Edurne Elizondo
Goia jo du Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagunen kezkak, eta antolatzea erabaki dute: batu egin dira apustu etxe eta joko aretoen kontra. Larunbatean protesta egin zuten karrikan, eta eskatu zuten auzoan dauden bi apustu etxeak ixteko. Gaur, berriz, batzar irekia eginen dute, 19:00etan, Karrikaguneren egoitzan.
Sanduzelaiko bizilagunen kezka bera dute Aralar elkarteko kideek ere. Jokoaren mendekoak eta haien gertukoak artatzen dituzte erakunde horretan. Elkartean aspaldi piztu ziren jokoaren industriaren inguruko alarmak. Azken urteotan gora egin du apustu eta joko etxeen kopuruak, bai eta arlo horren inguruko publizitateak ere; Interneten bidez jokatzeko aukerak ekarri du, gainera, apustu egiten dutenen adinak behera egitea. Aralarren, argi dute: “Lehen, jokoaren mendekoen batez besteko adina 45-48 urte zen, eta txanpon makinak erabiltzen zituzten; orain, 33 urte da batez besteko adina, eta kirol apustuetan aritzen dira batez ere; Internet bidezko jokoa ari da nagusitzen”.
Sanduzelaiko bizilagunek jasotako datu gehiago jarri dituzte mahai gainean: “16 eta 18 urte bitarteko Iruñeko ikasleen erdiak egin dute apustu, behin gutxienez”. Auzo horretan, bi apustu etxe daude; Iruñeko gehienak, hain zuzen, Sanduzelain, Buztintxurin, Etxabakoitzen eta Arrotxapean daude. “Ez da kasualitatea; langabezia tasarik handiena duten auzoak dira, eta, ondorioz, bazterketa arriskurik handiena ere badute”, salatu dute Sanduzelaiko bizilagunek.
Nafarroako Gobernuak egoitza fiskala herrialdean duten enpresen jarduera bakarrik arautzen ahal du. Bi konpainiak dute egoitza Euskal Herrian: Reta eta Kirolbet enpresek. Horiez gainera, beste biren apustu makinak daude Hego Euskal Herriko aretoetan: Garaipen-Codere eta Sportium etxeenak. 2017. urtean, 411 milioi euro jokatu ziren lau enpresa horien makinetan eta webguneetan. Aurreko urtearen aldean, %10eko hazkundea. Bilakaera nabarmenago ikusten da 2017ko diru sarrerak 2012koekin alderatuta: %80 egin dute gora.
Hego Euskal Herriko 2017ko datuen arabera, agerikoa da jokoen pastelean gero eta handiagoa dela apustuei dagokien zatia. Oraindik ohiko txanpon makinak dira jokorik arrakastatsuena —Nafarroan, sektorean gastatutakoaren %37 dagokie—; horren atzetik, Espainiako loteria dago; eta, hirugarren postuan, kirol apustuak.
Mendekotasun ikusezina
Gizarteak onartutako jarduera bat da jokoaren ingurukoa, neurri handi batean. Aralarko adituek horixe nabarmendu dute behin baino gehiagotan. Sanduzelaiko bizilagunak ere ohartu dira egoera horretaz, baina erabaki dute ordua dutela aski dela errateko. Horregatik erabaki dute apustu etxeen aurka lanean hastea. “Apustu etxeek ikusten ez den mendekotasun bat sortzen dute; antzemateko zailagoa izaten da, eta, ondorioz, larriagoak izaten dira haren ondorioak”, erran dute. “Ezin dugu ahaztu apustu etxeak boterearen erreminta direla herritarrak kontrolatzeko eta gizartea desaktibatzeko”, erantsi dute.
Sanduzelaiko bizilagunek aldarrikatu dute gazteek bertzelako jarduerak behar dituztela aisialdirako. Bide horretan, hiru helburu zehatz finkatu dituzte apustu etxeak auzotik eta hiritik ateratzeko: tabernetan apustuak egiteko makinak jartzea debekatzea, apustu etxeekin lotutako publizitatea debekatzea, eta Sanduzelain dauden bi apustu etxeak ixtea.
Publizitateari dagokionez, administrazioaren kontrolik eza salatu dute auzolagunek: “Tabakoaren eta alkoholaren inguruko publizitatea kontrolatzen dute, baina ez da berdin gertatzen apustu etxeekin”. Erantsi dute administrazio publikoek ez dutela kontrol zorrotzik egiten gisa horretako egoitzak irekitzeko ere. “Iruñean, bederatzi zinema areto daude, eta 53 joko areto. Kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan”, erran dute.
Joan den larunbatean auzoko apustu etxeen aurrean protesta egin eta gero, Sanduzelaiko auzokideek batzar ireki batera deitu dute gaur arratsalderako: 19:00etan eginen dute, Karrikaguneren egoitzan. Bizilagun guztiei eskatu diete bat egiteko. “Arazoa larria da, eta gazteek aisialdirako bertzelako bideak behar dituzte; guk ez dugu gazteon aurka egin nahi, haiek ere biktima dira”, nabarmendu dute Sanduzelaiko auzokideek. “Apustu etxeen kontra ari gara”.