Ahanzturatik oroimenera

Ahanzturatik oroimenera

Ane Eslava

Duintasuna. Memoria. Aitortza. Justizia. Esker ona. Halako hitzak entzun ziren ekainaren lehenbiziko egunean, Loitiko gainean. Iruñea eta Esa lotzen dituen N-240 errepide zaharrean dago Loitiko gaina, eta, 1936ko altxamendu militarraren ostean, mendatearen bi aldeetako herriek errepresio handia jasan zuten. Orain, 80 urteren ostean, eremuan erail eta hobiratu zituzten 69 pertsonak gogoratzeko oroitarri bat jarri dute han. Omenaldi jendetsu batekin inauguratu zuten oroitarria, familiekin eta inguruko herrietako bizilagunekin. Ahaztutakoei eta isilarazitakoei izen-abizenak jarri zizkieten, ezkutukoa argira ateratzeko, ahanzturaren tokian memoria jartzeko.

1936an Loitiko inguruan errepresioaren alderik bortitzena sufritu zuten lagunak dira orain omendu dituztenak: haien herritik atera eta Loitiko gainean erail eta hilobi irekietan zein errepidearen parean lurperatu zituztenak. David Maruri zangozarrak ikerketa zabala egin du egitateen inguruan, eta, bildu dituen datuen arabera, 1936ko uztail eta abendu artean gutxienez 69 lagun fusilatu eta lurperatu zituzten han. Gehienak Nafarroako inguruko herrietakoak ziren, eta batzuk Aragoikoak (Espainia).

Identifikatu dituztenen artean, hamabost Carcarreko bizilagunak ziren, hamar Zangozakoak, bederatzi Kasedakoak, zortzi Oibarkoak, beste zortzi Andosillakoak, lau Galipentzukoak, hiru Irunberrikoak, bat Burlatakoa, bat Izabakoa, bat Urraulbeitikoa, bat Miranda Argakoa eta bat Aragoiko Sos del Rey Catolicokoa. Eta, horiez gain, gaur egun oraindik badira topatu gabeko hilobi eta gorpuak.

Gertaera latz horiek gertatu zirenez geroztik, biktimen familiek ez dute etsi beren senitartekoak aurkitzeko borrokan. 1939an atera zituzten lehenbizikoz hilotz batzuk Abintzaoko hilerritik, eta behin frankismoa amaituta hasi ziren beste senide asko gauza bera egiten. Hainbat alditan egin dituzte gorpuak lurretik ateratzeko lanak, eta azkenekoak 2016an egin zituzten, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Ekainaren 1eko ekitaldian, azkenean, Loitin hildakoek aitortza jaso zuten. Mikel Iriarte artista nafarrak Isilpeko hilerria izeneko eskultura multzoa sortu du haien omenez. Hiru zutabeko trikuharriak eta sei harriko cromlechak osatzen dute obra. Artistak azaldu zuenez, trikuharriaren zutabeek “egia, justizia eta ordaina” irudikatzen dituzte, eta cromlecharen sei harriek, berriz, hilobietako bakoitza. “Bista ederrak zituzten toki garaietan oroitzen zituzten gure arbasoek hildakoak; hemen ere hori egingo dugu”, adierazi du Iriartek.

Zangozako Udalaren bultzadaz sortu dute oroitarria, eta hainbat udalek babestu dute ekitaldia: Burlatakoak, Kasedakoak, Carcarrekoak, Andosillakoak, Oibarkoak, Urraulbeitikoak, Izabakoak eta Sos del Rey Catolicokoak. Angel Navallas Zangozako alkateak ekitaldian zehaztu zuen moduan, Irunberrikoa izan da parte hartzeko eskaerari uko egin dion bakarra. Nafarroako Gobernuak ere babestu du omenaldia, bai eta hainbat elkartek ere.

Omenaldian, senideek urteetan instituzioengandik jasandako “bazterkeria” eta frankismoak izandako “zigorgabetasuna” salatu zuten. Era berean, eskertu egin zuten Nafarroako Gobernuak, udalek eta elkarteek oraingoan egin duten urratsa ahaztutakoak gogoratzeko. Askorentzat berandu da, halere, dagoeneko hilik baitaude biktima gehienen gurasoak, anai-arrebak eta senar-emazteak, eta, batzuetan, baita seme-alabak ere. “Honek balio dezala datozen belaunaldiek jakin dezaten errespetatzen eta oroitzen, egitate ezatsegin hauek ez daitezen berriz gertatu”, adierazi zuen Emilia Salvatierrak, Emilio Salvatierra andosillarraren alabak. Ekitaldian, Zangozako Rocamador dantza taldeak, Irunberriko txarangak eta Fermin Balentziak hartu zuten parte; bina abesti eskaini zizkieten biktimei eta senideei.

Omenaldiaren antolatzaileek eskerrak eman zizkioten David Maruri ikertzaileari haren lanarengatik. Hark, berriz, azpimarratu du Loitiko omenaldia aurrera ateratzeko “ezinbestekoa” izan dela Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuak azken lau urteetan egin duen lana, Zangozako Udalaren ekimena, eta gainontzeko udalen eta elkarteen laguntza. Ikertzaileak “justizia” moduan ikusten du errepresioa sufritu dutenei laguntzea, eta “oso atsegingarria” dela adierazi du: “Senideen erantzuna ahaztezina izaten ari da”.

Ikerketa osatzen ari da orain Maruri. N-240 errepidean egondako fusilamenduez gain, inguruko beste errepide txikiago batzuetan egondakoak ere erregistratzen ari da. Zangozako Enrique II de Albret kultur taldeak urtero argitaratzen duen Zangotzarra agerkariaren hurrengo zenbakian aterako du ikerlan berria, Carreteras sin retorno (Itzulerarik gabeko errepideak) izenburupean. Lan horrekin, bere alea jarri nahi du Nafarroako Gobernua sortzen ari den hobien mapa osatzeko.

Memoriaren lekuak

Loitikoarekin, beste urrats garrantzitsu bat egin dute Nafarroan memoria historikoaren alde. Era berean, Nafarroako Gobernuak onartu berri du memoria historiakoaren lehen sei lekuak inskribatzea, horiek “babesteko, kontserbatzeko eta hedatzeko” helburuarekin. Hala, memoria historikoko lekuen erroldan inskribatu dituzte Sartagudako Memoriaren Parkea, Urbasako Otsoportillo leizea, Olabeko hobia, Igaritik Bidankozerako errepideko oroitarria, Erreniegako hilobien oroitarria eta Azkoiengo emakumearen errepresioaren memoriaren eskultura. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilariak esan du lekuen izendapenekin horien ezagutza sustatu nahi dutela, “beldurraren lekuak oroitzapenerako gune bilakatzeko, horiek bakearen eta bizikidetzaren aldeko balioak transmititu ditzaten”.

Sei horiek ez dira izango bakarrak, halere. Ollok jakinarazi duenez, dagoeneko lanean ari dira erregistroan beste zazpi leku sartzeko. Horien artean daude Eloko Tejeriako hilobia, Cadreitako Valcarderako hilobia, Ezkabako GR-225 ibilbidea, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaina, Etxauriko Memoriaren Parkea, Berako Argaizko harrobia eta German Rodriguezen oroitarria.

David Marurik gogora ekarri nahi izan ditu memoriaren bidean aitzindariak izan diren pertsonak, taldeak eta egitasmoak. Batetik, Itzulera operazioa delakoa aipatu du: “Franco hiltzean, biktima askoren hilotzak hobietatik eta areketatik atera zituzten, eta lurperatze duina eman zieten beren herrietan”. Bestetik, lehenbiziko omenaldiak ekarri ditu gogora, eta 1978an Martzillan egin zutena nabarmendu du.

Memoria historikoaren arloan lanean aritu direnen artean, berriz, Jose Maria Jimeno Jurio historialaria nabarmendu du, memoriaren aldeko mugimenduaren “sortzaile eta motor” izan baitzen, haren hitzetan. Azkenik, Nafarroako fusilatuen zifrak zehazteko orduan “gakotzat” jo du Tafallako Altaffaylla kultur taldeak 1986an argitaratu zuen Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua (Nafarroa 1936. Itxaropenetik terrorera).

Urrats garrantzitsuak egin dira, baina oraindik lan handia egin beharra dago Nafarroako hobietan geratu zirenei memoria eta duintasuna itzultzeko.