Iritzia: Zer den naturala

Iritzia: Zer den naturala

Saioa Alkaiza

Euskara naturala egiten omen dute batzuek eta ez beste batzuek, zuzentasunaren eta herri hizkeraren hierarkian. Elkartze sexu-afektibo naturalak eta ez-naturalak omen daude, homofoboen eta transfoboen ustez, are naturaren kontrakoak omen diren elkartze batzuk ere bai.

Naturala izan daiteke norbait, normala denean, normala normaren gertutasun horretan. Normala omen da pisu zehatz bat, altuera bati atxikia, gorputz klase bati esleitua, logikoa eta nagusia omen den desira bati lotua, esentziazkoa omen den genero bati emana. Naturala omen da adin batetik aurrera lasaitzea, eta bestelako bizi klase bat bilatzea. Normala, hipoteka bat, seme-alabak, soldatapeko lana, sarerako konexioa smartphon-ean eta, agian, txakur bat, paseatzeko, hiriko berdegune batetik, natural-natural kasu eginez bizilagunei. Naturala da, diotenez, aldakaririk ez duen musika nota. Naturala omen, bertso etorriya, eta ez bestea, prestatutakoa deritzotena.

Tradizioa omen da tonu pastelez janztea, adin batetik aurrera, eta emakumezkoek ile luzea izatea gaztaroan eta ama izan arte, eta motza baina femeninoa gero; eta tradizioa, gizonen ile motz betierekoa. Genero rolak bezain naturala. Naturala omen da kapitala eta esku ikusezin batez bere burua kontrolatuko duen merkatua. Magia bezain naturala. Naturala, neoliberalismoaren arkitektura soziala. Tradiziozkoa. Normala, pobrezia eta jabetza pribatua. Erregeak, mugak, migranteak erreskatatu dituen barku bati sarrera ukatzea, gosea, klima aldaketa, langileriaren zapalkuntza, ezberdinkeria… Eta dena, naturala. Normala. Betikoa.

Zein naturala dena. “Edo, agian, antinaturalak izaten ari gara, gu unibertsoarekin ustez harmonia erabatekoan geunden gu hauek, gure autoetan sartuta, adreiluz eta zementuz egindako gure etxebizitzetan lotan, gure fabriketan lanean, gure auzokideak bonbardatuz”, Brigitte Vasallok esaten duen moduan. Agian, naturaltasuna bera ez da existitzen.

Intsumisio ariketa bat da Vasalloren lana, baita eztabaidagaiak ipintzekoa ere: “Naturaltasunaren argudioa, ez baldin badoa esentzialismoaren erretorikatik harago, egitura sozialak inbisibilizatzeko termino bat baino ez da, eta orain dela milaka urtetako enigmatan harrapatuta uzteko forma, gizakia hau edo beste balitz bezala, horrek, besterik gabe, gauzak konponduko balitu bezala”.

Naturaltasunaren tranpan katigatzen gaituzte, hegemonia irents dezagun. Eta, hala ere, aipatuko digute tradizioa eta aipatuko digute betikoa, eta horrela egin izan da herrian beti, eta zu ez zara herrikoa, eta ez duzu deus ulertzen….

“Gauzen naturaltasun hipotetikoaren eztabaida dator beti gauzen egoera indartzera: argudio hegemonikoa da eta mugitu ezinezkoa; […] Izan ere, non dago gauzen aurreko egoera hori, muga markatzen duen aurre-egoera hori?”. Gakoa da, hain zuzen ere, ez dela existitzen.