Edurne Elizondo
Pilota, sokatira, futbola, tenisa, patinajea, mendizaletasuna, gimnastika erritmikoa, arte martzialak, igeriketa; Sakanan dauden kirol taldeek jorratzen dituzten diziplinetako hainbat bertzerik ez dira horiek guztiak. Berrogeita hamar baino gehiago dira talde horiek, eskualde horretan kirol jarduerek duten arrakastaren adierazgarri. Arrakasta hori azaltzeko, hain zuzen, ezinbertzekoa da Sakanako Mankomunitatetik egindako lana eta ahalegina kontuan hartzea. Eskualdeko bertze hamaika erakunderekin eta eragilerekin batera elkarlanean aritzen direla nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak. Kirolaz harago, erantsi du mankomunitateak helburu duela herrien eta herritarren arteko sarea osatzea, euskara bultzatzea, eta, batez ere, ongizatea sustatzea.
Finean, kirola tresna edo bide bilakatu dute Sakanan. Aitzakia, neurri handi batean: herritarren bizi kalitatean eragiteko, eta egungo gizarteak mahai gainean dituen hamaika auziri eusteko. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuko kideak oraintxe jorratzen ari diren proiektua da horren adibide: “Haurrak bezala, helduak ere orain arte jorratu ez dituzten hainbat kiroletan has daitezen ikastaroak egin nahi ditugu”, azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.
Herritarrek egindako proposamena da hori, hain zuzen ere. Mankomunitateak argi du bere zereginetako bat dela garaian garaiko errealitatera eta beharretara egokitzea; behar horien arabera prestatzea bere kirol eskaintza, alegia. Populazioa zahartzen ari dela kontuan hartu du, ondorioz, eta hasi da adin bateko herritarrentzako jarduera bereziak antolatzen. “Bizi kalitateak hobera egitea da kontua”. Osasun zerbitzuekin ere elkarlanean ari dira kirol esparruko arduradunak, asmo hori egia bihurtu ahal izateko: “Mugitzen ez diren zaharrak aktibatu nahi ditugu”, erran du Gerrikagoitiak.
2001. urtetik da Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko kirol teknikaria. Erakunde horrek antolatzen dituen jarduerek 3.000 erabiltzaile inguru dituzte. Eta 18.000 biztanle inguru dira Sakana osatzen duten Arakil, Burunda eta Ergoiena haranetan. “Kirol zaletasun handia bada”, erran du teknikariak.
Mankomunitateak antolatutako ikastaro anitz orain hasiko dira, ikasturte berriarekin batera. Horietako bat da fibromialgia duten pertsonentzat prestatutakoa. Luisa Larrañaga Altsasun bizi da, eta 2009tik dago gaitz horrek jota. Mankomunitateak eskainitako ikastaroa aprobetxatu du azken urteotan, eta, urrian, berriz ere, ariko da. “Niri on egiten dit. Luzatze ariketak egiten ditugu, batez ere. Fibromialgia izan arren, saiatzen naiz nire egunerokoari eusten. Ez da beti erraza, baina ez dut maite etxean gelditzea. Kirolak aukera ematen dit ateratzeko, eta besteekin egoteko”, azaldu du.
Ikerketek agerian utzi dutenez, fibromialgiak emakumeei eragiten die, batez ere. Mankomunitateak antolatutako ikastaroan ere, gehienak emakumeak izaten dira. Emakumeentzako kirolaren esparruan ere egin ditu urratsak erakunde horrek, hain zuzen ere. Ahalegin hori nabarmendu du Gerrikagoitiak. “Haurren eta helduen artean, bakarrik emakumeentzako diren jarduerak antolatzen ditugu, uste dugulako garrantzitsua dela emakumeok lasaitasunez eta eroso sentituz aritzea”, aipatu du.
Generoa kontuan hartu
Emakumeentzat prestatutako jarduera horietako bat da Sakanako emakumeen atletismo eskola. “Generoa lantzen duten kirol profesionalak esaten ari dira hobe dela emakume taldeak osatzea; umeen artean, bai eta helduen artean ere. Helburua da indartzea eta ahalduntzea, kontuan hartuta egungoa desberdinkeriazko egoera bat dela”, azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.
Duela zazpi urte inguru jarri zuten martxan Sakanako emakumeentzako atletismo eskola, eta esperientziarekin hagitz kontent dira mankomunitateko kirol zerbitzuko arduradunak. “Egokitzen joan gara urteotan guztietan; hasieran, adibidez, talde bakarra zegoen, eta, orain, bi ditugu: bat hasten direnentzat, eta bestea hobetzeko asmoz ari direnentzat. Badira eskola martxan jarri genuenetik taldean diren hainbat emakume”, azaldu du teknikariak.
Eskolatik kanpo ere, hasieratik ari diren emakume kirolari horien arteko harremana sendotuz joan da, eta ikastaroko ordutegitik at ere entrenatzen dira elkarrekin, edo joaten dira lasterketetan parte hartzera. “Sarea osatu dute, eta askok kirola baino gehiago estimatzen dute hori. Korrika egitea baino askoz ere gehiago da, beraz”, gaineratu du Gerrikagoitiak.
Emakumeentzako atletismo eskola, beraz, pistatik kanpo ere sareak osatzeko bide bilakatu dute Sakanan. Bertze hainbat helburu ere bete ditu mankomunitateak bere kirol programaren bidez: adibidez, esparru horretatik at gelditzen ohi diren herritar anitz kirolera lotzea. Ezintasunen bat duten pertsonen kolektiboarekin lan berezia egin dute mankomunitateko kirol zerbitzutik, bertzeak bertze, igeriketa eta gimnastika egokitua egiteko ikastaroaren bidez.
Azken lau ikasturteotan Aitor Mozo lakuntzarra aritu da Arbizuko igerilekuan jarduera hori zuzentzen; 2015. urtetik, hain zuzen. Kirol Zientzietako gradua du, eta eskertu du mankomunitateko lanak emandako esperientzia.
“Mugiaraztea da gako nagusia. Ez dute kirola egiteko ohiturarik, eta egoera hori aldatzea da kontua”. Ikastaroan Lakuntzan Tasubinsan ari diren hainbat langilek parte hartzen dute. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak hartzen dituzte lantegian. “Kirola egiteaz gain, aldageletan nola moldatu eta gisako jarduerak ere lantzen ditugu”, azaldu du Mozok. Erantsi du ikastaroan ere elkarren arteko harremana “beste modu batera” garatzeko aukera dutela, lantegitik at.
Euskaraz
Kirol zerbitzuetako erabiltzaileen eta ikastaroetako irakasleen arteko harremanari ere so egin dio Sakanako Mankomunitateak, eta eskualdeko testuingurua hartu du kontuan. “Gure jarduera guztiak euskaraz dira; haurren artean, esan dezakegu ia %100 euskaldunak direla; helduen ikastaroetan, norbaitek azalpena behar badu ematen zaio, baina ikastaroak euskaraz egiten ditugu”, azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.
Kirola euskaraz izenburuko programa du martxan mankomunitateak, hain zuzen ere. Sakanatik kanpo ere, “erreferente” bilakatu dira Sakanako kirol zerbitzuko kideak, hain zuzen ere, hizkuntzaren alde egindako apustuagatik. Herri anitzetan, irakasle euskaldunak aurkitzea izaten da kirol jarduerak antolatzen dituztenen arazo nagusietako bat. “Formakuntzari garrantzia eman diogu arazo horri aurre egiteko, hain zuzen ere”.
Eguneroko erronkei aurre egiteko, elkarri so egitea ere lagungarria dela argi du Gerrikagoitiak. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuaren ardura kirol batzordearen esku dago; hor, eskualdeko udalerri bakoitzeko zinegotzi bat dago, eta, haiekin batera, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Arbizuko kirol teknikariak. Hiru herri horiek baino ez dute kirol teknikaria, hain zuzen. “Elkarlanean antolatzen ditugu mankomunitateko kirol jarduerak”.
Eskolekin ere harreman estua du mankomunitateak, kirol jarduera horiek egiteko behar dituzten azpiegiturak haien bidez lortzen baitituzte, anitzetan. Finean, herritar guztiekin eta herritar guztientzat aritzen dira: kirola eta kirolari lotutako balioak sustatuz, jarduera horiek euskaraz eginez, eta, betiere, kirol arlotik kanpo ere eragina izateko asmoz.
Irudiak: Sakanako Mankomunitatea.