Mendeurren besta erraldoia

Mendeurren besta erraldoia

Edurne Elizondo

Besta gune. Ospatzeko toki bilakatu zen Iruñeko zezen plaza, larunbatean, hiriko Pamplonesa udal musika bandako kideei esker. Ez ziren bakarrik izan: herritarren babesa izan zuten, batetik ordu eskas batean saldu zituzten kontzerturako sarrera guztiak, eta, bertzetik, mundu osoko laurogei bandatako 3.100 musikarirena. Iruñeko erraldoiek ere parte hartu nahi izan zuten, eta lehen mailako dantzari bilakatu ziren Pamplonesaren mendeurren bestan.

Aurtengo ekaina berezia izaten ari da bandako kide guztientzat. Hilaren hasieran, 6an, 7.000 ikasleren aurrean jo zuten musikariek, mendeurrenari lotutako ekinaldiak martxan jartzeko. Hogeita hamabi ikastetxetako haurrek egin zuten bat Nafarroa Arenan, egun horretan, bandako kideak entzuteko prest. Haur horiek ikasturte osoan landu dute Pamplonesaren lana eta historia, eta ekainaren 6ko kontzertuak eman zien egindako lana biribiltzeko aukera. Pamplonesako kideentzat ere “berezia” izan zen emanaldia, kontzertua zuzendu zuen Jesus Garisoainek bukatu bezain pronto nabarmendu zuenez.

Datorren uztailaren 6koa ere egun berezia izanen da, segur aski, Pamplonesa bandako zuzendariordearentzat, Garisoainek berak botako baitu aurtengo sanferminak hasteko txupinazoa, Iruñeko herriko etxetik. Ia aho batez erabaki dute iruindarrek Pamplonesak abiatuko dituela Iruñeko bestak: 9.472 herritarrek eman dute botoa, eta ia guztiak eskuratu ditu musika bandak, %92,1 alegia. Osasunako presidente Luis Sabalza zen bertze hautagaia.

Iruñeko Udalak joan den astean ezagutarazi zuen Pamplonesak botako zuela bestetako txupinazoa. Joseba Asiron jarduneko alkatea zen, eta argi erran zuen: “Pamplonesa esatean, Iruñea esaten dugu, eta sanferminak”. Izan ere, suziriak eztanda egin bezain pronto, Pamplonesako musikariak arduratzen dira plazan lehendabiziko obra jotzeaz: Gaintza biribilketa. Garisoain izaten dute bandako kideek zuzendari egun horretan. Besta lehenago hasiko da, aurten, musikarientzat.

Liburua

Momentuan gozatzeko dira Pamplonesaren kontzertuak, baina mendeurrena ospatzeko, bertzelako euskarriak ere jorratu ditu musika bandak: Cien años con la Pamplonesa (Ehun urte Pamplonesarekin) lana ondu dute Luis Maria San Martin musikologo, irakasle eta bandako kideak, Rebeca Madurga musikologo eta arte eta humanitateetako doktoreak, eta Javier Vazquez historialari eta udaleko teknikariak.

Bandaren historia jaso du liburuak. 1919. urtean sortu zuten hainbat herritarrek, orduan banda militarrak baino ez zeudelako hirian. 1941. urtean, Iruñeko Udalak hartu zuen bere gain. Urte horretatik 1987. urtera bitarte, Iruñeko Musika Bandaren Patronatuak izan zuen taldearen ardura. 1987an, patronatua desegin, eta jatorrizko eredura itzuli zen: kultur elkarte bihurtu zuten; eta kultur elkarte da, oraindik ere. Ehun urtekoa.