Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Aire kutsatua arnasten da Nafarroan

Ane Eslava

Hobekuntza batzuk izan dira, baina egoera “kezkagarria” da: Nafarroako biztanle guztiek arnastu zuten aire kutsatua 2018an, Ekologistak Martxan taldeak argitaratu berri duen txosten baten arabera. Datuek erakusten dute zenbait substantzia kutsatzailek behera egin zutela iaz, prezipitazioei esker, baina, hala ere, Nafarroan “populazio osoak eta lurraldearen bi herenek” jasan zuten Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duen baino kutsadura maila altuagoa.

Ekologistak Martxan taldearen txostenean bildu dituzte Nafarroako hamabi tokitan kokatuta dauden airearen kalitatea neurtzeko estazioetako datuak. Irizpenean jaso dutenez, klima aldaketak, autoen isurtzeek eta erregai fosilen erabilerak eragin dute egoera, eta Castejongo zentral termikoa, Iruñea eta zenbait industriagune dira kutsadura foku nagusiak.

Eguraldiak eragin handia du kutsaduraren gainean. Iaz, eguraldia ezegonkorra izan zen, eta prezipitazio ugari izan ziren, baina, aldi berean, udan tenperatura oso beroa izan zen. Eguraldiaren ezaugarri horiek zenbait ondorio izan zituzten, Miguel Angel Ceballos txostenaren koordinatzaileak azaldu duen moduan: “Alde batetik, hezetasunak, haizeak eta atmosferaren ezegonkortasunak gutxiagotu egin dute partikula eta gas kutsatzaileen kopurua; ondorioz, kutsadura maila, orokorrean, aurreko urteetakoa baino baxuagoa izan da”. Zehazki, partikula esekien, nitrogeno dioxidoaren eta sufre dioxidoaren kopuruak egin du behera, eta berreskuratu da 2008an hasitako krisialdiaren aurretik zegoen beheranzko joera.

Hala ere, adituak ohartarazi du partikula kutsatzaile horiek behera egin dutela “meteorologiaren koiunturarengatik”, eta ez isurtzeen gutxitzearengatik. Gainera, atmosferaren ezegonkortasunak badu alde negatibo bat: partikulak barreiatu egiten ditu, eta, ondorioz, kutsadura lurraldean zabalduz doa. “Nafarroan, kutsaduraren gune nagusiak Iruñea, Castejongo zentral termikoa eta zenbait industria instalazio dira; baina horiek sortzen duten kutsadura herrialde osoan barreiatzen da”, Ceballosek azaldu duenez.

Bestalde, azken urteetan muturreko tenperaturak areagotzen ari dira: udan gero eta bero handiagoa egiten du, eta horrek handitzen du ozono troposferikoaren maila. Substantzia hori beste zenbait substantzia kutsatzaileren arteko erreakzio baten ondorioz sortzen da. Nafarroari dagokionez, Castejongo zentral termikoak, zenbait industriak eta autoen ihes hodiek isurtzen duten substantziek sortzen dute ozonoa. Txostenean ikus daitekeenez, 2018an Nafarroako Erdialdean eta Erriberan ozono kopuru altuak egon ziren, osasunean eta ingurugiroan kalte egin dezaketenak. “Hala ere, arazo hau aspalditik dator: airearen kalitatearen inguruko txostena egiten dugunetik ikusten ari gara”, aipatu du Ceballosek. 2005etik egin dute txostena, urtero.

“Ozonoa da Nafarroan dagoen kutsadura arazorik handiena”, adituaren hitzetan, baina partikula esekien kopuruaz ere ohartarazi du. Iaz, Nafarroako herritarren %60k arnastu zituzten partikula horiek, batik bat Iruñeko biztanleek. Horien kutsadura maila oraindik legeak onartzen duen mugaren barruan dago, baina osasunarentzat “mehatxua” da, adituak ohartarazi duenez. Bestalde, Zubiriko Magnesitas Navarra lantegiaren ondoan dagoen estazioak sufre dioxido maila altuak erregistratu zituen; OMEk onartzen duen mugaren gainetik.

Osasunarentzat kaltegarria

Kutsadurak kalte larriak eragin ditzake osasunean. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, Europan 800.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kutsaduraren ondorioz. Arnas aparatuko eritasunak eta kardiobaskularrak eragiten ditu: asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, gaixotasun koronarioak eta bihotzekoak, besteak beste. “Kalkuluek erakusten dutenez, batez beste 342 pertsona hiltzen dira urtero Nafarroan kutsaduraren ondorioz sortutako gaixotasunengatik”, zehaztu du Ceballosek. Gizakien osasunari ez ezik, kutsadurak naturari ere eragiten dio; Nafarroaren kasuan, bereziki hegoaldean.

Egoera ikusita, Ekologistak Martxan taldeko kideek “premiazkotzat” jotzen dute Nafarroako Gobernuak airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jartzea. Ceballosek azaldu duenez, egungo legediak jasotzen duen neurri bat da hori, eta ez dira betetzen ari: “Kutsadura maila altuak daudenean —hemen ozonoarekin gertatzen den moduan—, autonomia erkidegoak behartuta daude airearen kalitatea hobetzeko planak egitera; Nafarroan, behin baino gehiagotan eskatu dugu plana egin dezatela, baina ez dute egiten”. Salatu du, halaber, gobernua “arazoaren jakitun” dela, txostenetarako erabiltzen dituzten datuak administrazio publikoak ematen dituelako. “Eta, hala ere, ez dute deus egiten”. Haren hitzetan, airearen kalitatea hobetzeko modu bakarra da plan bat egitea eta trafikoaren eta industriaren isurtzeak mugatzeko neurri zehatzak hartzea. “Premiazkoa da”.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku