Ane Eslava
Gu pertsona normalak gara, helburu batzuk ditugu, borroka egin nahi dugu, eta geure burua ezagutarazi”. Angela Gabarre Azkoiengo gaztearenak dira hitzak, Helena Baiona kazetariak zuzendu duen Romipen izeneko dokumentalaren protagonistetako batenak. Film labur horrek emakume ijitoen inguruko aurreiritziak hautsi eta haiengana gerturatu nahi du ikuslea, begirada feminista eta politiko baten bitartez. Maiatzean egin zuten lanaren aurkezpen pribatua, eta laster aurkeztuko dute jendaurrean.
Zazpi emakumeren ahotsak jasotzen ditu dokumentalak: Carmen Jimenez, Saray Borja, Andrea Khalfaoui, Angela Gabarre, Joana Amador, Silvia Aguero eta R. Jimenezenak. Gehienak euskal herritarrak dira, guztiak ijitoak, baina guztiak ezberdinak. Bat doktoretza ikasketak egiten ari da, beste batek etxean lan egiten du; batek toki guztietan esaten du ijito dela, beste batentzat ijito izatea “zama bat” izan da; batek flamenko musika gustuko du, besteak ez… “Ez dago ijito izateko modu bakarra; emakume edo feminista izateko modu bakarra ez dagoen bezala”, laburbildu du Saray Borjak filmean. Helena Baionarentzat hor dago lanaren gakoa: “Ijito ez garenok komunitate horren estereotipo bat dugu, eta helburua izan da erakustea zer alde dagoen haietako bakoitzaren artean”. 28 minutuko filma osatu du Baionak, eta saiatu da “gaian sakontzen eta kontzeptu garrantzitsuak lantzen”.
Romipen dokumentalak iaz du jatorria. Baionak Mordiendo el aire izeneko dokumental laburra egin zuen gradu amaierako lanerako, eta Nafarroako Gobernuaren, Gaz Kalo Nafarroako ijitoen elkartearen eta Pikara Magazine hedabidearen laguntzarekin gaian sakontzeko aukera izan du. Angela Gabarre da Mordiendo el aire dokumentalean agertu ziren emakumeetako bat, eta oraingoan berriro eman du testigantza. Haren ustez, bi lanak baliagarriak dira gizartearen iruditerian finkatuta dauden ideiak hausteko. “Beti ikusten da ijitoon alde negatiboa, eta nazkatuta gaude: guk gauza batzuk gaizki egin ditugu, edozeinek bezala; baina ari gara ikasten, lanean, borrokan… Eta hori erakutsi behar da”, adierazi du. Bera da protagonisten artean gazteena, eta beti izan du argi zer bide hartu nahi zuen: ez zen gazte ezkonduko, eta ikasi egingo zuen.
Hartutako bidearengatik “presioa” sentitu izan duela aitortu du Gabarrek: “Sentitu izan dut nire komunitateak ez ninduela ulertzen, eta horrek beldurra sentiarazi dit”. Baina berak argi dauka inoiz ez diola uko egingo bere komunitateari. “Ikasteagatik utziko diot ijito izateari? Ez”, laburbildu du. Zuzendariaren ustez, “urrats garrantzitsua” da Gabarrek kameraren aurrean beldurra duela esatea: “Guztiok izan dugu beldurra noizbait, baina hori ez da ahultasun bat, indargune bat baizik: indarra duelako da gai esateko beldur dela”.
Gai zehatz batek zeharkatzen du dokumental osoa: feminismoak. Protagonistek modu ezberdinetan bizi eta ulertzen dute feminismoa; batzuek diskurtso teorikoagoa dute, eta beste batzuk bizitzak berak egin ditu feminista; emakume eta ijito izateak dakarren zapalkuntza bikoitzak. Halere, filmean aipatzen dute sentitu izan dutela feminismo hegemonikoak “alboratu” egin dituela ijitoak; ez dituela aintzat hartu beren aldarrikapenak. Saray Borjak, kasurako, beharrezkotzat jotzen du feminista guztien arteko elkarguneak bilatzea: “Patriarkatuak zapaltzen gaitu emakume guztiok; horrek izan beharko luke abiapuntua”.
Gabarrerentzat, “dena da feminismoa”. Bere askapenerako bidean tresna garrantzitsua izan dela esan du, eta amona jarri du feminismoaren eredutzat. R. Jimenez da, dokumentaleko protagonistetako bat. Jimenezek bizi osoa eman du lanean familia aurrera ateratzeko, eta, Gabarrek kontatu duenez, kalean ere bizi izan zen. Amonaren istorioa ezagutzeak “ahalduntzen” lagundu diola ziurtatu du gazteak.
Zuzendariaren iritziz, ezinbestekoa da feminismoa “birpentsatzea” eta kide ijitoengandik ikastea: “Euskal Herrian komunitate anitz biltzen duen feminismo bat garatzen ari gara, baina horretan jarraitu behar dugu, guztiok ez ditugulako zapalkuntza eta klase baldintza berberak”.
Dokumentala zuzentzeak zalantza asko eragin dizkio Baionari, esan duenez. Botere harreman oro apurtzen saiatu da lanerako, ijitoak berdintasunez tratatzen; horizontaltasunez. Baina, galdera bat sortu zaio: “Zergatik egin behar dut nik lan hau, eta ez ijito batek?”. Protagonistekin zalantza hori partekatzean, ordea, gehienen erantzuna izan da “kooperazio” gisa ikusten dutela lana. “Gizarte berean bizi gara emakume ijito eta ez ijitoak, eta proiektu komun bat egitea zoragarria da”, Gabarreren hitzetan. Zuzendariak egindako ahalegina eskertu du: “Helena errespetuz etorri zaigu, begirada garbi batekin, epaitu gabe… Ni oso eskertuta nago”.
Sareak indartzeko aukera
Dokumentalak 28 minutuko iraupena badu ere, Baionak patxadaz elkarrizketatu ditu protagonistak: luze eta zabal. Eta asko ikasi du solasaldietan. Aitortu duenez, elkarrizketetan bere aurreiritziez jabetu zen: “Erantzun zehatz batzuk espero nituen, eta ez zen hala izan. Orduan, pentsatu nuen: agian ezin da teoriarik erabili kasu hauekin, agian teoria, egin egin behar dugu; horretarako, haiek esaten digutena entzun beharko dugu”. Alde pertsonalean, bestalde, “aurkikuntza handia” izan da dokumentala sortzea: “Emakume zoragarri hauek ezagutzeko aukera eman dit”. Era berean, emakume ijitoek haien arteko sareak indartzeko aukera izan dute filmari esker.
Maiatzean egin zuten dokumentalaren estreinaldia, Nafarroako Filmotekan. Baionarentzat eta Gabarrerentzat “oso une berezia” izan zen. Bi lagunak urduri zeuden: elkarrekin eseri ziren, eta eskutik helduta ikusi zuten dokumentala. Baionarentzat, hura izan zen dokumentala sortzeko esperientziak utzitako unerik berezienetako bat. “Amaitzerakoan, Angelaren aurpegia ikustea oso polita izan zen”, adierazi du. Gabarrek, berriz, sorpresa hartu zuen lagunaren lanarekin: “Oso lan ona espero nuen, baina askoz hobea izan zen; lan ikaragarri bat ikusi nuen”. Gehien “asebete” zuena izan zen amona pantailan hizketan ikustea: “Izugarria izan zen”.