Erresumina gozatzeko liburua

Erresumina gozatzeko liburua

Edurne Elizondo

Azkarra, atsegina eta jatorra zen. Haurrentzako ipuin zoragarriak asmatzen zituen”. Teresa Aierrak erran ditu hitzok, Marino Aierra aitari buruz. Sotana utzi ondoko gizona ezagutu zuen: haurrentzako istorio liluragarriak asmatzen zituen hori. Sotana jantzi zueneko garaia hagitz bertzelakoa izan zen Aierrarentzat, ordea. Haurrentzako ipuinik ez zen, orduan, eta saminez betetakoak ziren Aierraren hitzak. Ikusi, entzun eta sufritutakoak No me avergoncé del Evangelio (Ez nintzen Ebanjelioaz lotsatu) izenburuko liburuan jaso zituen, 1958. urtean. Txalapartak berrargitaratu du orain.

1936. urtean, Altsasun apaiz zegoen Marino Aierra. Altxamendu militarra gertatu aurreko egunean ailegatu zen herrira. Zapalduen alde lerratu zen bere pulpitutik, argi eta garbi, eta frankismoaren errepresioaren aurka. 1958. urtean, Argentinako Periplo etxeak argitaratutako lanaren bidez, barruan zuen erresumina gozatzen saiatu zen.

Irunberrin jaio zen, 1903an, eta Buenos Airesen (Argentina) zendu, 1988an. Haren hitzak, halere, ez dira galdu, eta Txalapartak eta Altsasuko Udalak, elkarrekin, apaiz ohiaren liburua berrargitaratu dute. Asteon aurkeztu du haren alaba Teresa Aierrak Iruñean, Altsasun eta Irunberrin. Emakumearen ahalegina dago orain liburu dendetara ailegatu den lanaren atzean, hain zuzen ere. Bere aitak idatzi zuena irakurtzeko beharra badela uste duelako, batetik, 1936ko gerran eta gero gertatu zirenak berriz ez gertatzeko, eta Aierrak argitaratu gabe utzitako bertze lan bat zabaldu nahi duelako, bertzetik. “Liburu honen bidez lortuko dugun guztia bertze lan hori argitaratzeko baliatuko dugu; eta bigarren horren bidez lor dezakeguna, berriz, Altsasun behar gehien dutenei laguntzeko izanen da”, erran du.

Altsasura

“Aitak ez zuen apaiz izan nahi”, gogoratu du Teresa Aierrak. Familiak behartuta hasi zuen bide hori, baina bere onena ematen saiatu zen, beti. “Sari anitz lortu zituen bere ikasketetan. Horregatik, apaiz bilakatu zenean, Iruñeko artzapezpikuak aukera eman zion nahi zuen parrokiara joateko”. Behar gehien non zegoen galdetu zuen Aierrak, eta Elizako agintariek Altsasu aipatu zioten.

Trenbidearen eraginez azkar aldatzen ari zen Altsasu orduan. Industrializazioaren eragina nabarmena zen garai hartako ekonomian eta testuinguru sozialean. “Gizarte plurala zen; ezkertiarra, batez ere. Alderdi sozialistak eta UGT sindikatuak indar handia zuten”, erran du Altsasuko alkate Javier Ollok.

Aierraren liburua berrargitaratzeko proiektuarekin hagitz kontent da Ollo. Teresa Aierrak jo zuen Altsasuko Udalera, liburua berriz zabaltzeko proiektuarentzat laguntza bila. Udalak berehala egin zuen bat egitasmo horrekin, eta erakunde horrek hartu du lana finantzatzeko ardura, hain zuzen. Liburua “egia bilatzeko” tresna hagitz baliagarria dela nabarmendu du, eta erakunde publikoek egia bilatzeko bide horrekin konpromiso sendoa hartu behar dutela erantsi du: “Omenaldiak antolatzea beharrezkoa da, eta gisa horretako ekinaldiak egiten jarraituko dugu, noski; baina, halakoez harago, garrantzitsua da egia bilatzea, ikertzea, zer gertatu zen jakitea”.

Horretarako, lehen eskuko testigantza eskaintzen du Marino Aierraren liburuak. “Gorriz eta ateoz betetako herri batera joan zen, eta, ailegatu eta biharamunean, altxamendu militarra gertatu zen”, kontatu du apaiz ohiaren alabak. Gogoratu du, gainera, Elizak emandako agindu zehatz batekin ailegatu zela 1936ko uztail hartan Altsasura: “Ezkertiarren artean ezkertiarrena izan behar zuela erran zioten, herritarrak Elizara hurbiltzeko”.

Aierrak, baina, militarren altxamenduarekin eta haiek eragindako errepresio gordinarekin egin zuen topo Altsasun, ailegatu bezain pronto. 1936ko gerrak ez zuen fronterik izan Nafarroan, eta, hala eta guztiz ere, frankistek 3.200 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Garbiketa ideologikoa egin zuten. “Altsasura ailegatu, eta herriko arekak hildakoen gorputzekin bete zitzaizkion aitari”, erran du Teresa Aierrak. “Ezkutuan, ziegetan ziren gizonengana joaten zen nire aita, haiekin hitz egitera. Denek argi zuten hilko zituztela eliteak bere pribilegioei eutsi ahal izateko”.

Pulpitutik, altxamenduak azpian hartutakoak babesten saiatu zen Marino Aierra: saiatu zen preso zituztenak askatzen eta heriotzara kondenatutakoak salbatzen; hildakoen alargunekin egon zen, eta hildakoek bakarrik utzitako haurrekin. Frankismoa bere gordinean izan zuen Aierrak aurrean, eta ikusi eta entzundakoek arrasto hagitz sakona utzi zioten. “Anitzetan, ziegetan preso zirenekin hitz egiten zuenean, haiek kontsolatzen zuten nire aita. Haiek negarrez ikusi zuten; nik, ordea, behin ere ez”, gogoratu du Aierraren alabak.

“Txikituta”

Teresa Aierrak ez du zalantzarik: “Altsasun gertatutakoak bitan puskatu zuen nire aita; psikologikoki txikituta utzi zuen. Liburuek odola balute, aitak idatzitakoak etengabe isuriko luke”.

Altsasuko etapak sakon ukitu zuen Marino Aierra. “Nik ez dakit herrira ailegatu zenean ezkertiarra ote zen edo ez; baina argi dut atera zenean bazela, hagitz ezkertiarra”. Altsasutik eta Euskal Herritik alde egin behar izan zuen apaizak, hain zuzen ere, frankisten errepresioa salatzeagatik. “Elizak epaitu zuen”, nabarmendu du Teresa Aierrak.

Bizirik atera zen prozesutik. “Elizak mehatxu egin zion, erranez Guardia Zibilari edo militarrei eman beharko zietela haren kontrako auziaren berri. Aitak, orduan, argi eta garbi erantzun zien Elizako agintariei haien aginduak bete bertzerik ez zuela egin Altsasun; ezkertiarren artean ezkertiarrena izan, alegia”. Elizak, azkenean, Aierraren aurkako frogarik ez zuela ebatzi zuen.

Egoera horrek guztiak ezin konpon zitekeen haustura eragin zuen Aierraren barruan. Horixe uste du haren alabak. Elizaren epaiketa jaso eta gero, Aralarrera joan zen Marino Aierra, eta, han egindako gogoeten ondorioz, Elizaren eta estatuaren arteko banaketa defendatu zuen, aurrerantzean. “Erlijioak eskoletatik atera behar zuela erran zuen; ezkontza zibilak babestu zituen; eta Elizari zuzenean galdetu zion aldaketa horiekin guztiekin bat egin ordez zergatik babestu zuen militarren altxamendua”, azaldu du Teresa Aierrak.

Barruan eragindako hausturak eta errepresioaren mehatxuak Ameriketara eraman zuten Marino Aierra. “Esku hutsik ailegatu zen; ez zuen deus. Apaiz izateko prestatu zuten, ez bertze edozein lan egiteko”, gogoratu du haren alabak. Ile apaintzaile aritu zen bi urtez; lortu zuen aurrera egitea. Eta unibertsitatearen esparruan ere gai izan zen bi katedra lortzeko. “Baina ez zioten lana eman; autozentsurak funtzionatu zuen. Ez zuten arazorik izan nahi, eta Elizarekin arazoak izan zituena ez zuten kontratatu nahi izan”.

Sotana atzean utzita, Argentinan ezkondu egin zen Marino Aierra. Sorterrikoek markatuta gogoratzen du haren alabak. “Ez zuen maite ordukoaz hitz egitea”. Baina bazuen kontatzeko beharra, eta barruko sentimenduak eta bizipenak liburu bilakatu zituen. “Katarsi moduko bat izan zen lan hori aitarentzat”, nabarmendu du Teresa Aierrak.

Argentinan argitaratu zuten No me avergoncé del Evangelio lanaren lehen edizioa, baina ailegatu zen Euskal Herrira. “Ezkutuan banatzen zuten”, alabak azaldu duenez. Euskal Herrian ere argitaratu zuten, gero. “Mintzoak egin zuen, azkenekoz”, aipatu du Txalapartako editore Jon Jimenezek. Tafallako argitaletxeak argi du “ezinbertzeko” lana dela Marino Aierrarena: “Guztiz beharrezkoa zen berriz ere argitara ematea”. Teresa Aierrak idatzitako epilogoa gehitu diote lanari, irakurleek Altsasutik atera eta geroko Aierra ezagutzeko. Saminak barruan zituela joan zen, eta Argentinan bilakatu zituen hitz.