Uda, ikasten jarraitzeko

Edurne Elizondo

Errektore berria aukeratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreko ikasturtearen azken txanpan; hurrengoarekin batera, berriz, Medikuntzako gradua jarriko du erakunde horrek martxan, Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso eta gero.

Erritmo bizikoak izan dira azken hilabeteok NUPen, eta, udan ere, lanak ez du behera egin. Ekainean jarri zituen martxan udako bere ikastaroak, baina, oraindik ere, bada zer aukeratu: astelehenetik aurrera, eta urrira bitarte, hamaika ikastaro eginen dituzte (www.unavarra.es).

DRONEAK EGITEN, ERABILTZEN
ETA KONPONTZEN IKASI

Hamasei urte baino gehiagoko herritarrek parte hartu ahal izanen dute, astelehenetik aurrera, NUPek droneak egiten, erabiltzen eta konpontzen irakasteko antolatu duen ikastaroan. Helburu nagusia da droneen ustezko teknologia konplexua era ulergarri batean azaltzea, eta droneak egiteko eta erabiltzeko aukera ia edonoren esku jartzea.

Aisialdirako tresna gisa jorratuko dituzte. Gailu horien garapenari buruzko zertzeladak landuko dituzte, halere, azken hiru urteotan bereziki droneen inguruko teknologiak anitz egin baitu aurrera. Erabilerak eta motak askotarikoak dira, eta horien berri ematea da NUPen xedea. NUPeko Ingeniaritza Departamentuko irakasle Andres Abrego Arlegik zuzenduko du ikastaroa. Astelehenean hasi, eta abuztuaren 2an amaituko da, NUPen.

ADIMEN EMOZIONALA ETA
ESTRESAREN KUDEATZEA

Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle Ines Gabarik zuzenduko du adimen emozionalari eta estresa kudeatzeko tresnei buruzko NUPeko ikastaroa. Astelehenetik ostegunera eginen dute, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Asmoa da adimen emozionalaren inguruko informazioa eta, batez ere, baliabideak lantzea. Pertsona anitzek zailtasunak dituzte beren emozioak eta estresa kudeatzeko; bertzeak bertze, nola egin irakatsi ez dietelako. Ikastaroaren helburua da oinarrizko edukiak jorratzea, emozioen arloko bizipenak kudeatzen ikasteko.

GIZARTE IRAUNKORRA ETA
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Galdera nagusi bat erantzuten saiatuko da NUPeko Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Komunikazioko Ingeniaritza Departamentuak antolatutako ikastaroa: lor dezakegu gizarte iraunkor bat? Hori egiteko, bi ardatz nagusi jarriko ditu Alberto Berruetak zuzendutako saioak erdigunean: batetik, egungo energia kontsumoa aztertuko dute; eta, bertzetik, kontsumo hori murrizteko ideiak gauzatzeko tailerrak eginen dituzte.

Energia berriztagarrien esparruan sakontzeko asmoz, eguzki energiaren inguruko tailer bat eta hiriko mugikortasun iraunkorrari buruzko bertze bat eginen dute, zehazki. Astelehenetik ostegunera eginen dute ikastaroa, Kondestablearen jauregian.

MONTESSORI PEDAGOGIA
3 URTETIK 6 URTERA

Ines Gabarik bigarren ikastaro bat zuzenduko du, abuztuaren 5etik 9ra, NUPen: Montessori pedagogiari buruzkoa izanen da bigarren hori. Zehazki, hiru eta sei urte bitarteko hezkuntza landuko du ikastaroan, eta erdigunean jarriko ditu irakurtzeko eta idazteko gaitasunak garatzeko tresnak.

Pedagogia aktiboaren inguruko interesa duen edonorentzat da ikastaroa, baina, bereziki, irakasleak, hezitzaileak, hezkuntzaren arloko ikasleak eta gurasoak hartu nahi ditu.

MUSIKA, GENEAK ETA
IZARRAK: TXIKITIK HANDIRA

Musika, geneak eta izarrak uztartuko dituen ikastaroak abuztuko Pertseidak hartuko ditu ardatz gisa, eta, aitzakia hori baliatuz, astronomiaren eta medikuntzaren inguruan ariko dira parte hartzaileak, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Departamentuko katedradun Humberto Bustinzeren zuzendaritzapean.

Bereziki, genomika eta onkologia jorratuko dituzte, bai eta arlo horiek astronomiarekin lotzen dituzten datuak tratatzeko teknikak ere. Uxuen eginen dute ikastaroa, abuztuaren 11n eta 12an. Astronavarra elkarteak antolatuta, zeruari so egiteko saio bat eginen dute 12an.

ARTEA, KLIMA ALDAKETA
ETA BERTZE

Urria bitarte, bertze hainbat ikastaro eginen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Klima aldaketari buruz ariko da, adibidez, irailean eginen duten bat. Zehazki, Nafarroako egoera eta herrialdean dauden erronkak aztertuko dituzte, irailaren 9tik 11ra.

Irailaren 26tik urriaren 30era, berriz, kultur ondarea jarriko du erdigunean NUPek eginen duen ikastaroak. Obren zaharberritzea jorratuko dute; zehazki, zenbait pieza hondatu dituzten esku hartzeen inguruko gogoeta egiteko asmoz.