Hutsetik hasten laguntzeko

Edurne Elizondo

Irribarreari eutsi dio elkarrizketa osoan; hasi eta bukatu arte. “Egun on” batekin agurtu du kazetaria, euskaraz, eta amazigeraz galdetu dio ea zer moduz dagoen: “Salam mat anit?“. Marokotik ailegatu zen Mohamed Unasser Nafarroara, duela zortzi hilabete. Txalupaz egin zuen bidaia, bertze 35 pertsonarekin batera. 16 urte zituen Marokon ontziratu zenean; orain, 17 ditu. Sorterrian utzi du familia.

2018. urtean, heldurik gabeko 62 adingabe atzerritar hartu zituen Nafarroak, herrialdeko gobernuak eta Espainiakoak sinatutako akordioaren bidetik. Haietako bat da Unasser. Itsasoan hamabost ordu eman zituen, txalupa Andaluziara (Espainia) ailegatu zen arte. La Linea de la Concepcion hirian, adingabeentzako zentro batera eraman zuen Guardia Zibilak. Hiru egun eman zituen egoitza horretan, eta handik etorri zen Nafarroara. Bara├▒ainen bizi da orain, Nafarroako Gobernuaren babespean.

Azken bi urteotan, gora egin du heldurik gabe herrialdera ailegatu diren adingabe migratzaileen kopuruak. 62 izan ziren 2018an, eta 24 baino ez 2017an. SEI Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean artatzen dituzte horietako hainbat; tartean, Unasser. “Hutsetik hasten laguntzen diegu. Gure helburu nagusia da komunitate bat osatzea haiekin, eta haien inguruan. Ahal dugun harrerarik beroena egin nahi diegu, migrazioaren doluari aurre egiteko tresnak izan ditzaten”, azaldu du elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak.

SEIko kideen laguntzari esker sorterriko eta bertze hainbat herritako gazteak ezagutu dituela nabarmendu du Unasserrek; ari dela bere sarea osatzen. Gaztelania ikasten laguntzen diote, bai eta ikasketekin ere. “Elektrizitatea ikasten ari naiz”, erran du, irribarrea zabalduz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin zuen sorterrian. Handik atera nahi izan zuen, halere, “etorkizun hobe bate bila”.

Lan egiteko aukerarik ez zuela izanen argi ikusten zuen, eta bertze bide bat probatu nahi zuen. “Hasieran, gurasoek ez zuten nahi nik alde egitea; baina konturatu ziren hau nahi nuela nik, eta utzi zidaten”. Eta jaioterritik kanpora joan zen, azkenean. Marokon utzi zituen ama, aita, bost arreba eta hiru iloba. Harremana ez dute galdu, halere. “Ia egunero aritzen gara, WhatsApp bidez, batez ere”. Tuteran osaba bat du, eta asteburuetan elkartzen da harekin.

“Kontent naiz”, berretsi du. “Ez zenuen bidaian beldurrik izan?”, jakin nahi izan du Zigandak. Eta ezetz erantzun du 17 urteko gazteak, irribarrea galdu gabe. Itzultzeko asmoa baduela gaineratu du. “Baina bakarrik bisitan”. Ez du uste bere tokia Marokon dagoenik. Hemen gelditu ahal izateko paperak eskatu ditu, eta horiek lortzeko prozesua martxan da Bilboko Marokoko kontsulatuaren bidez. “Une honetan, Espainiako eta Europako adingabeentzako legeen babespean dago; gazteok 18 urte betetzen dituztenean, zailtasunek gora egiten ohi dute”, ohartarazi du Zigandak.

“Konpromisorik eza”

Duela hogei urte hasi zen lanean Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa, eta kideek salatu dute erakunde publikoek oraindik ere ez dutela behar bezainbertzeko konpromisoa hartzen migrazioaren auzian. “Utzitako egoitza batean gaude; ez dugu komunik, eta ailegatzeko eskailerak igo behar dira. Iaz berrehun gazte artatu genituen, eta, oraindik ere, hitzarmen baten edo egoitza duin baten zain jarraitzen dugu. Migrazioaren auzia ez dute serio hartzen erakundeek; egungo gizartea kulturartekoa da, eta bada onartzeko garaia”, erran du SEI elkarteko koordinatzaileak.

1999. urtean lanean hasi zirenetik, anitz aldatu da SEIko kideek hartzen dituzten pertsonen soslaia. “Gure ibilbidean, batez ere, denbora luze bat pasatu eta gero berriz elkartu diren familiak artatu ditugu: ama etorri izan da, lehendabizi, eta, handik hamar urtera edo, amatxirekin utzitako haurrak ekarri ditu”. Halakoetan, familiako kideen arteko harremana ere hutsetik lantzen hasi behar izaten dute migratzaileek. “10 edo 12 urterekin sorterritik alde egin behar duen haur edo nerabe horrentzat hagitz zaila da ezagutzen ez duen pertsona batekin bizitzera etorri behar izatea, bere ama den arren ez baitu ezagutzen”, azaldu du Zigandak.

Gisa horretako egoerak gero eta gutxiago gertatzen direla erantsi du. Azken urteotan, batez ere, heldurik gabe etorri diren adingabeak hartu dituzte, batetik, eta, bertzetik, batera ailegatu diren familietako kideak. Hori da Gabriela Garmendiaren kasua. Duela urtebete eta erdi ailegatu zen Garmendiaren ama Nafarroara, eta handik hilabetera egin zuten bide bera, Hondurastik, 15 urteko gazteak eta haren aitak eta nebak. “Sorterriko segurtasunik ezak ekarri gaitu honat, batez ere”.

Unasser bezala, “kontent” da Garmendia Nafarroan. Hasiera, hala ere, ez zen erraza izan. Hori ere nabarmendu nahi izan du. “Tarte batez, zalantzan jarri nuen sorterritik ateratzeko hartutako erabakia”, onartu du. Baina orain argi du hemen egon nahi duela. Hondurasen familia duela erantsi du, eta ez duela lotura hori galdu nahi.

Burlatan bizi da Garmendia. Sorterrian Batxilergoan hasi behar zuenean utzi zuen Honduras; Nafarroan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila eginen du datorren ikasturtean. “Lehendabiziko egunetan irakasleak erraten zuena ulertzeko ere zailtasunak nituen!”, gogoratu du.

SEIko kideen laguntza eskertu du, eta nabarmendu du egoerak hobera egin duela babes horri esker. Gako nagusi bat aipatu du Garmendiak: “Hemen, nire egoera berean izan den jendea aurkitu dut, eta horrek anitz lagundu nau; esperientzia bera partekatzeak konfiantza eta segurtasuna eman dit”. Beldurrak uxatu ahal izan ditu gazteak, finean.

Etxeko lanak egiteko, hiria ezagutzeko eta aisialdia betetzeko laguntza jaso dute Garmendiak eta Unasserrek SEI elkarteko kideen bidez, bertzeak bertze. “Hemen dena da ezberdina; nire herria txikia da, eta ez dago hemen dagoen zarata”, kontatu du gazte marokoarrak. Zigandak zehaztu du elkartean egunerokorako behar dituzten baliabideak eman nahi dizkietela nerabe migratzaileei: “Billabesak nola erabili ikas dezaten, edo udan bainatzeko tokiak non dauden jakin dezaten”.

Horrelako kontuen bidez, “komunitatea egitea” da helburua, Zigandak erantsi duenez: “Migratzea denon eskubidea da; ezin dugu hori ahaztu. Beldurraren politikak nagusitzen ari dira orain, han eta hemen eraikitzen dituzten harresien bidez; herritarroi dagokigu zabaldu nahi duten mezu horrekin kritiko izatea. Kulturartekoa da egungo gizartea, eta denon artean eraiki behar dugu”.

Ekainaren 20a iheslarien nazioarteko eguna izan zen. Munduan, ia 71 milioi pertsona dira egun iheslari, Nazio Batuen Erakundeak plazaratutako datuen arabera. Duela hogei urteko kopuruaren bikoitza da.

Boluntario

“Errealitatea ezagutzeko”, SEI elkarteko boluntario izatera deitu ditu Maite Zigandak herritarrak. Uztailerako eta abuzturako programa bat antolatu dute, hain zuzen ere. “Gazteok ezagutzea da estereotipoak apurtzeko modurik eraginkorrena”, gaineratu du koordinatzaileak. Eta horren adibide gisa aipatu du SEI elkartean artatzen dituzten gazteek eta Iturrama institutuko ikasleek batera egindako proiektua: “Elkar ezagutzea izan zen helburua, eta emaitza ezin hobea izan zen”.

D eredukoa da Iturramako institutua. Unasserrek eta Garmendiak onartu dute Nafarroara ailegatu zirenean euskara ez zutela ezagutzen. Orain interesa badutela erantsi dute.

Garmendiak eta Unasserrek ere argi dute beren bide bera egin dutenak lagundu nahi dituztela. Horretarako, begirale bilakatuko dira udan. Datorren astean formakuntza saioak eginen dituzte, eta, gero, haiek jasotako harrera eginen diete herrialdera ailegatuko diren nerabe migratzaileei.

Anitz dira, SEI elkartearekin bat egin eta gero, bertako kideekin jorratutako harremanari eutsi nahi izaten dioten migratzaileak. “Laguntza jaso eta gero, laguntza eman nahi izaten dute. Eta ez da pertsona aproposagorik”, nabarmendu du elkarteko koordinatzaileak.

Mendira joatea maite du Unasserrek; Garmendiari, berriz, musika eta literatura gustatzen zaizkio. Bertze kide batekin, Mentes brillantes rapa idatzi eta grabatu berri du Garmendiak, hain zuzen ere, gazte migratzaileei buruz. Kontent da, udako lana egiteko gogoz. Unasser ere bai. 18 urte beteko ditu hurrengo urtean. Ikasten jarraitzea eta lan egitea bertzerik ez du buruan. Irribarrea erakutsiz erran du.