“Gaixo larriei eta kronikoei esperantza ematen diegu”

“Gaixo larriei eta kronikoei esperantza ematen diegu”

Edurne Elizondo

Oporretan joan aurretik odola eman dezatela eskatu die Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuak herritarrei. Erakunde horren lanaren berri eman du Jose Antonio Garcia Erce zuzendariak (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1969). Bankuak hezur-muin emaileen erregistroa ere kudeatzen du.

Odol gehiago behar da udan?

Orain egin dugun deialdiak arrazoi jakin bat du atzean: udan behera egiten du ospitaleetako jarduerak, profesionalen oporraldien ondorioz. Hori gertatzen denez, jendeak pentsatzen ohi du ez dela beharrezkoa udan odola ematea. Prozeduretan ere aurrera egin dugu, eta egia da ebakuntza gelan gero eta odol gutxiago behar dugula; batetik, gaixoa prestatzen dugulako ahalik eta baldintza onenetan sar dadin ebakuntza gelara; eta, bertzetik, ahal dela, bertzelako teknikak erabiltzen ditugulako, ebakuntzen ordez. Hala eta guztiz ere, odola behar dugu. Kontuan izan behar dugu egunerokoan gaixo kronikoak eta onkologikoak direla odol gehien behar dutenak, eta horien beharrak ez direla bertan behera gelditzen udan; ezin dugu ahaztu, halaber, emaileen oporraldiak zera eragiten digula: kanpora joaten badira, bisitatzen duten herriaren arabera, denbora batez ezin dutela odolik eman.

Zergatik ez?

Gero eta gehiago mugitzen gara. Gero eta gehiago bidaiatzen dugu, eta gero eta urrunago, Hego Amerikara eta Afrikara, bertzeak bertze. Herriotan, hainbat intsekturen ziztadaren bidez birusak kutsatzen ahal dira, eta, ondorioz, tokiotara joan diren odol emaileei berrogeialdia ezarri behar diegu, gaitzik ez dutela ziurtatzeko. Europatik kanpora joanez gero, gutxieneko berrogeialdia hilabetekoa da; tokiaren arabera, lau edo sei hilabetekoa ere izan daiteke. Horrek, noski, mugatuko luke gure jarduera. Egoerak okerrera egin du azken urteotan, Europan dugulako eltxo tigrea, eta haren ziztadak mendebaldeko Niloko birusa eragin dezake.

Odola bidaia egin aurretik ematea da kontua, beraz?

Hori da. Ohiko emaileei eta lehendabizikoz ematea pentsatzen ari direnei eskaera zehatza egin diegu: dei dezatela gure zerbitzura, behar duten informazioa jasotzeko, eta, ahal dela, eman dezatela odola joan aurretik. Bertzela, gerta daiteke ematera etorri eta ezin ematea.

Herrialdeko beharrak asetzeko nahikoa odol izaten da?

Nafarroan konpromiso handiko odol emaileak ditugu, zorionez. Odol-emate tasarik handiena duten erkidegoen artean egon da beti Nafarroa. Egia da behera egin duela kopuruak azken urteotan, populazioa zahartuz joan delako; eta egia da, erran bezala, gutxiago behar dela ebakuntza geletan, gaixoak prestatzeko egin dugun ahaleginagatik. Beraz, hematie nahikoa izaten dugu. Une jakin batzuetan erreserbek behera egin dezakete, baina egoera larririk ez dugu izan azken urteotan. Erkidegoen artean elkarlana bada, eta behar duenak jasotzen du bertzeen eskutik. Guk, halere, badugu bertze arazorik.

Zer-nolako arazoak?

Goi mailako zentroak ditugu, eta horiek produktu bereziagoak behar dituzte. Behar ditugu plaketak kimioterapia jasotzen ari direnentzat, transplantea egin dietenentzat, edo bihotzeko ebakuntza egin dietenentzat, bertzeak bertze, eta horiek urriago ditugu.

Nola egiten diozue aurre arazo horri?

Bultzatzen ari gara aferesi bitarteko odol emateak egitea. Odola emateko modu berezi bat da: odola bere osoan eman beharrean, makina baten bidez, behar ditugun osagaiak hartzen ditugu. Helburua da plaketa gehiago izatea, gero eta gaixotasun larriagoak artatzeko moduak baditugulako, eta bizi itxaropenak ere gora egin duelako. Horrek ekartzen du plaketa gehiago behar izatea. Kontuan hartu behar da, gainera, botikak egiten ditugula.

Bankuan jasotako odolarekin?

Odolaren osagaiak hartu ez ezik, transfusioetarako erabiltzen ez dugun plasma prozesatu egiten dugu, botika proteikoak egin ahal izateko. Gaixotasun anitz sendatzeko tratamenduetarako behar dira halako botikak, eta bertze modu batera lortzea ia ezinezkoa da. Horregatik, garrantzitsua da aferesi bitarteko odol emateak sustatzea. Anitz dira odolaren erabilerak. Lehen biziak salbatzeko erabiltzen zen, batez ere; orain, berriz, bizi kalitatea lortzeko. Gaixotasun larri edo kronikoak dituztenei esperantza ematen diegu. Paradigma aldatzen ari da.

Odol bankua ez ezik, ehunena ere bazarete. Zer erran nahi du horrek?

Hezur-muin emaileak hartzeko zentroa garela, batetik. Hobeki erranda, hezur muina eman nahi dutenen erregistroa kudeatzen dugu, beharra dagoenean hezur muina jasotzeko prozesua martxan jartzeko. Bertzetik, organo emaileen inguruko informazioa zabaltzen dugu, eta prozesatzen ditugu, gainera, hildako gorputzetatik jasotako hainbat zati: hezurrak, lotailuak, korneak, erretinak… Zilbor-hesteak ere jasotzen ditugu, Kataluniako bankura bidaltzeko. Munduko zentro handienetako bat da hori.

Behar adina hezur-muin emaile bada?

Espainiak helburu zuen 2020. urterako 400.000 emaile lortzea. Kontua da azken bi urteotan hainbat gaixok sare sozialen bidez egindako kanpainei esker, neurri handi batean, helburu hori bete egin zela, 2018an. Orain xedea bereziagoa da: sustatu nahi dugu gazteek ematea, eta, bereziki, gizonek. Orain arte, ohi bezala, emakumeak izan dira eskuzabalagoak.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku