Neurriak hartu eta egokitu

Neurriak hartu eta egokitu

Edurne Elizondo

Inbertsioak egiten hasteko garaia da orain”. Horixe erran du Atarrabiako jarduneko alkate Mikel Oteizak Egoki2 proiektuari buruz. Jasangarritasunaren Aldeko Nafarroako Tokiko Erakundeen Sareak bultzatu du egitasmo hori; Nafarroan, Atarrabiako Udalarekin batera, Corellakoak, Azkoiengoak, Arguedaskoak eta Tafallakoak parte hartu dute, eta, Araban, Asparreneko eta Burguko udalek. Herriotan, klima aldaketari aurre egiteko eta batez ere aldaketa horrek eragindako ondorioetara egokitzeko planak garatu dituzte azken hilabeteotan. Plan horiek martxan jartzeko ordua dute oraingoa; asmoak diruz hornitzekoa, alegia.

Atarrabiako Udala izan da egindako urratsen eta zehaztutako proiektuen berri eman duen lehendabizikoa, Nafarroan. Herriko agintariek hiru gako nagusi nabarmendu dituzte: batetik, energiaren arloan hartutako erabakiak; bertzetik, herriko azpiegitura berdeak lotzeko eta sarea osatzeko plana; eta, azkenik, egitasmo horiek guztiak eztabaidatzeko eta garatzeko herritarren parte hartzea. Hemendik aurrerako bidean ere, atarrabiarren esku hartzea “ezinbertzekotzat” jo du udalak.

Energiaren esparruan hartutako erabakiek helburu zehatza izan dute: dirua aurreztea, gastua eta isuriak kontrolatzea, eta gastu eta isuri horien inguruko informazioa eskuratzea. “Zaila izan da hainbat konpainiaren datuak lortzea”, aipatu du Atarrabiako Udaleko idazkari Patxi Gilek.

Helburu horiek betetzeko, hainbat neurri jarriak ditu martxan udalak: 2015ean, egindako lehen osoko bileran, herriko kale argiak aldatzea erabaki zuen, eta lan hori egin zuen 2016an eta 2017an. “LED argiak jarri ditugu, gastua eta kontsumoa murrizteko”, azaldu du Gilek. Udalak, gainera, informazio energetikorako sistema bat kontratatu du, “eraginkorragoak izateko”.

Ultzama ibaia.

Sistema horri esker, udalak zehaztu ahal izan du, adibidez, zer azpiegiturak kontsumitzen duen energia gehien, bai eta neurriak non har daitezkeen ere, kontsumo horrek eta kontsumo horri lotutako isuriek behera egin dezaten. “Igerilekua da energia gehien kontsumitzen duen azpiegitura, bai eta isuri gehien eragiten duena ere”, erran du udaleko idazkariak.

Datu zehatzagoak eman ditu: “Udalak 4.059.500 kilowatt-ordu kontsumitzen ditu urtean; hau da, batez besteko energia kontsumoa duten 1.159 etxebizitzak adina kontsumitzen du, eta 68,23 tona CO2 isurtzen ditu. Hemeretzi hektareako baso bat behar da kopuru hori xurgatzeko”.

Udalak orain esku artean dituen datuak dira horiek, baina Gilek onartu du kontsumoa eta isuriak handiagoak izanen direla. “Informazioa osatzen ari gara, oraindik ere hagitz zaila baita zenbait konpainiak dituzten datuak lortzea”.

Gisa horretako informazioak udalentzat duen balioa nabarmendu du Gilek, hain zuzen ere, “aukera ematen digulako jakiteko non jarri behar ditugun indarrak “. Erantsi du Egoki2 proiektuan parte hartzen duten bertze udalek ere informazio energetikorako sistema bat ezarri dutela, eta, tresna horren bidez, “energiaren nolabaiteko behatokia” osatzea dela helburua, “kontsumoak murrizteko, herritarren kontzientzia pizteko, eta informazioa kontrolatzeko”.

Uholdeak eta lehortea

Energiaren inguruan hartutako erabakiek helburu dute klima aldaketari aurre egitea. Hori ez dela nahikoa argi dute, halere, Atarrabiako Udalean; klima aldaketara egokitzeko ordua ere bada, haren ondorioak sumatzen hasiak direlako herritarrak.

Mezu hori nabarmendu du Atarrabiako Udaleko ingurumen teknikari Itziar Almarzegik. “Klima aldaketaren eragina sumatzen ari gara jada, eta garrantzitsua da hirigintza egokitzen joatea”.

Klima aldaketaren eraginaren berri ematen duten hainbat gako jarri ditu biologoak mahai gainean. Batetik, euri erauntsiek gora egin izana. Gainera, datozen urteetarako joera horixe izanen da. Euri jasek eragin nabarmena dute Atarrabian, herria uholdeak izateko arrisku handiko tokia baita. Ultzama eta Arga ibaiek bat egiten dute Atarrabian. Bertzetik, Almarzegik azaldu du lehorteak gero eta gogorragoak direla, eta horrek ekartzen duela suteek gora egitea eta bioaniztasuna galtzea.

Atarrabiako karrika bat. Zuhaitz bakarra da itzala emateko gai.

Biologoak erantsi du Atarrabiako Zuhaitzaren Eguneko parte hartzaileak jabetuak direla aldaketa horietaz. “Sumatzen da ur gehien behar duten zuhaitz motak hiltzen ari direla, adibidez”.

Hirugarren gako bat aipatu du Almarzegik: tenperatura igotzea. “Datozen ehun urteotan, tenperaturak 4,5 gradu eginen du gora; anitz da hori, izugarria”.

Atarrabiako azken hamarkadetako garapenaren eragina ere nabarmendu nahi izan du Itziar Almarzegik, herria handitzeko moduak ere eragin baitu orain klima aldaketak agerian utzitako arazoetan. Esaldi bakar batean laburbilduz, garai bateko Atarrabia berdea egun grisa dela erran du biologoak. Hau da, lehen zelaiak, zuhaixkak eta zuhaitzak zeuden tokian porlana dagoela gaur egun. Herria handitzeko asmo horrek ekarri du ibaiari berezkoa duen espazioa kentzea ere, eta horrek ere eragiten du uholde arriskuak gora egitea.

“Ibaiak gainezka egiteko berez dituen espazioak berreskuratu behar ditu”, erran du Almarzegik. Egoki2 proiektuaren barruan, gainera, espazio horietako bat zein izan daitekeen zehaztu dute Atarrabiako Udaleko arduradunek: “Hilerri arteko eremuan, Atarrabia eta Burlata artean”, erran du biologoak. Ibaien inguruko eskumen gehienak udalez gaindiko erakundeen esku dira; halere, Atarrabian argi dute ibaiek ukitzen dituzten herri guztien arteko urratsak egitea beharrezkoa dela, benetan eraginkor izateko. Finean, ibaia ez da bakarrik herri baten ondotik igarotzen den ur emaria.

Herria prestatu

Herri barruan ere bada zer egin, Almarzegik nabarmendu duenez. Zuhaitzak aipatu ditu, batetik. “Beharrezkoa da ur gutxi behar duten espezieen alde egitea, lehorteak gero eta gogorrago joko gaituela kontuan hartuta”. Bertzetik, herriko plazetan eta karriketan ere zuhaitzek eta landareek beren tokia hartu behar dutela nabarmen du. “Zuhaitzek, batetik, itzala ematen digute; gainera, CO2 xurgatzen dute, eta hezetasunari eusten diote, eta giroa freskatu. Klima aldaketari aurre egiteko, hori da behar duguna”. Herri barruan itzal handia emanen duten zuhaitzak behar direla erantsi du biologoak, eta zuhaitz horien txorkoak lotzeak ere mesede eginen diela herritarrei, bioaniztasunari eusteko balio baitute. Lurrak, gainera, ura xurgatzen du. “Porlana nagusi denean, euria egiten badu, ura zuzenean doa karrikatik ibaira”, azaldu du Almarzegik.

Egoki2 proiektuan parte hartzen ari diren bertze herrietan ere garatu dituzte beren planak: Azkoienen, Alde Zaharra biziberritu nahi dute, eremu hori klima aldaketara egokitzeko; Tafallan, basoari espazioa eman nahi diote, CO2 isuriak hutsean uzteko asmoz; Arguedasen, bertzeak bertze, autoaren erabilera murriztea hartu dute helburu. Adaketara egokitzeko garaia dela uste dute Egoki2 proiektuko udalek. Planak martxan jartzea dagokie orain.