Edurne Elizondo
Zauria sendatzen jarraitzeko bi urtean behin egiten duten bisita: horixe da Berako Agerra mendi taldeak eta Manttalek Taillon mendira igotzeko antolatzen duten txangoa. 2017an egin zuten azkenekoz, eta bihar itzuliko dira berriz: mendiaz gozatzeko, eta Pirinioetako txoko horretan hildako eskualdeko mendizaleak gogoratzeko. “Ipar paretaren ondotik pasatzen garenean, goiti begiratzen dugu, eta imajinatzen dugu non ibiliko ziren. Momentu hunkigarriak dira, baina aurrera jarraitu, eta txangoa besta bilakatzen da; hori da gure helburua”.
Iñaki Pikabearenak dira hitzak. 2007. urtean hil zen haren anaia Luis Mari Pikabea Loro mendizale beratarra, Taillon mendiko ipar paretan. Harekin batera zendu ziren, istripu berean, Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere. Handik lau hilabetera igo zen Iñaki Pikabea, lehendabizikoz, Taillonera. Tokia ezagutu nahi zuen. Mendira itzuli, mendian gozatzen jarraitu ahal izateko. Anaiak egiten zuen bezala.
2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Pikabea eta Zubieta, eta 32 urteko Saralegi. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.
Edurne Pasabanekin eta Asier Izagirrerekin ziren Bortzirietako mendizaleak, Taillonen, istripua gertatu zenean. “Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan”, nabarmendu zuen Pasabanek 2017an, ezbeharra gertatu eta hamar urtera.
Ehun pertsona inguru
Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. Baina Iñaki Pikabeak argi du istripuak “nonahi” gerta daitezkeela. Horregatik, 2007an Taillonen gertatutakoak ez du ekarri zendutako mendizaleen lagunek eta senideek mendia uztea. Bortzirietan beti izan da zaletasuna, eta grina horri bidea eman nahi izan diote Agerra mendi taldeak eta Manttalek, bi urtean behin antolatzen duten txangoaren bitartez.
2009. urtean egin zuten irteera lehendabiziko aldiz. Gero eta jende gehiagok parte hartu izan du. Biharkoan, 80-100 pertsona inguruk bat egitea espero dute antolatzaileek, hain zuzen ere. “Autobusa antolatzen dugu guk, baina bada autoz joaten den jendea ere”, azaldu du Iñaki Pikabeak. Autobusez joanen direnak 05:30ean aterako dira Beratik, Iamotenea aurreko aparkalekutik, zehazki. Hamabost euroren truke, bidaia eta bazkaria ordaintzen dute mendizaleek. 21:00-22:00 aldera itzuliko dira denak herrira.
Pirinioetan, bi ibilbide prestatu dituzte Agerra mendi taldeko eta Manttaleko kideek, mendizale guztien neurrira. Batetik, lau ordu inguruko txangoa egiteko aukera izanen da, Gavarnietik Bujarueloko lepora. 600 metrokoa da bide horretako desnibela. Bertzetik, denera sei ordu iraunen duen bertze bideak Taillon mendiko tontorrera eramanen ditu mendizaleak. 1.200 metrokoa da desnibela bigarren ibilbide horretan.
Bujarueloko lepoan eginen dute bat mendizale guztiek. Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzeko monolitoa dago han, eta haren aurrean omenduko dituzte. “Gauza xume bat eginen dugu; familia argazkia atera eta kito. Natur parke bat da, eta gu ere ez gara ekitaldi handien zale”, erran du Iñaki Pikabeak. Gero, Gavarnie herriaren ondoan bazkalduko dute.
Beratarrak berretsi du egunak mendiaz gozatzeko aukera eman nahi diela herritarrei. “Polita da, beti baitago lehen aldiz joaten den norbait; bakarrik joateko beldurrez direnak gustura joaten dira talde handi baten arrimuan”, nabarmendu du Pikabeak. “3.000ko erraza da Taillon, baina jakin behar duzu pixka bat ibiltzen, eta errazagoa da jende artean”.
Taillonen zendutako hiru mendizaleen “herentzia” da, nolabait erranda, bi urtean behin Beratik Pirinioetako txoko horretara antolatzen duten txangoa. Horixe erran du Pikabeak. Lehenagotik ere bazuten zaletasuna etxean. “Ni ibili izan naiz, eta Patxi anaia ni baino gehiago; baina zaletasuna beti izan dugu: lagun arteko zaletasuna izan da mendia guretzat”.
Luis Mari izan zen mendian bide sendoena egin zuena, halere, Pikabeatarren artean. Zubieta eta Saralegi bezala, mendizale zaildua zen alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren hirurak. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen: 1997an, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera.
Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasabanekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hain zuzen, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen mendizale tolosarra. “Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren”, erran izan du Pasabanek.
Elkar babestu
Asmoak eta proiektuak bertan behera gelditu ziren 2007ko urtarrilaren 13an, Taillon mendiak Zubieta, Pikabea eta Saralegi hartu zituenean. Zazpi eguneko tartean lau herritar galdu zituzten Bortziriek Pirinioetan, eta doluak hartu zuen eskualdea. Zendutako mendizaleen familiak eta lagunak izan dira, halere, egoerari aurre egiteko indar handiena erakutsi dutenak, eta mendiaz gozatuz eta mendia maitatuz egin dute hori. “Argi genuen etxean geldituz ez genuela deus konponduko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Guk elkarri eman diogu babesa; elkarrekin egin dugu aurrera”, erran du Iñaki Pikabeak.
Taillon mendira anaia hil berritan igo zen aurrenekoz. Egun hartako eguraldi txarra du gogoan; lore sorta utzi zutela mendian galdutako anaiaren eta lagunen omenez. Eta tokia ezagutzeak, nolabait, “lasaitua” eman ziola. Bertze hainbat aldiz egin du bide bera, baina, oraindik ere, badu kendu nahi duen bertze arantza bat: anaia hil zen iparraldeko horma eskalatzea. “Badakit bertze urrats bat dela; eskalatu behar dela; baina egin nahi dut”, berretsi du.
Taillon mendi berezia izanen da beti Bortzirietako mendizaleentzat. “Berezia da, anaia eta lagunak han gelditu zirelako”. Galerak eragindako minaz harago, aurrera segitzeko bidea eman dio Iñaki Pikabeari bi urtean behin txangoa antolatzeko ilusioak eta lanak. Pozten du irteerak hainbertze jende erakartzen duela ikusteak, anaiaren eta lagunen memoria bizirik dela erakusten duelako. “Polita da ohartzea jendea anaiaz oroitzen dela”.