Lohizune Amatria
Egun bat baino ez zuen behar izan Angel Errok bizitzen ari garen honetan hainbat fase daudela antzemateko. “Doluaren zer fasetan zaudete zuek?”, galdetu zien bere jarraitzaileei Twitterren, maiatzaren 27an. “Ukapena, amorrua, tristezia edota negoziazioa?”.
Irudipena dut ukazioa zuetako gehienek bizi izan zenutela 26 gauean. PSNren egoitzan harrapatu ninduen kolpeak. Bi une ditut gogoan iltzatuta: zenbaketa %2an zegoenean gobernuko webgunean azaltzen zen eserleku banaketa, eta Esporrin “agur, Asiron, agur” esanez. Lehena desiratzen eta bigarrena ahaztu nahian itzuli nintzen etxera.
Hauteskundeetatik astebete igaro dela ari naiz lerro hauek idazten, eta gauza zenbait aldatuko ziren agian, baina, gaur-gaurkoz, bada fase horietako zenbait antzematerik ordezkari politikoen artean.
Desaldaketa zerk eragin duen, hori izan dugu zalantza nagusia. Zenbaitek aipatzen dute ezkerreko alderdi estatalistak elkarrekin aurkeztu ez direla dela arrazoietako bat. Ez, ordea, alderdi horiek. Batzuk ez dute tutik esan. Beste zenbaitzuen irakurketak, berriz, amorrutik asko du. Hiru arrazoi topatu ditu Aranzadik, esaterako, egoera azaltzeko: errenta baxuena duten auzoetan abstentziora jo dutela boto emaileek, eta Navarra Sumak askoren konfiantza berreskuratu duela; Ahal Dugu taldean izandako haustura zigortu dela eta “aldaketaren hipotesi lasaiak” huts egin duela. Zergatien artean, Aranzadi ez da inon ageri.
Alderdi abertzaleek gora egin dutela. Hori ere asko errepikatu den esaldia izan da analisietan, egoera arintzeko edo. Baita alderdi politikoen artean ere. Joseba Asiron, duela astebete: “Argi eta garbi adierazi dugu. EH Bilduren eta PSNren artean 10.000 botoren aldea dago” eta “aldaketaren aldekoek, oraindik, Navarra Suma baino babes handiagoa daukate”. Noren kontura, ordea?
PSNrekin negoziazio bila dabil EH Bildu udaletan. “Eskuinari bidea ixteko” akordioak babestuko dituela adierazi dute. PSNri aginte makila zenbait emanez, zenbat udaletan, 1979an Iruñean gertatutakoa errepikatzeko prest dira, beraz. “Gaitzik txikiena” omen. EH Bilduren boto emaile zenbait horren aurrean tristeziara gerturatzen ariko dira?
Sozialistek ere marraztu dituzte beren joko arauak. “Marra gorria” da EH Bildu. Navarra Sumari ez diote botorik emango. Iruñean, beraz, 2007an gertatukoaren antzeko zerbait gertatuko dela dirudi. Asiron alkate egiteko aukera dago, baina PSNk ez dio botorik emango; eta, hala, Maiari bidea erraztuko diote sozialistek.
Astebete izan dute Erroren jarraitzaileek botoa emateko, eta gehiengoa tristeziak jota dago. Hirugarren fasean. Onarpenetik gertuago, bada. Azken fasea, baina, ahantzi du poetak. Ez da harritzekoa, egun bakarrean fase horietatik guztietatik igarotzea ez diot nik inori opa. Baina, Geroa Bai eta Ezkerrari halakorik gertatu ote zaien asmatzen saiatzen ari naiz. 26ko gauean luzatu zion eskua Txibiteri Barkosek. Ezkerrak ez dio ia baldintzarik jarri. Azkarregi onartu ote dute aldaketaren aldaketa iritsi dela? Igaro al dira beste faseetatik? Onarpena al da guretzat ere azken fasea?