Iritzia: Kirola eta obsesioa

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Jon Barberena Ibarra

Ez dut kirolari buruz gehiegi solastatzeko ohiturarik, hare gutiago, idaztekoa. Halere, duela guti, berriz ere, dopin hitzak lekua hartu du txirrindularitzan. Horrek ez ninduen sobera harritu, baina, kontua da, oraingo honetan, afera ez dela maila profesionalean pasatu, denbora-pasa eta afizio gisa praktikatzen dutenen artean baizik. Berriki, El Correo-k jakinarazi du Raul Portillok eta Jose Antonio Larreak EPO baliatu zutela euren balentriak edo ekintza gogoangarriak lortzeko. Portillo, errate baterako, alimaleko negozio bilakatu den Quebrantahuesos martxa zikolturistan lehendabizikoa ailegatu izan da, eta harena da Irati Xtrem martxa zikloturistan Larrau hupatzeko eginiko denborarik onena. Berarendako izan ziren, behin eginbeharrak akituta, ondokoen miresmena, txaloak eta laudorioak. Burrunba horren erdian, autoestimua hanpatu eta bere egoa hauspotu zuen.

Gainera, zenbait egunkari irabazle hitza erabiltzen tematu dira martxa horien berri ematerakoan, eta, horrez gain, Internet dago, dena erakusten duen leiho preziatu hori. Dudarik ez dago, izena eta abizenak zenbait hedabidetan barreiatzeak norberaren egoan eragina du, eta, nonbait, urrearen prezioa du fama eta itxurakeria gainbaloratuak dauden gizartean. Onenak izan behar dugu kiroletan, prestigiozko lanpostua lortu, irribarre perfektua erakutsi.

Agerikoa da norgehiagoka eta apustua errotuak ditugula, izaera lehiakorra baitugu euskal herriko gizonok, batik bat. Rh negatiboaren eta geneen kontuak aipatzen dira, baina horren gibelean ez ote dago sistema neoliberal basatiaren izpiritua? Mugaraino ailegatu beharra, hoberena izan beharra, estatus sozial eta ekonomiko jakin bat eskuratu beharra… Etengabeko gainditze fase batean bizi gara, eta, horrek momentuko pozak ekartzen badizkigu ere, geure buruarendako zama bihurtzen da, frustrazio.

Egoa inoiz ase ezin den barne sits apetatsua da, eta tranpa edo iruzur egiteko prest gaude lauda gaitzaten. Era berean, batzuk, akaso, ez dira dopina hartzera ailegatuko, baina bai kirola obsesioz bizitzera. Horrela, sozialki euren buruak baztertuko dituzte forma fisiko egokia erdiesteko helburua lehenetsiz. Hori guztia, El Diario Vasco-k Behobia-Donostia lasterketaren biharamunean argitaratzen duen sailkapenean postu batzuk aitzinatzeko edo hogei orduz menditik barna lasterka aritzeko. Obsesibo hau ez da euskal kulturaren ezaugarri, sistema kapitalista eta patriarkal honen parte baizik.

Zorionez, badugu zer ikasi eta zer desikasi anitzek. Erkuden Almagrok sortu zuen Bizikume, eta han adin eta erritmo aski desberdinetako emakumeak biltzen dira pedalei eragiteko. Gizon anitzen filosofiarekin alderatuz gero, bertzelakoa da: “Beste erritmo batzuk ditugu, beste elkarrizketa gai batzuk… Beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea: disfrutatu egin nahi dugu”. Horixe da erronkarik handiena, obsesionatu gabe, disfrutatzea.

Irudia: Quebrantahuesos.