E. Elizondo
Ez Dago Hilda musika jaialdia eginen du izen bereko kolektiboak, urrian, Berriozarko Ilargi parkean. Bi eguneko ekinaldia izanen da, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeen alde: urriaren 25ean, 19:00etan hasita, Rude Pride, Streetwise, Hexen, Los Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa taldeek kontzertua eskainiko dute. Urriaren 26an, berriz, Txan Magoa eta Andreina Jolin ariko dira goizez, eta bazkaria egin eta gero, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Egurra Ta Kitto, Afu, Dinamita, Herdoil eta El Sonido de la Metralla taldeek.
Duela sei hilabete sortu zen EDH Ez Dago Hilda kolektiboa; musikaren arloko hamaika taldek eta eragilek osatzen dute, eta helburu dute Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzea. Gaztetxeetan aurkitu izan dute nahi zuten oholtza talde horiek, eta, horregatik, Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde lelopean kanpaina jarri zuten abian, duela hainbat hilabete, errepresioak jotako gaztetxeetako kideak laguntzeko asmoz.
Zehazki, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeak laguntzeko izanen da urriko Berriozarko jaialdiaren bidez lortuko diren irabaziak. Kontzertuak egin ez ezik, kanpainak iraun bitartean EDH kolektiboko kideek lortu duten materiala zozketatuko dute ere. Nahi duenak badu aukera txartelak erosteko. Diskoak, elastikoak eta musikarekin eta musika taldeekin lotutako bertze hainbat objektuk osatzen dute zozketatuko duten sari nagusia.
Iruñeko gaztetxeen aurkako azken urratsek hainbat ondorio izan dituzte, eta zama ekonomiko handia ezarri diete, bertzeak bertze, bertako kideei. Iruñeko Maravillas iazko abuztuan hustu zuten lehendabiziko aldiz; gazteak berriz sartu ziren barrura, baina urtarrilean berriz kanporatu zituzten, indarrez.
Epaiketa, urriaren 17an
Prozesua oraindik ez da itxi. Maiatzean egitekoa zen Maravillas gaztetxeko hogeita bi kideren aurkako epaiketa, baina udazkenera atzeratu egin zuten. Urriaren 17an eginen dute, hain zuzen ere. Usurpazio delitu arina egotzi diete gaztetxeko kideei, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gaztetxeko kideek ezagutarazi dutenez, 70.000 euro baino gehiagoko isuna eskatu du gobernuak akusatuentzat; 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke.
Gaztetxeen aurkako isunek ez dituzte bakarrik beren kideak ukitu, EDH kolektiboko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, gaztetxeetan isunak jasotzen hasi zirenean, egoitza horietan aritu izan diren musikariei eta soinu teknikariei ere, bertzeak bertze, ezarri dizkiete. “Errepresioaren gainetik”, gaztetxeek Euskal Herriko musika talde eta musikari anitzentzat duten balioa nabarmendu nahi izan dute EDH kolektiboan bat egin duten eragileek, eta laguntza sarea antolatzeko urratsa egin dute.
Lan horren emaitza da azken hilabeteotako kanpaina. Ekitaldi nagusia eta ekinaldia amaituko duena izanen da Berriozarko urriaren 25eko eta 26ko jaialdia, hain zuzen ere. Azken eguneko kontzertuak amaitu eta gero, gauerdian, kanpainari amaiera ofiziala emateko ekitaldia eginen dute Ilargi parkean.
Elkartasunaren bidetik egin nahi diote aurre errepresioari, musikaren esparrutik. Isunen eta epaiketen gainetik, gaztetxeak ere musikarentzat espazio direla aldarrikatu nahi dute, gune autogestionatuen alde eginez, zirkuitu komertzialetatik urrun.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku