Edurne Elizondo
Lan egiteko gogoz”. Halaxe dira Ausartu Zaitez izenburuko proiektua martxan jarri duten profesionalak. LGTBI+ kolektiboko kideekin egin nahi dute lan hori, zehazki, sexu orientazio eta genero identitateen inguruko gogoeta pertsonala eta kolektiboa pizteko, eta babes sareen bidezko boteretzea sustatzeko. Lan hori, gainera, Iruñean eta hiriburutik kanpo ere egin nahi dute, herrialdeko bertze hiri eta herrietan kolektiboak aurrean dituen errealitateak eta testuinguruak ezagutzeko eta zabaltzeko asmoz. Tuteran eginen dute lehendabiziko urratsa, hain zuzen, hilaren 27an eta 28an emanen duten tailerraren bidez.
David Urra soziologoa eta Maria Zapata antropologoa dira Ausartu Zaitez proiektuaren bidez Tuteran eta bertze hainbat herritan eginen dituzten LGTBI+ tailerretako arduradun. Biak dira proiektuko bultzatzaile, Luis Azanzarekin eta Iratxe Arangurenekin batera. Bidean, bat egin nahi duen jendea hartzeko prest dira laurak; Equilatera elkarteko kide Luna Martinikorena, adibidez, kolaboratzaile izan dute jada.
Tailerrak izanen dira Ausartu Zaitez proiektuko bi lan ildoetako bat; bertzea, Azanzak eta Arangurenek landuko duten dokumentala izanen da. “Tailerrak baliatu nahi ditugu LGTBI+ kolektiboko jendea ezagutzeko, eta haien egunerokora hurbiltzeko. Herri txiki batean edo Iruñea ez den hiri batean eguneroko hori nolakoa den jakin nahi dugu, eta horren berri zabaldu, dokumental baten bidez”, azaldu dute proiektuko arduradunek.
Azken urteotan erakundeen esparruan egin diren urratsak nabarmendu dituzte laurek, eta txalotu dituzte LGTBI+ kolektiboko kideen alde hartutako neurriak. Nafarroako Parlamentuak lege berria onartu du, adibidez, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak martxan jarri dituzte kolektiboko kideak artatzeko zentroak. Kattalingune da gobernuarena; Harrotu, berriz, udalarena. “Egia da aurrera egin dugula, baina, oraindik ere, lan handia bada egiteko”, azaldu dute. Gobernuan eta Iruñeko Udalean hauteskundeek ekarri dituzten aldaketek nola eraginen duten ikusteko dago, oraindik ere.
Bertzeak bertze, gisa horretako baliabide gehienak Iruñean daudela aipatu dute Ausartu Zaitez proiektuko bultzatzaileek. Ondorioz, Iruñetik kanpoko herritarrentzat zailagoa da baliatu ahal izatea. Beren proiektuaren bidez, hain zuzen, zerbitzu bat jarri nahi dute kolektiboko kideen esku, beren eskualdeetan. Tuteran eginen duten lehendabiziko tailerraren asmoa da Erriberako biztanleak hartzea; Estellerrian, Baztanen, Sakanan, Iruñean, Zangoza eta Tafalla aldean ere egin nahi dituzte, bertzeak bertze. Hasi dira jada eskualde horietako taldeekin eta kolektiboekin lanean. “Harrera hagitz ona izaten ari da; malgutasunez jokatu nahi dugu, eta deitzen gaituzten tokietara joaten saiatu”.
Ausartu Zaitez proiektuko kideek argi dute tailerrek eta dokumentalak bidea emanen dutela Nafarroako LGTBI+ kolektiboaren berri zehatzagoa jasotzeko. “Lan horien bidez, neurri batean, gure errealitatearen irudi bat lortu ahal izanen dugu”. Argitu dute, halere, asmoa ez dela diagnosi bat egitea: “Iruñetik kanpoko bertze hirietan eta landa eremuan dauden kideek egiten dituzten gogoetak ezagutu eta sustatu nahi ditugu”. Tailerrak martxan jartzeko, bilerak egiten ari dira hamaika herritako talde eta kolektiboekin, eta aukera izan dute, jada, “harremanak sakontzeko eta elkarlana sustatzeko”, nabarmendu dutenez.
Egiturazko zapalkuntza
Elkarlana, sarea, kolektiboa. Hitz eta ideia horiek nabarmendu dituzte Ausartu Zaitez proiektuko kideek, argi baitute auzia politikoa dela. “Garrantzitsua da argi izatea ez gaudela bakarrik. Ezin dugu ahaztu LGTBI+ kolektiboa zapaltzen duen egitura bat badela, zisheteropatriarkatua, hain zuzen ere. Gisa horretako hitzen berri ematea ere garrantzitsua dela uste dugu, kolektiboaren aurkako zapalkuntza nondik datorren ulertzeko, eta ulertzeko zergatik ez dugun bat egiten sistema nagusi horren arauarekin”, azaldu dute. Horregatik nabarmendu dute, hain zuzen ere, auzia politikoa dela, eta egin beharreko gogoetak izaera politiko horri ere egin behar diola so.
Tuterako tailerra izanen da Ausartu Zaitez proiektuko kideek eginen dute lehena. Azarora bitarte ariko dira lan hori egiten, gutxi gorabehera, eta, tailerren bidez egindako saretze lana baliatuz, dokumentala grabatzeari ekinen diote gero. Eperik ez dute zehaztu, halere, dokumentala estreinatzeko. Argi utzi dute, halere, herritarrek izanen dutela parte hartzeko aukera, Interneten bidez. “LGTBI+ kolektiboko kideak euren egunerokoan erakutsi nahi dituen lanari buruzko erabakiak hartu ahal izanen dituzte, proiektu interaktiboa izanen baita”.
Ausartu Zaitez, batez ere, proiektu irekia eta parte hartzailea izanen da. Hori erantsi dute bultzatzaileek. Herriz herri joan nahi dute, LGTBI+ kolektiboko kideen arteko sarea ehuntzeko. Proiektuarekin bat egin nahi duenak www.atrevete.lgbt helbidean du informazio osoa.
Irudia: Xabier Apestegi Murchante