Lohizune Amatria
Erruz entzun dut egunotan erruari buruz. Errua. Ardura. Erantzukizuna. Egotzi. Leporatu. Bota. Ezarri. Batek besteari, oso gutxitan norberak bere buruari.
Espainiako gorteetarako hauteskundeak izanen ditugu azaroaren 10ean. Errudunik ez da falta Kongresuan; edo hori da politikariek esan dutena, behintzat. Horrela laburtu dute irratian: “Sanchez guztien aurka, eta guztiak Sanchezen aurka”. Baita boto emaileen aurka ere, gaineratuko nuke. “Hurrengo hauteskundeetan herritarrek gehiengo esanguratsuago bat erakustea nahiko nuke”, esan baitu Sanchezek.
Hauteskundeak berriz egitearen errudun. Errudun?
Hiztegira jo dut hitzak ezkutatzen duenaren bila. Errua 1. Iz. Hutsegitea; bereziki hutsegitearen erantzukizuna. Errudun. adj. eta iz. Zerbaiten errua duena. Hau da: hutsegitearen erantzukizuna duena.
Hutsegitea? Hutsegitea al da demokrazian hautesleria botoa ematera deitzea? Nik nahiko nuke gehiagotan eman (eta gai gehiagoren inguruan ere bai); baina, segur aski, irratian entzun ditudan politikariek eta nik ez dugu demokraziaren ideia bera buruan.
Ez da berdin ulertzen ez dugun bakarra. Politikari askorentzat auzitegiek izendatzen dituzten errudunak ez baitira niretzako diren berdina. Espainiako Auzitegi Gorenak, esaterako, erruduntzat ditu Altsasuko gazteak. Epai irmorik gabe ere gogor zigortu ditu, gainera. Kontrakoa dioten arren, “hutsegitea”, 2016ko urriaren 15eko tabernako liskarra, terrorismoa izan zelakoan epaitu dute. Egin ez duten zerbaiten errudun bilakatu dituzte zortzi gazteak; eta hori, tamalez, ez da bide ofizialetik hutsegitetzat hartuko. Norabide bakarrean idazten ditu botereak errudunak.
Gehiago ere topatu izanen dituzue albistegi eta egunkarietan asteotan. 11/13 auziko epaiketan lortutako akordioak errudun gisa marraztu ditu auzipetutako 47 herritarrak. Zenbaitentzat (Eusko Jaurlaritzarentzat, kasurako) “ETAko makos fronteko 47 kideak” dira orain. ETAko kide direla idatzita geratuko da kontakizun ofizialean. Eta horren errudun jotzen dituenik ere egonen da, askatasunaren truke saldu direla uste duenik. Bitan errudun.
Badakigu, baina, idazki judizial eta ofizialetan idatzita dagoena ez dela benetako egia, eta bizi izan dugun esperientziak erakutsi digu herriak ez dituela hala onartzen. Uneak eskatzen zuen hitzarmena izan delakoan nago, baina historiaren idazketa noren esku uzten dugun, horrek ezaugarrituko du hemendik aurrerako norabidea. Ez gara helmugara iritsi. Huts larria litzateke kontakizun ofiziala betiereko egitea.
Nahi gabe errudun bila nabil ni ere, badirudi ezin diogula horri muzin egin. Erru hitzaren bigarren esanahia eman nahiko nieke, baina, aipatu ditudan auzietan zigortutakoei. Adiera zaharra izanagatik ere, ederki laburbiltzen ditu ofizialki errua duten horiek. Erru 2. Iz. Adorea, kemena. Errudunak. Kemendunak. Adoretsuak.