“Kontzientziak astintzen ditu umoreak, era pedagogikoan”

“Kontzientziak astintzen ditu umoreak, era pedagogikoan”

Edurne Elizondo

Sufritutako lodifobiari aurre egiteko tresna bilakatu du umorea Maider Lazkanok (Iruñea, 1988). Jendeari barre eginarazteko dohaina du, eta horrek eraman du bakarrizketak idaztera.

Nola sartu zara monologoen abenturan?

Niretzat, berezko urrats bat izan da, naturala. Nire izaera horrelakoa izan da beti, beti aritu naiz txantxak egiten. Egia esan, umorea neure burua babesteko tresna bat izan da beti. Umoreak aukera eman dit irainak eta gisakoak beste modu batera hartzeko, terapia moduko bat izan da, finean. Hunkitu egiten naiz hau esaten dudan bitartean…

Zure ezinegona dagoelako zure umorearen oinarrian?

Bai. Aurrera egiteko, umorearen beharra izan dut. Inoiz ez nuen pentsatu jendaurrean ariko nintzenik bakarrizketak egiten; gaia serio hartzen, halere. Berez, niretzat, ez da gauza oso serio bat. Baina lehiaketetan eta jendaurrean aritzeko urratsa egin dut, eta ez nuen uste hori eginen nuenik inoiz.

Zerk bultzatu zaitu?

Lagun batek esan zidan, behin, dohaina dudala jendeari barre eginarazteko. Hori entzun eta gero, urratsa egiteko nire grinak gora egin zuen, eta hasi nintzen antzerkigintza ikastaro bat egiten. Irakasleetako batek, hain justu, bakarrizketak egiten zituen. Harekin hasi nintzen testuak lantzen.

Hasieran beharra zena lodifobiaren aurkako aktibismo bilakatu da?

Bai, bai. Nik uste dut umoreak botere hori duela: kontzientziak astintzen ditu, modu pedagogiko batean. Jendeak ongi pasatzen duen bitartean jasotzen du mezua, eta, ondorioz, errazago barneratzen du. Bakarrizketak egin eta gero, etorri izan zait jendea esatera gogoeta eragin diedala. Beraz, zuzenean jabetu naiz umoreak astintzeko duen gaitasun horretaz. Ahaldundu nau horrek.

Eta mugak ere baditu umoreak, edo izan beharko lituzke?

Askotan hitz egiten da horri buruz. Nik uste dut gakoetako bat dela, lehenik eta behin, zeure buruaz barre egitea. Abiapuntua hori denean, zaila da umoreak inor mintzea. Halere, ezin dugu ahaztu umorea egin daitekeela behetik gora, eta, alderantziz, goitik behera ere bai. Behetik gora egiten denean, balio du zapalkuntzen atzeko estereotipoak apurtzeko; baina goitik behera egiteak ekartzen du estereotipo horiek betikotzea. Umorea egiten duzunean, jendaurrean, oso argi izan behar duzu mina egin dezakeela. Ardura bat duzu, beraz.

Lodifobiaz gain, arrazakeria, drogak,… bertze hainbat gai ere jorratu dituzu.

Bai. Baratxuriez ere aritu naiz!

Botika gisa erabili zenuela kontatzen duzu zure bakarrizketan, baginan infekzioa izan zenuelako.

Bai. Eta benetako istorio bat da! [barrez] Baratxuriak gaitasun antibiotikoak dituela esaten dutenez… Amak entzun zuenean, ea egia ote zen galdetu zidan, eta baietz esan nion. Bakarrizketak egin eta gero, jendea etorri izan zait istorio hori nola bukatu zen galdetzera.

Eta nola bukatu zen?

Ginekologoarengana joan behar izan nuen! Baina ez zuen deus aurkitu. Esan zidan baratxuri bat sartzen nuen bakoitzean joan behar banuen ginekologoarengana, hobe nuela berriz ez egin eta baratxuri gehiago ez sartu [kar-kar-kar]. Eta ez dut berriz egin, egia esan! Idatzi hau, mesedez, horrela jendeak jakinen du baratxuriaren istorioa nola bukatu zen.

Gorputza jartzen duzu zure bakarrizketaren erdigunean. Esparru politiko bat ere bada?

Nik ez dut modu horretan planteatzen; ni bakarrik nago agertokian, eta ez dut inorekin eztabaida egiten. Baina egia da gorputza ere badela esparru politiko bat. Nik ez dut esan nahi lodi egotea onena dela; hori da, finean, patriarkatuak gorputz argalekin egiten duena: gorputz eredu hori jartzen du besteen gainetik. Nik esan nahi dudana da gorputz guztiek balio dutela, eta nahi duzun gorputza izan dezakezula. Edo ahal duzuna, beti ez baita nahi izatea kontua. Nik beti nahi izan dut argal izan, baina nire gorputza den modukoa da.

Loditasuna ez da gauza bera gizonen eta emakumeen artean?

Ez. Gehiago zigortzen da emakumeen kasuan. Loditasuna, neurri batean, modan dago. Gaztelaniaz gordibuena hitza asmatu dute. Kontzeptu horrek ez ditu kontuan hartzen ehun kilo baino gehiagoko emakumeak. Ontzat jotzen den eredutik kanpo gelditzen dira. Hitz horrek bi multzotan bereizten ditu gorputzak: desiragarri direnak eta ez direnak.

Osasunaren auzia ere jarri nahi izan duzu mahai gainean, gaixotasunarekin lotzen baita, anitzetan, loditasuna.

Askotan aipatzen da loditasunaren eta osasunaren arteko eztabaida, eta askotan esaten da ez dela osasuntsua lodi egotea. Nik uste dut sakon aztertu beharko genukeela zein ikuspuntutatik heltzen diogun pertsona lodi horrek duen gaixotasunari. Gaixo dago lodi dagoelako? Edo lodi egoteagatik jasan dituen presioek eta irainek ekarri dute gaixotzea?

Feminismotik ongi erantzun zaio lodifobiari?

Nik ez dut feminismoaren babes falta sentitu. Baina bai sentitu dut, feminismoan ere, gehienetan nagusitzen den ikuspuntua dela emakume argalena. Nik patriarkatuaren beste aldea bizi izan dut, adibidez. Karrikan txistualdiak eta lerde-jarioen nazkantekeriak aguantatzen dituzte lodi ez direnek; nik, berriz, beti nahi izan dut gizonek karrikan guapa esatea, lodi esan beharrean. Baina feminismoa da nire pentsatzeko modua moldatu duena.