Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ane Eslava

Orkidea, oreganoa, armiarma lorea, azafraia, ezkila lorea, kurkubia… Sei landare horiek, eta beste 404, ikus daitezke Iruñe iparraldeko Ezkaba mendia osatzen duten mila hektareetan. Oscar Perezek, Xabi Egurzegik, Marion Stefaniek eta Marga Galdeanok bost urte daramatzate Ezkaba mendiko bazterrak zeharkatzen eta han topatzen dituzten landareak fotografiatzen eta erregistratzen. Modu horretan, lau lagunek eremuko floraren aniztasuna erakutsi nahi diete herritarrei. Izan ere, gizartea “naturatik urruntzen” ikusteak kezkatu egiten ditu, eta antzina gizakiak landareekin zuen lotura berreskuratu nahi dute.

Udazkeneko azafraia

Oscar Perez da Ezkabako landareak erregistratzeko proiektuaren sortzailea. 43 urte ditu, eta betidanik bizi izan da Iruñean; lehen Arrotxapean eta gaur egun Ezkaban. Txikitatik izan du landareekiko interesa, baina gaztetan, jakin-mina asetzea erabaki zuen, eta Gorosti zientzia elkartera jo zuen, ikastera. “Garai hartan ez zegoen Internetik, libururik ere ez kasik, eta han asko ikasi nuen”, kontatu du. Elkarte horretan German Rodriguez Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen liburu bat aurkitu zuen. Rodriguezek Ezkaban aurkitutako 450 landare erregistratu zituen liburuan. Lan hori ikusi ondoren hasi zen Perez haren argazki makinarekin Ezkabara joaten.

2014an, Egurzegi, Stefanie eta Galdeano batu zitzaizkion, eta ordutik elkarrekin doaz mendira, landareak bilatzera. Txangoetan argazki makinak “oso baliagarriak” direla esan du Perezek: “Lehen, landarea etxera eraman behar zuten hura identifikatzeko, orain xehetasun handiko

Armiarma lorea

argazkiak egin ditzakegu, eta aski dugu”. Dagoeneko espezie ugari identifikatu dituzte. “German Rodriguezek 450 aurkitu zituen, eta guk 410 daramatzagu; hark ikusi ez zituen batzuk identifikatu ditugu, eta, urteak pasatu arren, oraindik ikusten ditugu berriak”. Aurkitzen dituzten landareak katalogatzen ari dira, eta hitzaldiak ere eman dituzte Iruñerriko hainbat auzo eta herritan.

Kurkubia

Arrazoi bat baino gehiago dago Ezkaban hainbeste lore egoteko. Batetik, oso mendi zabala da eta 450 metroko altitudetik 895 metroraino heltzen da. Bestetik, iparraldeko eta hegoaldeko orientazioak dauzka, eta lurzoru mota bat baino gehiago. Eta, azkenik, klima trantsizioko eremu batean dago: Iruñerri hegoaldeko klima mediterraneoa da, Sakanatik gertuko eremukoa atlantikoa, eta Agoiztik gertukoa kontinentala. “Horrek guztiak eragiten du espezie asko egotea”.

Baina ez bakarrik Ezkaba; Iruñerria ere aniztasun handiko tokia da; landare mota asko ikus daitezke kalean. “1.000 espezie ere egon liteke Iruñerri osoan”, zehaztu du Perezek. Baina hark eta haren kideek kritikatzen dute hiriko lorategietako belarra asko moztearen eraginez landare asko ezkutuan geratzen direla. “Belarra pixka bat gehiago hazten utziko bagenu, landare asko ikusiko genituzke”, azaldu du.

Oreganoa

Mendia aldatu da

Perez argazkiak egiten hasi zenetik —orain dela hamabost urte—, asko aldatu da Ezkaba mendiko flora. “Garai hartan, larre gehiago eta zuhaitz gutxiago zeuden”, azaldu duenez. “Eta duela 80 urte arte, adibidez, mendiak ez zuen zerikusirik oraingoarekin, asko aldatu baita lurzoruaren erabilera”. Gero eta larre gutxiago egoteak kalte egiten dio floraren aniztasunari, adituaren hitzetan. “Larreetan argia sartzen da, eta basoetan baino espezie gehiago hazten dira; gainera, landare horiek intsektuak erakartzen dituzte”, azaldu du. Hortaz, “premiazkotzat” jo du larreak babestea, ekosistemaren mesedetan.

Orkidea

Mendia aldatu da, baina gizartearen ohiturak ere aldatu dira. Hori uste du Perezek, eta kexu da: “Galdu egin dugu naturarekiko gertutasuna; gu, txikitan, beti genbiltzan landareekin jolasean; orain, landareak soilik lorategietan ikustera ohitu gara. Hirietan autoa eta hormigoia lehenetsi ditugu eta natura baztertu dugu”. Hori aldatzeko bidea informazioa zabaltzea dela uste dute Perezek eta haren kideek. Horregatik, dibulgazioa egiten jarraituko dute, “gizarteak naturarekiko erlazioa berreskura dezan”.

Loreen irudiak: Oscar Perez