inguruko industriak duen indarra. Estatuan gehien saltzen diren hamar botiken artean dira depresioaren aurkakoak eta antsiolitikoak; azken hogei urteotan, hain zuzen, hirukoiztu da depresioaren aurkako botiken salmenta. Diru anitz mugitzen da arlo horretan. Nazio Batuen Erakundeak epidemia hitza erabiltzen du depresioari buruz, baina, aldi berean, arazo horri aurre egiteko mahai gainean jartzen duen konponbide bakarra dira botikak. Ez dut erranen botikek balio ez dutela; konponbidea izan daitezke, edo ez. Kasuen arabera. Zenbaitetan arazo bilakatzen dira. Ez da funtzionatzen duen gauza bakarra, baina hori da sistemak ematen diguna. Depresioaren jatorrian arrazoi sozialak daudela erraten badugu, botikek laguntzen ahal dute, baina ez dute arazoa konponduko.
Botikak ere izan daitezke kontrola ezartzeko tresna bat?
Bai, zalantzarik gabe. Psikofarmakoek sortzen dute emozionaltasun jakin bat: kontrolatu daitekeen eta kontrolatzen den emozionaltasun bat da hori. Finean, botika horiek ekartzen dute heterogeneotasun bat emozioen esparruan. Kontrol sozialerako tresna bilakatzen dira, pertsonak lotzeko modu kimiko bat direlako.
Gizartearen ardura aipatu duzu; komunitateak zer-nolako garrantzia izan dezake depresioari aurre egiteko prozesuetan?
Depresioari aurre egiteko prozesu horretan ezinbertzekoa da babes soziala. Babes hori askotarikoa izan daiteke: ekonomikoa, emozionala, informazioa lortzekoa… Elkarren beharra dugu. Ezin dugu bakarrik egin aurrera.
Feminismotik ongi heldu zaio gaiari?
Aspaldi jarri zuen feminismoak gaia mahai gainean. Psikiatrizazioa orain arte, neurri batean, bazter gelditu da, baina orain gauzak aldatzen ari dira. Norbere esperientzien berri emateak duen garrantziaz jabetu gara.