Ibaia, Pirinioetan bizitzen segitzeko

Ibaia, Pirinioetan bizitzen segitzeko

Edurne Elizondo

Zaraitzuk ukitzen dituen eskualdeetako herritarrek bat egin dute ibaia babesteko. Zain elkartea sortu dute, asmo nagusi eta garbi batekin: ibaiaren alde egitea, Pirinioetako eremu horretako biztanleentzat duen garrantzia erdigunean jartzeko. Ibaia herritarren egunerokoarekin lotu dute elkarteko kideek, eta horregatik, hain zuzen, Pirinioetan lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko azken urteotan sortu diren taldeen eskutik egin nahi dute aurrera.

“Dena dago lotuta; ibaia behar dugu hemen bizitzeko”, nabarmendu dute Zain elkarteko kide Marta Basconesek eta David Sotok. Pirinioetako herriei eusteko helburuarekin ez ezik, uraren inguruko kultura berriarekin ere lotu nahi izan dute taldearen sorrera. Izan ere, Zain bultzatu duen elementu jakin bat dago elkarteko kideek orain arte egindako lanaren atzean: Ebroko Ur Konfederazioak Zaraitzu ibaia erregulatzeko izan dezakeen asmoa, alegia.

Asmo hori ez da oraingoa. Nafarroako Gobernuak 1987. urtean egin zuen Zaraitzu erregulatzeko aukerak aztertzeko txostena. Geroztik ez da egin txosten horretan jasotakoak garatzeko proiekturik, baina asmoa ez dute bazter utzi. Tiraderan gorde du Ebroko Ur Konfederazioak, eta, azken urteotan, berriz ere mahai gainean jarri du erakunde horrek.

Urbizi erakundeak ohartarazi zuen, duela bi urte, azkenean Zaraitzu ibaiaren inguruko asmoak garatzeko arriskuaz. Fito Jimenezek gogoratu du Urbiziren alarma zerk piztu zuen: “Ebroko Ur Konfederazioak egindako jardunaldi batean aipatu zuten Esa handitu eta gero Zaraitzu erregulatzea izanen zela hurrengo helburua”.

Zaraitzu ibaiko eta Esako urtegia handitzeko proiektuak lotuta daude, hain zuzen, Zaraitzuko ura Esa urtegia betetzeko erabiltzea baita Ebroko Ur Konfederazioaren asmoa. “Jendaurrean erraten dutenez, ez dute Zaraitzuko ura beharko, Esa hasieran uste baino gutxiago handituko baitute; baina, aldi berean, ez dute bazter utzi nahi”, erran du Jimenezek.

Oraingoa momentu garrantzitsua da, Ebroko Ur Konfederazioa Ebroko Plan Hidrologikoa berritzeko prozesuan murgilduta baitago. Europak 2000. urtean onartu zuen uraren inguruko zuzentaraua, eta 2010ekoak dira zuzentarau horren arabera egindako lehendabiziko plan hidrologikoak. Ordukoa da Ebroko lehenengo plana ere. 2010-2015erako onartu zuten. Ondoren, sei urteko epea zehaztu zuten plan berria egiteko. “2021ean berritu behar dute”, azaldu du Jimenezek.

Orain arteko planean, Zaraitzuko proiektua egiteko aukera jasota zegoen. Plan berrian egonen den edo ez argitzeko garaia da, beraz. Uztailean, gai nagusien inguruko agiria aurkeztuko du konfederazioak, eta sei hilabeteko epea hasiko da nahi duenak alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gero, urtarrilean, neurrien proposamena eginen du erakunde horrek, eta bertze sei hilabeteko epea izanen da proposamen horiek aztertzeko eta zuzenketak egiteko.

Otsagabitik Irunberrira

“Herritarrak piztu nahi ditugu, ibaiaren alde egin dezaten. Ondare handia da, eta duen balioa jarri nahi dugu erdigunean”, nabarmendu du Zain elkarteko David Sotok. 51,5 kilometroko bidea egiten du Zaraitzu ibaiak. Otsagabian hasten da bide hori, Anduñak eta Zatoiak bat egiten duten tokian. Zaraitzuko, Nabaskozeko, Erromantzatuko eta Irunberriko lurrak ukitzen ditu, eta azken herri horretan Iratirekin bat egiten du.

Pirinioetan erregulatu gabeko ibai bakarra da Zaraitzu, eta horrela jarrai dezala nahi dute Zain elkarteko kideek. Ibaiko ura Esara eramateko aukerei buruz, bi daude jasota Ebroko Ur Konfederazioak duen agirian. Aukera bat da Arbaiungo arroila hasten den tokian hogei metroko presa bat egitea, eta, Leire bederatzi kilometroko tunel batekin zulatuta, ura Esara eramatea. Bertze aukera bat da presa ibaian gorago egitea, Aizpurgin, zehazki; bederatzi metrokoa litzateke bigarren hori, baina 11 kilometroko tunela beharko luke Leire azpian, ura Esara eramateko.

“Hemen beti entzun da proiektu horren berri, baina inork ez zuen uste eginen zutenik; azken berriak jaso eta gero, kezka bada”, azaldu du Zain taldeko Marta Basconesek. Herritarrek ibaiarekin beti izan duten lotura sendotzeko beharra jarri du mahai gainean. “Pirinioetako herriok ibaia baliatu dugu gure egunerokoan; ibaia erabili dugu egurra eta bestelakoak garraiatzeko, errotak mugitzeko eta baratzeak ureztatzeko”, erran du.

Arbaiungo arroila

Zain elkartearen bidez, harreman hori sendotu nahi dute Zaraitzuko eta inguruko herritarrek, eta asmo horrekin antolatu dute datorren abuztuaren 10ean eginen duten auzolana. “Herriz herri antolatuko dugu auzolana, ibaia garbitzeko asmoz. Nork berea prestatzea da gure asmoa, eta gero denek bat egitea, besta giroan”, kontatu du Sotok.

Zangozarrekin bat

Zain elkarteko kideak kontent dira orain arte izan duten harrerarekin. “Hainbat hitzaldi egin ditugu, eta jendetza etorri da”, erran du Basconesek. Iazko urrian ere herritar anitzek egin zuten bat Zain elkarteko kideekin, Esako urtegia handitzeko lanen aurka antolatutako martxan. Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak eta Artiedako (Aragoi, Espainia) Rio Aragon elkarteak deitu zuten urriko martxa horretara. “Haiekin bat egin nahi dugu, Zaraitzu ibaia ukituko lukeen proiektua Esako urtegiarekin lotuta baitago”, azaldu dute Zain elkarteko kideek.

Urbiziko Fito Jimenezek ontzat jo du Zain elkarteak Esako urtegiaren aurkako taldeekin bat egin izana. Gogoratu du dirutza xahutu dutela jada proiektu horretan, eta, oraindik ere, “anitz xahutuko” dutela, lanek aurrera jarraitzen badute.

Oraingoz, martxan dira Esako lanak. Jimenezek ez du argi, halere, urtegia handitu eta gero bete ahal izanen dutenik. “Oraingo klima aldaketako testuinguruan uraren baliabidea gero eta eskasagoa da. Aragoi ibaiak ez du Esa betetzeko ur emari nahikoa izanen”.

Urbizik Esarako mahai gainean jarritako alternatibak gogoratu ditu erakunde horretako kideak. Zain taldeko kideek ere hori nabarmendu nahi izan dute. Alternatibak egonda ezin dutela onartu Zaraitzu ibaia arriskuan jar dezakeen proiekturik, alegia. “Ura kudeatzeko modua aldatzeko garaia da. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu; mugatutako ondasun bat da, eta zaindu egin behar dugu”, erran du Marta Basconesek.

Zaraitzu ibaia zaindu nahi dute Zain elkarteko kideek. Zaindu nahi dituzte ibai horri lotutako lurrak eta bizimoduak. Pirinioetan jarraitu nahi dutelako.