Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Edurne Elizondo

Historia eta istorioak. Eskualdeko herritarren iragana eta oraina lotzen dituzten hitzak. Hitz horien atzean gordetzen den altxorra. Horixe jaso du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma izenburupean argitaratutako lanaren bidez. Maite Lakar eta Nora Iriarte euskal filologoek egindako ikerketa du argitalpenak ardatz. Ez dira bakarrik aritu, herriz herri sortutako laguntzaile sarea izan baitute gidari.

“Esperientzia biziki aberasgarria izan da”, nabarmendu du Maite Lakarrek. 2000. urtean jaso zuen lana egiteko beka, Nora Iriarterekin batera. Ia hogei urte joan dira geroztik, baina proiektuak utzitako arrastoa sakona dela sumatzen zaio euskal filologoari, oraindik ere, gaiaz hitz egiten duenean. Emozioz ari da.

Izan ere, Bortzirietako ahozko tradizioa jorratzeko 2000. urteko lan horrek bertze anitz ekarri ditu Lakarrentzat, eta hamabi urtez aritu da, ondorioz, Baztan-Bidasoko ondare immateriala ikertzen. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak emandako beka izan zen lehendabizikoa, baina gero etorri dira Malerrekakoa eta Baztangoa, bertzeak bertze. Eusko Kultur Fundazioarekin ere egin du bat Lakarrek, Bidasoak ukitutako herrietako eta bertze anitzetako historiak eta istorioak jasotzeko eta zabaltzeko, herritarren ahotik eta

Aitatxi-amatxiak bilobarekin.

herritarren ahora.

Bortziriak solasean liburua da lan horrek guztiak eman duen azken emaitza, baina ez da bakarra. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak beti izan du “helburu bikoitza” ondare ukiezinari buruz, eta, jaso eta bildu ez ezik, jasotako eta bildutako hori zabaltzeko eta gizarteratzeko asmoz ere aritu da. Horixe nabarmendu du erakunde horretako teknikari Patri Arburuak. “Ez dugu lana bukatutzat eman nahi, gainera; beti bada sakontzen jarraitzeko aukera”, erantsi du.

Oraingoz, lau lan sortu dituzte: Lakarrek eta Iriartek egindako ikerketa abiapuntu hartuta, Bortzirietan aditutakoak izenburukoa izan zen aurrenekoa. Liburua eta CDa argitaratu zituzten, bi filologoek grabatutako audioak jasotzeko eta zabaltzeko. Bigarren lana, Xaldun Kortin izenburukoa, haur eta familientzako argitalpen multimedia izan zen. Bortziriak, uraren magalean dokumentala ere plazaratu du mankomunitateak, eta, orain, audioei irudia gehituz, Bortziriak solasean liburua eta DVDa egin ditu.

Zubi lana

Mankomunitateko euskara teknikari da Arburua, bai eta Lakarrek eta Iriartek sortutako laguntzaile sareko kide ere. Igantzin aritu da Arburua filologoekin. “Ez nuen elkarrizketetan zertan gelditu, baina izugarri ikasi dut; ezagutzen ez nituen eta etxeko atean gertatutako hamaika konturen berri izan dut”, azaldu du Arburuak.

Laguntzaileon ardura zen herriz herri nor elkarrizketatu zehaztea, eta herritarren eta ikerlarien arteko zubi lana egitea. “Herriok ongi ezagutzen zituzten pertsonak nahi genituen sare horretan, lekuko interesgarriak bilatzen laguntzeko. Eskualdean jaiotako jendea nahi genuen elkarrizketatu, eskualdeko kultura jasotako jendea. Euskalkia interesatzen zitzaigun, bai eta kontakizuna ere”, zehaztu du Maite Lakarrek.

Asmo nagusia izan da, hasieratik, aldatzen ari zen gizarte eredu baten ingurukoak eta bizimodu horri lotutakoak gordetzea. “Galdu baino lehen”. Aldaketaren abiadura azkarraz ederki jabetu da Maite Lakar. “Nora Iriarterekin audioak grabatu eta gero, Bortzirietako elkarrizketak bideoz grabatzera itzuli nintzen 2006an. Bost urteko epean, gauza anitz galdu zela konturatu nintzen”.

Egunerokoarekin lotutako esamoldeak eta hitzak dira galdutakoak, bertzeak bertze. Berako Toki Ona institutuan euskara irakasle da Lakar, eta erran du han ikasle dituen gazteek jada ez dutela beren aitatxi-amatxiek bezala hitz egiten.

Euskalkia landu nahi izan du Lakarrek; baina ez hori bakarrik. “Literatura, ipuinak eta kantuak jasotzea baino anitzez ere zabalagoa izan da lana, konturatu ginelako pertsona baten bizitza osatzen duten atal guztiak bildu behar genituela”, gogoratu du.

Liburuak, beraz, zazpi atal ditu: etxea eta familia; herriko bizitza; bizitzaren faseak; ekonomia; historia eta politika; kultura; eta euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana. Atal horiek ardatz hartuta, janzteko eta orrazteko moduak, lanbideak, herrien arteko loturak, auzolana, jaiotzarekin eta heriotzarekin lotutako usadioak, 1936ko gerraren ingurukoak, eskola, erlijioa, sinismenak eta bertze jorratu dituzte filologoek.

Malerrekan eta Baztanen egindako lanari esker, eskualdez eskualde dauden berezitasunak eta aldeak aztertzeko parada izan du Lakarrek. “Mugatik hurbilen dauden herrietan lehenago gertatu dira aldaketa anitz; Bortziriak, adibidez, Malerreka baino eskualde industrializatuagoa da; garbigailuak lehenago sartu ziren Bortzirietan”.

Halakoek bizimoduan eta bizimoduari lotutako errituetan eta esamoldeetan dute eragina. “Lihoz egindako galtzak erabili zituztenak, adibidez, Malerrekan aurkitu ditut. Bertze toki batzutan entzuna zuten egiten zituztela, baina ez dut zuzeneko lekukotasuna aurkitu”, aipatu du Lakarrek.

Aldeak badaude, baina herriak elkarrekin lotzeko elementuak ere bai. Baztan-Bidasoko herriak, adibidez, ibaiak lotzen ditu, eta lotura hori herriotako kontakizunetan agerian gelditzen dela erran du filologoak. “Kontrabandoa, izokinak, uholdeak… Gisa horretako kontuak antzekoak dira, eta batasuna sumatzen da herriotako istorio anitzetan”, zehaztu du.

Lamien eta sorginen ingurukoak dira adibiderik argiena, Maite Lakarrek nabarmendu duenez. “Baztango eta Bidasoko herrietan istorio bera kontatzen dute, baina bakoitzak bere herriko testuingurura lotzen du; istorio bera da, baina nork bere herrian kokatzen du; hori da politena, hain zuzen ere”.

Auzolana

Bortzirietako lana hasi zutenean, 2000. eta 2001. urteetan, sorginen inguruko pasadizoak “nork bere esperientziatik” kontatzen zituela gogoratu du Lakarrek. “Gizon batek erran zigun sorginek eraso egin ziotela; bertze batek, berriz, osaba erori, eta ahotik belea atera zitzaiola. Sinetsita kontatzen zituzten horrelakoak. 2006an bideoak grabatzera itzuli nintzenean, halako kontakizunak galduta ziren jada”, zehaztu du.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera, Eusko Kultur Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak parte hartu dute Bortziriak solasean lana argitaratzeko prozesuan. “Auzolanean egindako liburu bat da”, Maite Lakarrek argi utzi nahi izan duenez. Erakundeok emandako laguntzarekin batera, Ttipi-Ttapa aldizkariko kideen babesa ere mahai gainean jarri nahi izan du egileak, hedabide horrek maketatu baitu lana. Emaitzarekin “hagitz kontent” da Lakar.

Eta liburua izaten ari den harrerarekin ere bai. Lesakan eta Beran aurkeztu dute jada, eta herritarren interesa handia izan da bi herriotan. Ikerlarien artean ere, Baztan-Bidasoko ondare immateriala aztertzeko egindako ahalegina eskertzen dute anitzek. “Batek baino gehiagok eskatu digute dugun materiala”, azaldu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikari Patri Arburuak. Erakunde hori prest dago jasotakoa uzteko, noski. Bildutakoak zabaltzen dituztenean bilakatzen direlako, hain zuzen, benetako altxor.

Irudiak: ‘Bortziriak solasean’.