Etenik izan ez duen bidea

Etenik izan ez duen bidea

Edurne Elizondo

Puntako mendizalea izateaz gain, bazuen ardura eta jardun bat mendialdean ikusten zuen jendearen bizi baldintzen inguruan”. Iñaki Otxoa de Olzaren anaia Pablo Otxoa de Olzak erran zituen hitz horiek, iaz, BERRIAn, mendizalearen heriotzaren hamargarren urteurrena bete zenean. Kirolari nafarra hil zenetik, haren familiak sortutako SOS Himalaia fundazioa ari da mendizale horrek bukatu ezin izan zuen lana egiten.

“Mendiak eman ziona hangoak lagunduz eskertu nahi izan zuen Iñakik”. Horixe nabarmendu du fundazioko kide Elena Sagasetak. Hamargarren urteurrena ospatu berri du SOS Himalaiak, asteburuan Izaban egindako ekitaldi baten bidez. Bat egin duten mendizale eta herritar guztien babesa eskertu du Sagasetak, baina onartu du datak “zerbait mugitu” diola barruan. Izan ere, Otxoa de Olzak hasitako lana egiten ari da fundazioa, mendizalea Annapurna mendian (8.091 metro) gelditu baitzen azken espedizioan. “Gogorra da Iñaki gurekin ez dela onartzea”.

Duela 11 urte zendu zen. Bost gau 7.400 metroan pasatu ondoren, 2008ko maiatzaren 23an hil zen. Horia Colibasanu mendizale errumaniarrak eman zion zoritxarreko albistea familiari. Colibasanu Otxoa de Olzarekin egon zen ia azken unera arte. Nafarrak garuneko lesio larria zuen, eta biriketako edema. Ueli Steck mendizalearen ondoan eman zuen azken hatsa; Steck igo zenean baino ez zuen laguna utzi nahi izan Colibasanuk. Suitzarrak emandako botikek piztu egin zuten mendizalea hasieran, baina ezin izan zion eutsi. Annapurna mendiaren hegoaldeko horman geratu zen iruindarraren hilotza, betiko.

Otxoa de Olzak hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi izan dute haren senideek eta lagunek. “Guretzat handiegia den helburu bat zuen Iñakik: Himalaiak ukitzen dituen herrietan eskola bat, ospitale bat eta umezurztegi bat eraiki nahi zituen. Zendu zenean, asmo horiek betetzen ahalegindu behar genuela sentitu genuen, gure gaitasunaren arabera”, azaldu du Sagasetak.

Hainbat eskolatara material informatikoa bidaltzea izan zen SOS Himalaia fundazioak emandako lehendabiziko pausoetako bat. Poliki baina sendo hasi nahi izan zuten bidea. Helburu horrekin, zenbait etxe zaharberritzen ere hasi ziren fundazioko kideak. 2015. urteko lurrikarak Nepal astindu zuen orduan, eta sortutako larrialdiari aurre egiten saiatu ziren Otxoa de Olzaren senideak eta lagunak.

Ospitalea prestatzen

Langtang izeneko eskualdea izan zen kalte gehien izan zutenetako bat, eta han aritu ziren, batez ere, SOS Himalaiako kideak lanean. 183 familiaren etxebizitzak berreraiki zituzten, eta hemezortzi eskola konpondu. “Lan hori bukatuta, fundazioak Nepalen duen koordinatzaileak bertze proiektu bat hasteko aukera proposatu zigun, eta lanari ekin genion”, azaldu du Sagasetak.

Proiektua zen Seduwan herrian, Makaluren azpian, ospitale bat martxan jartzea. Gobernuz kanpoko erakunde batek hutsik utzitako eraikin bat bazen, eta erosi egin zuen SOS Himalaia fundazioak, egokitzeko eta ospitale bilakatzeko. “Hori da orain esku artean dugun proiektu nagusia”, nabarmendu du Sagasetak.

SOS Himalaiak ospitale bilakatu nahi duen eraikina. Irudia: SOS Himalaia.

Proiektu handia da, eta poliki-poliki ari dira urratsak egiten. Oraingoz, osasun etxe baten zerbitzua eskaintzen du eraikinak. “Ahal dugunean, asmoa da kardiologia unitate bat martxan jartzea, bai eta ebakuntza gela bat ere”, erantsi du fundazioko kideak.

Ospitalearen ondoan dagoen eskolan ere bertze proiektu bat garatzeko asmoa dute SOS Himalaiako kideek. Hirurehun haur hartzen ditu eskolak, eta denentzako hamaiketakoa prestatzen hasiko dira. Gainera, eguerdian han gelditzen diren 30 haurrei bazkaria emanen diete. “Sukaldari bat kontratatu dugu zerbitzu hori eskaini ahal izateko”. Herriko emakume bat ariko da, zehazki. “Bertako jendearen parte hartzea funtsezkoa izan da, hasieratik. Ospitaleko eraikina atontzeko lanetan hasieratik inplikatu dira”.

Elena Sagasetak joan den martxoan ezagutu zuen fundazioa lanean ari den tokia. Lehendabiziko aldiz joan zen. “Iñakik arrazoia zuela konturatu naiz; Himalaiak harrapatu egiten zaitu”.