“Deitzen duenari belarrira esaten diodana da poesia”

“Deitzen duenari belarrira esaten diodana da poesia”

Kattalin Barber

Kultur kudeatzailea da Kati Leatxe Aristu (Ekai, Longida, 1966). Kulturgintzan hamaika saltsatan ibilia da, eta Karekin Kultura proiektua gidatzen du orain, Agoitzen. Bartzelonan sortutako Poesia de Emergencia izeneko egitasmoaren boluntarioetako bat ere bada. Sinplea da funtzionamendua: 659 861032 telefonora deituz gero, poema bat errezitatuko dizute. Euskaraz ere irakurtzen ditu poesiak Leatxek.

Nola ezagutu zenuen poesia egitasmoa?

Kultur arloan aritzeagatik ezagutu nuen. Edu Bernal egitasmoaren sortzailearekin lan bat egin nuen Bartzelonan, eta proiektuaren berri eman zidan. Fede Nietorekin batera, abian jarri zuen 2018ko apirilean, Bartzelonan. Izugarrizko egitasmoa iruditu zitzaidan, eta boluntario moduan parte hartzen hasi nintzen, duela urtebete. Ni ez naiz poesiazale amorratua baina egitasmoa gustuko dut.

Boluntarioen lana da zuena. Nola antolatzen zarete sakelakoarekin?

Linea bakarra dago, eta lau gailu. Doako zerbitzua da. Ni hasi nintzenean, bi sakelako zeuden bakarrik. Bat Bartzelonan zegoen, eta bestea Agoitzera ekarri nuen. Orain, estatu mailako iparraldeko eremuko koordinatzailea naiz ni. Asturiasen boluntario talde bat eratu zen, eta sakelakoa bidali nien. Sakelakoak boluntarioen artean pasatzea da asmoa. Esan didatenez, egitasmoaren webgunearen bidez, Nafarroako pertsona batzuek interesa agertu dute egitasmoan parte hartzeko. Koordinatzen ibiliko naiz ni. Hemendik bi astera, gutxi gorabehera, jasoko dut berriro sakelakoa. Boluntario askok izena eman dute, baina laguntza ekonomikoa behar dugu, gailu gehiago erosteko, linea ordaintzeko eta sakelakoak leku batetik bestera bidaltzeko. Ez dugu laguntzarik, ezta irabazirik ere.

Zer-nolako poesiak irakurtzen dituzu zuk?

Boluntario bakoitzak erabakitzen ditu irakurriko dituen poesiak. Badaude beren poesiak irakurtzen dituzten boluntarioak ere. Nik ez ditut olerkiak sortzen, eta gustuko ditudan egileenak hartzen ditut. Orain egitasmoak beste tamaina bat hartu du, eta ardura sentitzen dut. Euskaraz irakurri izan dut nik, euskal kultura zabaltzeko asmoz. Adibidez, Joxean Artzeren Txoria txori eta Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea. Kontua da ez dakigula nondik deitzen duten, eta egin izan dudana da euskaraz poema laburra irakurri, eta ondoren erdaraz egin. Horrez gain, izugarri gustatzen zaizkit Gloria Fuertes eta Wis?awa Szymborska. Eskualdekoa den Maitina Gutierrezen poemak ere irakurri izan ditut. Castillo Suarez ere gogoko dut, eta harenak ere irakurri ditut. Nik oso ongi pasatzen dut, eta hunkitu egin izan naiz poesiak errezitatzen. Egun osorako poesia bat aukeratzen dut.

Deian ez da elkarrizketa sortzen telefonoaren bestaldean dagoenarekin. Bakarrik olerkia errezitatzen duzu?

Hori da. Norbaitek deitzean, besterik gabe bertso batzuk errezitatuko ditut, poemaren izenburua zein den esan, eta egilearen izen-abizenak. Ondoren, eskegi. Ez da bestearekin elkarrizketa sortzen, baina pentsatu dut aurrerago euskaraz ariko naizela esanen diedala deitzen dutenei, eta horrela aukera izanen dut olerki luzeagoak botatzeko. Ez nau kezkatzen, baina pentsatzen ari naiz zein litekeen modurik egokiena deitzen duen edonork ulertzeko, eta oreka hori bilatu nahian nabil.

Zenbat dei jasotzen dituzue egunean?

Sakelakoa eman zidatenean, dei gutxi jaso nituen, baina, ondoren, elkarrizketa bat argitaratu zuten hedabide batean, eta oihartzun handia izan zuen. Telefonoa sutan dago. Hainbeste dei jasotzen ari garenez, azkenaldian ez dago denborarik guztiei erantzuteko. Boluntarioen lana da gurea. Orain, adibidez, elkarlana dago Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinema Jaialdiarekin, eta beldurrezko poesiak irakurtzen ari dira.

Jendearengana poesia gerturatzea da asmoa?

Badaude momentu batzuk poesiarako, eta beste toki batera eramaten zaitu olerkiak. Bakoitzak erabakitzen du zer-nolako poesiak irakurri: alaiak, tristeak… Inoiz ez dakizu zer eragin ahal duen bestearengan poesiak.

Zergatik uste duzu deitzen duela jendeak? Badago poesiaren beharra, edo izan liteke etenaldi bat egunerokoan?

Pentsatzen dut badagoela jendea deitzen duena bitxia delako. Beste batzuek, olerkiak gustatuko zaizkielako eta jakin-mina dutelako. Kuxkuxeatzeko ere deituko dute. Errepikatzen dutenak olerki zaleak izanen dira. Aldi berean, uste dut hau egiten dugunok erromantikoak garela, erromantiko izatea bere osotasunean eta zentzu zabalenean ulertuta. Normalean, beti lotzen dugu olerkia tristura edo bakardadearekin, baina nik askotan bertso alaiak aukeratzen ditut, poza eta itxaropena adierazteko. Hori ere badelako poesia. Aspaldian ideia nuen olerkia oso kontu estua eta serioa zela, intelektualek egiten zuten hori. Orain horrela ez dela badakidanez, nik ere azaldu nahi diot munduari hau ez dela intelektualen gauza bat. Poesia beste gauza bat dela aldarrikatu nahi dugu.

Kasu honetan, deitzen duenari espresuki belarrira esaten diodan gauza bat da poesia. Nire ustez, horrek bilakatzen du berezi. Une horretan zuri bakarrik xuxurlatzen dizudala poesia belarrira. Gizona edo emakumea den, ahotsaren tonua, gaztea edo heldua, gaia… Horrek guztiak eragiten dizkizu sentsazio desberdinak.