Lur Albizu Etxetxipia
Txuri-beltzeko argazkiak zirela ematen zuen, edo horretara ohitu ginen. Iruñea eta Nafarroa grisaz iraganean hitz egitera. Betiko uxatu bagenitu bezala. Bagenekien ezetz, baina akaso geure buruak pixka bat engainatu nahi izan genituen (gezur bat mila aldiz), errealitateak batzuetan hala ere eraiki egiten direlako. Eta oso egiazko lau urte izan dira, baina amets txiki bat ere izan zen. Ekilibrismorik handienak, kasualitateek, besteek gaizki egindakoek eta kanpoko jokalekuek ekarri ziguten emaitza sinestezina 2015ean: aldaketa. Eta akaso momentuko argazki bat zen, baina aurretik lan handia dagoela eta horretaz kontziente izan behar dugula ikusi dugu azken asteotan. Nafarroa nahi baino matxistagoa, eskuindarragoa, euskarafoboagoa sartu hemen nahi adina abizen— dela. Baina ez gaitezen engaina: Nafarroa aldatu, aldatu egin da azken urteetan. Eta hori ezin da eta ezin izan dute saihestu, eta aldatzen jarraituko dugu. Euskaldunagoa, feministagoa, ezkertiarragoa da gure lur txiki hau.
Ahaztua dugu, akaso, nolakoa zen Nafarroa, nolakoa zen Iruñea UPNk gobernatzen zuenean. Errealitatea, aste honetatik aurrera, zaplaztekoak ematen hasiko zaigu. Prest egon beharko genukeela entzun dut, esan dut azken asteetan. Baina momentu berezi batean gaudela uste dut: errealitateari begiratu eta hau onartzeko garaia da; orduan hasiko gara egoera berriari tamaina hartzen eta, beti bezala, Nafarroa hobea eraikitzeko lanean jarraitzen. Zeren ez, ez gaude prest sobreetarako, borra luzagarrietarako (eh, Esporrin?), kalera erdi urduri ateratzeko, euskara desagerrarazia ikusteko, operazio espekulatiboetarako, herritarrak entzuten ez dituzten eraikinetarako… beste zerbait ezagutu dugu eta badakigu askoz hobea zela, arnasaldi bat izan dela eta, akatsak akats, lortutakoa handia izan dela.
Nire miresmen osoa egunero-egunero esparru desberdinetan (ikastetxeetan, eragile sozial eta sindikaletan, herri mugimenduetan, kultur-taldeetan, lantokietan, udaletan…) lanean aritu direnei, eta udalgintzan aritu eta aritzen diren horiei guztiei. Beharbada orain hartuko diogu benetako tamaina egin duzuen lan guztiari, konturatuko gara zenbaterainokoa zen batzuetan “azaleko, kosmetiko, sinboliko” deitu dugun edo iruditu zaigun hori. Bide luzeak, zailak eta deserosoak hartu dituzue askotan; konpromiso eta ardura handiak. Ez dakit kontziente ote garen egin duzuen guztiaz.
Aspalditik gatoz eta urrunera goaz. Ez gaude egun bakarreko partidetara ohituta, lasterketa luzeetan badakigu ibiltzen eta galtzera ohituta gaude. Baina badakigu gaurko Nafarroa ez dela duela urte batzuetako Nafarroa eta bultzatzen jarraitu behar dugula. Indarrak hartu eta, beti bezala, aurrera segitzea besterik ez zaigu geratzen. Bagenekien zaila izanen zela, baina erronkak gustatzen zaizkigu. Mundu hobe bat eraikitzea beti egonen da oztopoz beterik. Erortzen garenean, zutik erortzea gustatzen zaigu.