Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

E. Elizondo

Salbuespena. Marino Aierrak eta bertze hainbat apaizek frankismoaren errepresioaren aurrean hartu zuten jarrera salbuespena izan zen garai horretako apaizen artean. Gehienek, eta Elizak berak, erakunde gisa, altxamendu militarrarekin egin zuten bat. Horixe nabarmendu du Javier Dronda historialariak, Aierraren liburuaren berrargitalpena oinarri hartu duen mahai inguruan.

Drondak bere tesia egin zuen Elizak 1931tik 1933ra bitartean Nafarroan bete zuen rolari buruz. Espainiako Bigarren Errepublikaren lehen biurtekoa da hori, eta funtsezko epea izan zen, historialariaren hitzetan, gizarteko hainbat arlotan hasi zituztelako aldaketak gauzatzeko prozesuak. Sekularizazioaren aldeko neurriak abiatu nahi izan zituzten, bertzeak bertze.

“Elizak, garai hartan, eragin handia zuen gizartean, eta ez zegoen galtzeko prest; bere pribilegioei eutsi nahi zien; ondorioz, sekularizazio prozesu horren aurkako kanpaina egin zuen”, azaldu du Drondak. Kanpaina horrek lortu zuen nahi zuen emaitza. “Herritar anitzek barneratu zuten Elizak zabaldutako mezua”. Drondak argi du 1936ko uztailaren 18koa ez zela izan estatua aldatzeko kolpe hutsa: “Asmo nagusia zen errepublika berriz ezartzeko aukera guztiak bazter uztea; errepublika ekar zezaketenak desagerraraztea”.

Olaetxearen zalantzak

“Altxamenduan zuzenean parte hartu zuen errateko daturik ez da, baina Elizak hasieratik txalotu zuen; gurutzadatzat jo zuen”, erantsi du historialariak. Garaiko Iruñeko artzapezpiku Marcelino Olaetxearen rola gogoratu du, zehazki: “Zalantzazko jarrera bat erakutsi zuen askotan. Halere, egia da gurutzadatzat jo zuela 1936ko gerra. Azaroan, berriz, errepresioa gelditzeko eskatu zuen. Ordurako hildakoen kopurua handia zen jada, baina eskaera hori egin zuen bakarra izan zen”.

Testuinguru horretan, Drondak garrantzitsutzat jo du Marino Aierrak errepresioaren aurka hasieratik erakutsitako jarrera. Kasedako apaiz Eladio Zelaiak ere altxamenduaren aurka egin zuen, eta fusilatu egin zuten. “Aierra ez zen Ebanjelioaz lotsatu; bai, ordea, hainbatek haren izenean egin zutenaz”.

Irudian: Txalapartako Jon Jimenez, Marino Aierraren alaba Teresa Aierra eta Javier Dronda historialaria.