Lurra eta etorkizuna jokoan

Lurra eta etorkizuna jokoan

Edurne Elizondo

Asmo berak lotzen ditu Baztanen eta Zangoza aldean zutik jarri diren herritarrak: beren lurrak eta etorkizuna jokoan jar ditzaketen egitasmoen aurka altxatu dira. Zangoza aldean, Geoalcali enpresaren Muga proiektuak eragin du kezka, azken urteotan, eta kezka hori handitu egin da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egitasmo horren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu eta gero. Baztanen, berriz, 2008an bazter utzitako proiektuari eutsi dio Magna etxeak, berriz ere Erdiz izeneko eremuan magnesita ustiatzeko meategia egiteko. Erdiz Bizirik plataformako kideak karrikara atera dira, jada, asmo hori salatzeko, eta “ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde” egiteko asmoz.

Erdiz Bizirik plataformako eledun Jon Elizetxek zalantzarik ez du, eta Magnaren egitasmoak baztandarren egungo gizarte eredua “puskatuko” lukeela nabarmendu du. Lekarozen egin nahi duten Aroztegia proiektua ere eredu horren aurkako “mehatxu bat” dela erantsi du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.

Erdiz Bizirik plataformako kideak ez ditu ezustean harrapatu Magnak berriz ere mahai gainean jarri izanak Aldude mendiko inguru horretan meategia egiteko proiektua. “Ez genekien noiz eta nola emanen zuten pausoa, baina eginen zutela espero genuen”. Baztandarren haserrea eragin du, halere, Magna enpresaren jokatzeko moduak. Izan ere, uda aukeratu du proiektuaren memoria aurkezteko, eta, gainera, Iruñean aurkeztu du.

Zehazki, hilaren 5ean aurkeztu zuen Magnak Erdizen meategia egiteko egitasmoaren inguruko bere memoria, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko erregistroan. “Enpresak bazuen memoria hori Baztanen aurkezteko aukera, baina, udala bazter utzita, Iruñera jo du; gainera, sanferminak hasi aurreko egunean egin du”, salatu du Elizetxek.

Enpresak memoria hori aurkeztu eta gero, hilabete dago iradokizunak egiteko. Hurrengo urratsa litzateke proiektua aurkeztea. Oraingoz memorian jasotako informazioaren arabera, Elizetxek azaldu du proiektua aurretik aurkeztu zutenaren “hagitz antzekoa” dela. Aldaketa nagusia da sarbidea Artesiagatik izanen lukeela oraingoak.

Magnak 2003. urtean aurkeztu zuen Erdizen magnesita ustiatzeko egin nahi zuen proiektua, eta 2008an erabaki zuen hutsean uztea. Baztango herritarren mobilizazioek eragin zuten enpresak atzera egitea. Erdizko asmoak porrot egin eta gero, Zilbetiko Antzeri pagadian saiatu zen enpresa meategia eraikitzen, baina han ere, herritar anitzen protestekin egin zuen topo. Auzitara jo zuten herritar horiek, eta lortu zuten proiektua bazter uztea. Izan ere, babes bereziko eremua da Aldude mendia; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe delako. Erdiz ere Aldude mendian dago, eta, ondorioz, Zilbetiko auziko sententzia Magnaren asmoen aurka egiteko “tresna garrantzitsua” izan daitekeela erran du plataformako kide Jon Elizetxek.

Helduleku horri eusteko prest dira Erdiz Bizirik taldeko kideak. Enpresak ere bereak badituela zalantzarik ez dute, halere. Nagusia, Nafarroako Gobernuaren babesa. “Zilbetiko proiektuaren aurkako sententzia atera zenean, Manu Aierdi enpresako arduradunengana joan zen erratera ahal zutena eginen zutela. Aierdi tartean izanda, gauza onik ez da izanen Baztanentzat”, salatu du Elizetxek. Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariordeak Aroztegiaren aldeko jarrera ere hartu du, argi eta garbi. “Herritarren erabakitzeko ahalmenak ez du inporta haientzat; prest daude interes pribatuak defendatzeko”, erantsi du.

Udalez gaindiko plana

Gobernuak proiektuari ematen ahal dion babesa ez da Erdiz Bizirik plataformako kideen kezka pizten duen auzi bakarra. Une honetan, mehatxu nagusia da, haien ustez, proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukera. Kontua da Esteribar eta Baztan arteko muga aldatu dutela berriki. “Enpresak dio proiektuak Baztango zati txiki bati baino ez diola eragiten; gezurra da hori, ordea. Sarbidea Baztanen legoke, Baztango herri lurrei eraginen lieke, eta, Esteribarren egonagatik ere, Baztango ondare lurrak dira proiektuak ukitzen dituen bertze hainbat”.

Magnaren asmoen aurka egiteko konpromisoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak, berandu baino lehen. Zangoza aldean egin nahi duten Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak ere borrokan jarraitzeko prest dira.

“Kezkagarritzat” jo du taldeko kide Fermin Riezuk egoera, hain zuzen ere. Geoalcalik ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Horrek erran nahi du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman diola proiektuari, eta aurrera jarraitzen duela. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea.

“Arrisku geologikoak”

Ingurumen eraginaren adierazpena jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

“Hori ingurumen adierazpena lortzea baino zailagoa izanen da”, erran du Riezuk. Onartu du, halere, prozedura ez dagoela argi. “Egitasmoak Nafarroa eta Aragoi ukitzen dituenez, gerta daiteke erkidego horietako gobernuen baimena behar izatea lehendabizi, eta Espainiako Industria Ministerioarena bigarrenik”, azaldu du Muga proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Riezuk uste du Industria Ministerioko agintarien esku utzi nahi izan duela azken ardura Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, egitasmoari oniritzia emanez. Izan ere, aldeko adierazpena onartu arren, erakunde horrek ohartarazi du meategiak “arrisku geologikoak” izan ditzakeela.

“Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat; Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean”, erran du Riezuk.

Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. “Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze”, salatu du plataformako bozeramaileak.

Gertatzen ari dena kontuan har dezatela eskatu die Riezuk Geoalcali enpresako arduradunei, bai eta Nafarroako Gobernuko agintariei ere. “Egindako hutsek balio behar dute gaizki egindakoak berriz ez egiteko. Herritarron segurtasuna dago jokoan, eta enpresaren helburu bakarra espekulazioa da”, nabarmendu du Riezuk.

Geoalcali enpresak enplegua baliatu du, batez ere, bere proiektuaren berri zabaltzeko. “Zortziehun lanpostu sortuko dituztela esaten dute behin eta berriz; baina proiektuan ez da zehazten lanpostu horiek zeintzuk diren”, erran du Riezuk. Edozein modutan, herritarren segurtasuna lehentasuntzat jo du, eta herritarrek “etorkizuna galtzeko” dutela gaineratu du. “Proiektuak gure lurraldea kondenatuko luke”, berretsi du.

Goiko irudia: Iñigo Uriz / Foku